Igandean izango da Helduen Ibilaldi Neurtua inguruko mendietan zehar

Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 10a, 13:06

Aurten aurreneko aldiz bi ibilbide jarri ditu aukeran Lagun Onak Mendi Bazkunak, bat laburra eta bestea luzea

Aurrez izena eman daiteke, www.lagunonakmb.org helbidean

Aurten Lagun Onak Mendi Bazkunak bi ibilbide jarri ditu aukeran XIX. Helduen Ibilbide Neurturako: bat, luzea (49 kilometrokoa) eta bestea, berriz, laburra (28 kilometrokoa). Igandean izango da. Ibilbide luzeko partaideek goizeko 06:00etan irtengo dute herriko plazatik, eta, laburrekoek, 08:00etan. Hainbat herritarren eskariei kasu egin eta ibilbide laburra jarri dute mendizaleek. "Bi urtean behin antolatzen du Lagun Onak-ek helduentzako ibilaldi neurtua eta orain arte ibilbide bakarra egin da. Baina, luze samarra eta gogorra zela-eta laburra aukeran jartzeko eskatu izan digute". Beraz, aurten aukera berria izango da parte hartu nahi duten mendizaleentzako. "Horrela parte-hartzea sustatu nahi dugu", diote antolatzaileek.

Inguruko mendiak ezagutuz

Ibilaldi neurtuaren helburua, mendizaletasuna sustatzea eta inguruko mendiak ezagutaraztea dela diote mendizale elkartekoek. Parte hartzen dutenentzako janari eta edari postu ugari egongo dela adierazi dute mendizaleek: "Ibilbideak janariz eta edariz ongi hornituta egongo dira, beraz motxilak beteta eraman beharrik ez dago". DYAren laguntza ere izango da eta bukaeran parte-hartzaileei oroigarri bana emango diete.

Aurrez izena mendizale elkartearen webgunean eman daiteke, www.lagunonakmb.org helbidean; gaur da Internet bidez izena emateko azken eguna. Eta, igandean, ordu erdi lehenago irteerako tokira azaldu behar da. Parte hartzeko mendian federatuta daudenek 12 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 15 euro.

Kanpotik ibilaldi neurtura datozenentzako zerbitzu berri bat ere jarri dute aurten: bezperan Izarraitz pilotalekuan lo egiteko eta dutxa hartzeko aukera izango da.

Igandeko Helduentzako Ibilaldi Neurtua Xoxoteko aterpearen 25. urteurreneko ospakizunen baitan antolatu dute

XIX. Helduen ibilaldi neurtua

Ibilbide luzea

Luzera: 49 kilometro.

Gorabeherakoa: 5.378 metro.

Denbora kontrolak: Zortzi.

Edari eta janari guneak: Edariarenak zazpi eta janariarenak hiru.

Ordutegia: 06:00etan irteera izango da Azpeitian, herriko plazatik. 18:00ak bitartean egin beharko da ibilbide osoa. Bukaera ere herriko plazan izango da.

Ibilbidea: Azpeitia, herriko plaza; OƱatz; Urraki-Beizama; Ernio; Gazume; Lasao; Erlo; Xoxote; eta, Azpeitia, herriko plaza.

Ibilbide motza

Luzera: 28 kilometro.

Gorabeherakoa: 3.119 metro.

Denbora kontrolak: Sei.

Edari eta janari guneak: Edariarenak lau eta janariarenak bi.

Ordutegia: 08:00etan da irteera Azpeitian, herriko plazatik. 18:00ak bitartean egin beharko da ibilbide osoa. Bukaera ere herriko plazan izango da.

Ibilbidea: Azpeitia, herriko plaza; Arauntza; Etumeta; Lasao; Erlo; Xoxote; eta, herriko plaza.