Ostiraleko lehen azoka, "arrakastatsua"

Uztarria.eus 2009ko eka. 8a, 20:06
Jendeak harrera ona egin zion azokari joan den ostiralean (UDALA)

Baserritarrak gustura azaldu dira esperientzia berriaren hasierako emaitzarekin

Datorren ostiralean (ekainak 12), Slow food mugimenduarekin lotutako kata komentatua egingo da azokan bertan

"Arrakastatsua". Horixe da joan den ostiraleko azokan parte hartu zuten baserritarrek erabili duten hitza, hemendik aurrera ostiralero Azoka plazan gauzatuko den ekimenaren lehen esperientziaren balorazioa egiterakoan.

Astearteroko ohiko azokaz gain, bertako baserritarrek euren produktuak zuzenean saltzeko, eta jendeak hauek erosteko egokiera berria proposatu nahi dute ostiral arratsaldeko azokaren ekimena martxan jarri dutenek. Alde horretatik, ostiraleko lehen azoka egunak gustura utzi ditu baserritarrak, jende asko bertaratzeaz gain, agertu zirenak erostera joan omen zirelako. Gutxienez 250 lagun Azoka plazan izan zirela badakite behintzat, horixe izan zelako baserriko produktuekin osatutako otarraren zozketarako jaso zituzten txartelak. Otarra Nagore Aizpuru herritarrarentzat izan zen.

Ekimen osagarriak

Aipatu otarraren zozketa azoka egun berria bultzatu eta osatzeko prestatu dituzten ekimen osagarrietako bat da. Datorren ostiralean ere, 17:30etik 20:30era jarriko dituzte saltokiak Azoka plazan baserritarrek. Eta, 18:00etatik aurrera, Slow food deritzon mugimenduaren berri gertutik ezagutzeko aukera izango da, Azoka plazan bertan. Donostiako Morgan jatetxeko sukaldariaren eskutik, kata komentatua egingo da; azalpenekin batera, hantxe prestatutako pintxoak dastatzeko parada ere izango da.