Errioxako Marzola enpresa erostekotan dabil Biele

Uztarria.eus 2009ko eka. 9a, 20:06

Navarreteko lantegia hartzekodunen konkurtsoan dago joan den urtetik

Zuzendaritzen artean lortu dute salerosketarako aurreakordioa; langileek LET-aren baldintzei emango dioten erantzunean dago orain gakoa, Larioja.com egunkari digitalak zabaldu duenez

Azpeitiko Biele enpresa Errioxako Marzola (Marrodan y Rezola, SA) erostekotan dabil.

Larioja.com egunkari digitalean jaso dutenez, salerosketarako aurreakordioa lortu dute Bieleko zuzendaritzak eta Navarreten lantegia duen enpresaren arduradunek, baina Lan Erregulaziorako Txostenaren (LET) baldintzetan dago orain gakoa. Uztarria Bielerekin zein Marzolarekin harremanetan jartzen ahalegindu da, baina momentuz ez du erantzunik lortu.

Marzola hartzekodunen konkurtsoan dago joan den urtetik eta, aipatu Errioxako egunkariaren arabera, Bielek langile kopurua %30 murriztea eskatu du -14 langile kanporatzea-, enpresa erosteko. Errioxar enpresa zuzentzen duen hartzekodunen batzordearen gehiengoak -%78- baiezkoa eman die Bieleren baldintzei. Sindikatuek, berriz, begi onez ikusten dute enpresaren salmenta, baina guztiak ez datoz bat kaleratu beharreko langileen kopuruarekin: 14 izan beharrean 10 izatea eskatu du, esate baterako, hango UGT-k. LET-aren gaineko negoziazioak hasteko daude oraindik.

Marzola 1851n sortu zen eta Errioxako enpresa zaharrenetakoa da. Ardotarako mahats dolareak dira enpresaren produktu eta ikur nagusia, baina industriarako bestelako makineria ere ekoizten ditu.