Bost geltoki Urola bailaran

Uztarria.eus 2009ko eka. 10a, 14:06
Gaur (asteazkena) goizean aurkeztu dute 'Bost geldiagi historian' eskaintza turistikoa. Argazkian, bost zentroetako ordezkariak.

Bost geldialdi historian Urola Bailarako eskaintza turistikoa aurkeztu dute

Algorri, Zuloaga, Ekainberri, Loiolako Santutegia eta Trenaren Museoa dira geltokiak

Urola bailarako irudi eta eskaintza turistiko bateratua indartzeko helburuarekin, Bost geldialdi historian Urola bailarako eskaintza turistiko berria aurkeztu dute gaur, asteazkena, goizean Azpeitiko Tren Museoan. Proposamen turistiko bateratua da, Azpeitiko Trenaren Museoa eta Loiolako Santutegiaren, Zestoako Ekainberriren, Zumaiako Algorri Naturaren ezagutza etxearen, Zuloaga Museoaren eta Iraurgi Lantzenen elkarlanari esker abian jarri dena.

Urola bailaran zehar bost geldialdi dituen bidaia egiteko gonbitea luzatu nahi diete bisitariei, geldialdi bakoitzean historiako pasarte bat, pertsonaia esanguratsu bat edo aro bat ezagutzeko aukera izango dutelarik. Jesus Mugika Iraurgi Lantzeneko turismo teknikariaren arabera, "eskaintza turistiko bateratu bat eskaini nahi izan dugu. 20 kilometro barruan kokatzen diren bost zentro hauek bisitatuz, publikoari bidaia bat egiteko aukera eman nahi zaio zentzu bikoitz batean: alde batetik, bidaia geografikoa eta bestetik, historikoa".

Bost geldialdi historian barne turismoari zuzenduriko eskaintza da, "gertueneko eremu geografikoetatik egunpasa edo asteburu pasa datozen familia, bikotekide, lagun talde eta abarrei zuzendua". Jendearen fidelizazioa lortu nahi da, "berriro ere bost geldialdiak egin arteko bidaia hau betetzera bueltan etortzeko". Ikastetxe eta aisialdiko taldeentzat ere eskaintza aproposa dela adierazi du Mujikak.

Juanjo Aranburu Ekainberriko kudeatzailearen arabera, "aurrerantzean bost zentroen elkarlana mantentzea lortu nahi dugu, guztion artean beste proiektuetarako abiapuntuak sortzeko".

Zer ikus daiteke geldialdi bakoitzean?

  • Algorri, Zumaiako Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa: Lurraren historia harkaitzetan jasoa dago.
  • Ekainberri: Bailarako lehen gizakien aztarnak.
  • Loiolako Santutegia: XVI.- XVII. Mendeak eta San Ingnazioren bizitza eta legatua.
  • Trenaren Museoa: XX. Mende hasierako Industrializazio garaia.
  • Zuloaga Museoa: 98ko belaunaldia, artea eta XX. Mendea.