Azpeitia iruditan jaso nahi dute

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 10a, 13:06
Azpeitiaren garai bateko irudi bat.

Azpeitiko Argazki Elkarteak herriko fototeka osatu nahi du

Norbaitek argazkirik eman nahi badu, Udaleko Kultura Sailera joan behar du

Datorren urtean, Azpeitiari herri-gutuna eman ziotenetik 700. urteurrena beteko dela-eta, Azpeitiko Argazki Elkartea herritarren argazki zaharrak biltzen ari da: Azpeitiari buruzko ahalik eta fototeka zabalena osatzeko.

Argazki elkarteak, Azpeitiko eta inguruetako irudiak jasotzen dituzten argazkiak bildu nahi ditu, berriak edo zaharrak.

Dagoeneko hilabete batzuk badaramatza lan hori egiten, eta 700. urteurrena herritarrak argazki horiek ematera animatzeko aitzakia ederra izan daitekeela uste dute elkartekoek. Ondoren, bildutako argazkiekin erakusketa bat egiteko asmoa ere badute. Baina ez hori bakarrik, Azpeitiko Argazki Elkartekoen nahia, fototeka zabal bat osatzearekin batera, argazki liburu bat argitaratzea ere bai baita.

Azpeitiko fototeka osatzeko, ordea, ezinbestekoa dute herritarren laguntza. Jendeak etxean dituen argazki zaharrak bildu nahi dituzte. Fototekarako bildu nahi dituzten argazkiak mota askotakoak direla diote: zaharrak edo berriak. Gainera, negatiboak ere bilduko dituzte elkarteko kideek.

Argazkiak, Kultura Sailera

Norbaitek fototekarako argazkirik eman nahi badu, Udaleko Kultura Sailera (udaletxean, hirugarren solairuan dago bulegoa) joan behar du, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 15:00etara. Argazkiak, aurrena, Kultura Sailean jaso eta sailkatuko dituzte. Udaletxean argazkiak behar bezala zainduko dituztela azaldu dute, eta behin erakusketa egiten dutenean, berriro ere jabeari itzuliko dizkietela gaineratu dute.

Azpeitiko Argazki Elkarteak herriko kultur ondarea berreskuratzen laguntzera animatu ditu herritarrak. Azpeitiari buruzko fototeka txukun eta zabal bat osatuta, "historiaren zati bat berreskuratzen lagunduko dutelako herritarrek".