2009ko udal aurrekontua onartu dute, oposiziokoen botoekin

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 5a, 21:06

Udalaren aurrekontu propioa 18.454.666,24 eurokoa da, iaz baino %18,76 gutxiago

Goi karguen ordainsaria kentzeko eskatuz emendakina sartu du oposizioak eta horregatik EAJ udal kontuekin ez dator bat

2009ko udal aurrekontua onartu du Udalbatzak; ezker abertzaleko zinegotzien, EAkoen eta Aralarrekoen bederatzi botorekin (bederatzi boto). EAJk kontra bozkatu du (zortzi), oposiziokoek aurrekontuari gehitutako liberatuen inguruko emendakinarekin bat ez datozelako; zortzi boto ditu EAJk. 2009ko udal aurrekontu orokorra 22.010.921 eurokoa da, eta Udalaren aurrekontu propioa 18.454.666 eurokoa. 2008 urte bukaerako udal aurrekontuarekin alderatuta %18,76 baxuagoa da aurtengoa. Gaur egungo egoera ekonomikoak baldintzatutakoak direlako. Baina, hala ere, hainbat inbertsiorekin hainbat egitasmo aurrera ateratzeko asmoa dute. Gehien igoko duten aurrekontu zatia Gizarte Zerbitzuen sailari dagokiona da: iazkoa baino %12,19 gehiago da.

Beheko koadroetan ikus daiteke udal aurrekontuen azalpena, zenbakitan, 2008koekiko alderaketa barne:

AURREKONTU OROKORRA ETA ENTITATE BAKOITZARENA
Aurrekontu orokorra22.010.921,24
Udala (aurrekontu propioa)18.454.666,24
Euskara Patronatua701.922,92
Kirol Patronatua974.522,60
Azpeitia Lantzen, SA2.772.455,00

UDALEKO GASTUEN AURREKONTUA DEPARTAMENDUKA


2008ko bukaerakoarekin konparaketa
Ogasuna eta Kontuak1.618.137,60%7,12
Hirigintza eta Ingurumena2.654.70,00-%62,35
Hezkuntza eta Gazteria729.792,20%4,06
Kultura eta Euskara952.452,92-%3,24
Kirolak759.022,60%1,22
Gizartekintza1.057.470,66%12,19
Langileria eta Antolakuntza5.423.384,75-%0,17
Festak597.360,00-%4,05
Zerbitzu Orokorrak eta Baserriak4.100.900,00%3,95
Alkatetza336.000,00-%40,28
Industria, Merkataritza eta Turismoa153.445,51-%4,32
Parekidetasuna72.000,00%0,00
GUZTIRA18.454.666,24-%18,76

2008ko AURREKONTUAREKIN ALDERATUZ
2008ko bukaerako aurrekontua22.714.868,55
2009ko jeitsiera 2008koarekin alderatuz-%18,76

INBERTSIOAK 2009an
INBERTSIOAK aurrekontu honetan2.967.612,90
Soreasuko urbanizazioa751.013.,29
2008tik txertatutako inbertsioak3.051.250,78
Herri mailako inbertsioetarako Estatu Fondoa2.487.392,99
Adostutako kreditu aldaketan inbertsioak468.000,00
GUZTIRA9.725.269,96

Liberazioen inguruan adostasunik ez

Atzo, osteguna, onartu zuten ekaineko ohiko udalbatzarrean aurtengo Udal aurrekontua; azken urteen aldean berandu. Aurreko hiru urteetan, esaterako, urtea hasi aurretik onartu zituzten udal aurrekontuak.

Aurrekontua bozkatu aurretik, oposiziokoek aurrekontuen gainean emendakina aurkeztu zuten, goi karguei (kasu honetan alkateari, hura bakarrik dagoelako liberatuta) orain artekoa ordaindu eta hemendik eta urte bukaera arteko diru zatia kentzeko eskatuz. Oposiziokoen asmoa, liberatuen kontuan adostasunera heldu, eta gero kreditu aldaketa bidez goi karguen ordainsarietarako dirua bideratzea da. Emendakinak, baita ere, goi karguetako ordainsarietatik kendutako dirua beste hiru inbertsioetara bideratzea jasotzen du: Betharrametako hirigintzako lanetarako; oktogonoan igogailua jartzeko; eta, San Agustinerako.

Emendakina onartu ondoren, udal aurrekontua emendakina gehituta onartu zuten. Hori ere, oposiziokoen aldeko botoekin, eta EAJk kontra bozkatuta..

Batzuekin ados, besteekin ez

Julian Eizmendi alkateak udalbatzarrean esan zuenez, bi hilabetetan jardun dute udaletxean aurrekontuak aztertzen, eta EAJk aurkeztutako zirriborroa Udaleko batzordeetan eztabaidatu dute. Horrez gainera, oposiziokoek adostutako proposamenak ere batzordeetan aztertu dituzte. Liberatuen inguruko emendakina izan ezik, oposiziokoen beste proposamenak euren aurrekontuan "txertatu" dituztela esan zuen.

Eizmendiren hitzetan, oposiziokoek udal aurrekonturako egindako proposamen batzuk "beharrezkoak" jotzen ditu EAJk ere: "San Martin Egoitzako laugarren solairua, oktogonoko igogailua eta Nuarbeko pilotalekua. Horiek administrazioen arteko elkarlana eskatzen dute eta ahalegin bat egin beharra dago". Beste egitasmo batzuk EAJren proposamenean jasota zeudela azaldu zuen alkateak, "baina izen propiorik gabe", hala nola: "Lan arriskuen prebentzioa, Eguneko Zentroa, San Agustin, pobreziaren aurkako programa, auzoetarako azpiegiturak eta garraio publikoa hobetzea".

Baina, oposizioak egindako proposamenekiko desberdintasun nagusiak hiru gaitan dituztela azaldu zuen alkateak: "Etxez etxeko laguntzan %10 gehitzean; Kultur Mahairako teknikariaren kontuan; eta Nazio Eraikuntzara bideratutako diru kopuruan". Baina, zalantzarik gabe, EAJko udal ordezkariek onartzen ez dutena liberatuei dagokien diru partida kentzea da.

Oposizioaren oharra

Bestalde, oposizioko alderdiek gaur prentsaurrean azaldu dutenez 2009an, oraindik Udal Gobernuan zeudela, Espainiako Gobernuaren laguntza herriko bost proiektu ahalbideratzeko erabili zuten. Eta, orain, aurtengo udal aurrekontuekin eta Udalak duen diru soberakinarekin hiru alderdiek hainbat proiektu onartu dute.

Hautetsi Independentistek, EA eta Aralarreko zinegotziek gaur eguerdian atzoko udalbatzarraren gainean eman dituzten azalpenak osorik jaso ditugu:

"Udal aurrekontuen edukia azaldu aurretik, garrantzitsua iruditzen zaigu udal aurrekontuez aparte oposizioak ahalbideratu dituen beste proiektuen berri ere ematea. Honela, oposizioak 2009an ahalbideratu dituen proiektu guztien azalpena egingo dugu, 2009an ahalbideratu ditugun proiektu guztien argazki osoa edukitzeko.

  1. Aurrena, 2009an urtarrlean oraindik udal gobernuan geundenean Madrilgo laguntzak baliatu genituen bost proiektu ahalbideratzeko. Alde batetik Sanjuandegi eta Garmendiko urbanizatzeko eraberritzeko proiektuak landu genituen; bestaldetik, Izarraitz frontoiko atarian haur parke estalia egiteko proiektua onartu genuen. Azkenik, Urrestillan haur eskola berreskuratzeko lokalen egokitzapena ahalbideratu genuen eta San Martin Egoitzako ataria eraberritzeko egitasmoa egin genuen. Proiektu hauen aurrekontua 2,4 milioi eurokoa da.
  2. Bestalde, aurrekontuetan eta Udalak duen diru gerakinarekin, hiru alderdiok hainbat proiektu onartu ditugu atzo hiru alderdiok onartu genituen aurrekontuetan. Lehenik eta behin, krisiak aurrekontuetan eragina izan badu ere, aurreko urtearekin alderatuz ohiko gastua ez da jeitsi. Alegia, Udalak ematen dituen zerbitzu eta laguntza desberdinen kopurua ez dugu murriztu. Honetaz aparte, hauek dira bultzatu eta onartu ditugun proiektuak:
    • Herrien arteko garraio publikoa hobetze aldera partida berezia onartu dugu. Gogoratu behar dugu, udal gobernuan geundenean, Diputazioak eta Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako udalek zerbitzua hobetzeko akordioa adostu zutela. Akordio horren arabera, adibidez, Azpeitia-Azkoitia artean autobus zerbitzua orduerdiro egongo litzateke. Itxuraz, akordio hori geldirik dago. Gure ustez ezinbestekoa da Udalak Diputazioari presioa egitea eta behingoz zerbitzu hobekuntza gauzatzea. Horretarako ezarri dugu aurrekontuetan partida berezi hau.
    • Kultur Mahaia ibilbide emankorra ari da egiten. 2009rako kudeaketa plana onartua du, baita aurrekontua ere. Bere lehentasunetan San Agustingo kultur aretoko kudeaketan zuzenean parte-hartzea proposatzen dute, teknikari baten bidez. Guk beraien beharrei 12.000 euroko diru-laguntzarekin erantzungo diegu. Bestalde, San Agustin bukatzeko ez dira gauza asko falta. Udal gobernuan geundenean aretoak behar duen ekipamendu audiobisualerako proiektua onartu genuen, Kultur Mahaiak egindako proiektua, hain zuzen. Orain zenbait xehetasun falta dira –aulkiak, teloia...–. Erabat bukatu eta martxan jartzeko behar den dirua jarri dugu udal aurrekontuetan.
    • Udaleko langileen artean lan prebentzioa bermatzeko partida berezitua jarri dugu, udal langileen segurtasuna bermatzeko.
    • Nazio eraikuntzari begira 75.000 euroko diru-laguntza jarri dugu, iaz udal gobernuan geundenean gastatu genuen berdina. Ikusirik administrazio desberdinak espainolen eskuetan daudela eta Euskal Herriaren eraikuntza lanean ari direnek oztoporik besterik ez dituztela jasoko, ezinbestekoa iruditzen zaigu dagokigun eremutik gure ekarpen xumea egitea eta nazio eraikuntzari gure laguntza ematea. Udalerriek eta herriek ez badugu laguntzen, nork lagunduko du bestela?
    • Auzoei begira ere partida berria ireki dugu, herri kaskoko zein kanpoko auzoentzako. Partida berezia jarri dugu tratamendu berezia eman behar zaielako. Azoen eraberritzea ezinbestekoa da auzoak bizirik nahi baditugu eta horretarako, besteak beste, azpiegitura eta zerbitzu egokiez hornitu behar ditugu. Auzoetan hainbat behar eta eskaera daude eta eskari hauek landu eta proiektu zehatzetan bilakatu behar dira. Proiektuak zehaztean partidaren handitzea eskatuko dute.
    • Behar sozialei erantzutea da hiru alderdion lehentasunetako bat, bai udal gobernuan geundenean , bai orain oposizioan. Horrela, norabide honetan hainbat partida jarri ditugu.
      • Alde batetik, San Martin Egoitzan 4. solairua egokitzeko obretarako 300.000 euro. Mojak iaz egoitzatik irten eta gero laugarren solairua hutsik dago. Beharrak gero eta gehiago direla kontuan izanik, solairu bat hutsik edukitzea luxu bat da eta ezinbestekoa da solairu hori egokitzea. Honekin batera ezinbestekoa ikusten dugu, bere ardura delako, Diputazioari ere presioa egitea, proiektu honetan ere bere ekarpena egin dezan.
      • Pobreziarako laguntza ere handitu egin dugu. Krisia dela-eta hainbat herritar oso egoera larrian daude. Eta garbi ikusten da Eusko Jaurlaritzak ematen duenarekin ez garela iritsiko. Beraz, behar gehiena dutenek laguntza duina jasotzeko, pobreziaren laguntzako partida Udaleko diruz osatu dugu.
      • Bestalde, zaharrei etxez etxeko zerbitzua hobetzeko partida handitu dugu, gure zaharrek etxean kalitatezko zerbitzua jaso dezaten.
      • Azkenik, Eguneko Zentrorako beste partida bat jarri dugu. Udal gobernuan Eguneko Zentroa Julian Elortzara aldatzea adostu genuen hiru alderdiok, EAJren "erretizentziarekin". Gaur esan dezakegu gure zaharrentzako eguneko zentro duin bat duela Azpeitiko herriak. Jada martxan dago Eguneko Zentroa. Falta diren zenbait gastu ordaintzeko partida jarri dugu.

    Eta bukatzeko, beste bi partida ere onartu ditugu. Alde batetik, kirol azpiegituren diagnostikoa egiteko partida jarri dugu. Egia da herriko zenbait kirol azpiegitura zaharkiturik gelditu direla –igerilekua...– eta eraberritzea eskatzen dutela. Azpiegitura handiak dira kirolekoak eta beraietan edozein obrak inbertsio handia eskatzen du. Honela, edozein inbertsiotan sartu aurretik ezinbestekoa ikusten dugu kirol arloan azpiegituren inguruan dauden beharrak eguneratzea. Betharramistetan ere hainbat egokitzapen egin beharra dago. Adibidez, kirolerako erabiltzen den ataria oso egoera kaxkarrean dago, bereziki saskibaloiko kantxak eta kanpoko dutxak. Eskola zein eskolaz kanpoko erabilera handia da espazio hauena, eta konpondu beharra dago.

  3. Madrileko laguntzaz eta aurrekontuez aparte, Udalak beste erakunde eta enpresekin baditu zenbait akordio eta hitzarmen. Hauek baliatu ditugu beste zenbait proiektu ahalbideratzeko.
    • Alde batetik Soreasuko urbanizazioa-aparkalekuak ditugu. Landetan egin diren zenbait poligono tarteko, Antzibar enpresarekin Udalak hitzarmen bat sinatua du. Horren ondorioz, obretan edota bestela diruz ordaindu behar dio 750.000 euro inguru. Hitzarmen hori baliatzea egoki ikusi dugu Soreasuko garajeen gainkaldea urbanizatzeko. Honela, jada bukatuta dauden aparkalekuak martxan jarriko genituzke eta alde zaharrari begira aparkaleku arazoari irtenbide bat emango genioke. Guztira 260 aparkaleku aterako genituzke. Hauetatik 40 aparkaleku inguru esleituta daude. Honela aparkaleku publiko pila aterako genituzke, eta orain horien erabilera zehaztu beharra dago. Bestaldetik, Soreasuko auzoari arnasa emango genioke gainkaldeko espazioa.
    • Bestalde, liburutegiaren handitzea, Kutxaren laguntzarekin. Liburutegia gaur egun Enparango eraikinean dago kokatuta. Eraikin hau Kutxarena da. Liburutegia kultur azpiegitura ezinbestekoa ikusten dugu, eta bai azpiegitura zein eskaintza aldetik asko hobetzeko dago. Espazio aldetik txikia ari da gelditzen eta handitzea ematea, ezinbestekoa. Aukera emango luke beheko solairua haur eta gaztetxoetara bideratzeko eta bigarren solairua gazte eta helduentzako. Solairu honetan dago kokatuta, baita ere, Konekta Zaitez informatika ikastaroetarako zentroa. 3. solairuari dagokionez, ikasteko leku bilakatuko genuke.
    • Eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordioa Urola Ikastolako aretoko obrak ahalbidetzeko. Obra hauekin lehen existitzen zen espazio bat aprobetxatuko genuke kirol erabilera anitzetarako ahalbideratuz. Finean, kiroldegi txiki bat aterako genuke. Udal gobernuan geundenean landu genuen proiektu hau eta orain gauzatuko da. Zati handiena Hezkuntza Sailak jarriko luke eta falta den beste zatia Udalak. Honela, bai eskola erabilerarako, bai eskola orduz kanpoko herriko kirol taldeen (Iraurgi SB, areto futbola...) erabilerarako azpiegituraon bat edukiko genuke. Proiektua martxan dago eta aurten gauzatuko da. Proiektu honekin saskibaloi eta areto futbolerako kantxa berriak lortuko genituzke, baita gimnasio bat ere. Hau guztia behar diren dutxa, biltegi, komun publiko eta abarrez hornituta joango zen.
  4. Aurrekontuetan sartu ez duguna
    • Soreasuko kultur auditoriorako partida

      Soreasuko kultur gunea (garageena aparte), 13 milioi eurotik gorako makroproiektu bilakatu zaigu. Eta orain ondorioak. Izugarrizko hipoteka ekonomikoa bihurtzen ari da udalarentzat. Oraindik ia 7 milioi euro falta dira obra bukatzeko. Eta kuestioa oso sinplea da. Soreasu bukatu nahi badugu datozen bi urtean udalak ezingo du beste ezer egin. Eta guretzat, oraindik eta gehiago krisi garaietan, hori luxu bat da. Behar sozialak gero eta handiagoak diren garaietan (zaharren beharrak, krisiaren ondorioak…) ezin dugu herritarren baliabide guztiak makroproiektu faraoniko honetara bideratu. Oraindik eta gehiago San Agustineko kultur aretoa aurten irekiko denean eta horrek kultur azpiegiturei arnasa emango dienean. Kultur Mahaian ere lehentasuna San Agustinen jarria dute. Beraz, zentra gaitezen hor.

    • Goi karguen ordainsariak

      Lehenik eta behin esan behar dugu guk zentzuzkoa eta beharrezkoa ikusten dugula udala kudeatzen dutenak liberatuak behar dituela eta ondorioz liberatuak onartzeko prest gaudela. Horrela jakinarazi diegu zuzenean udal gobernua hartu zuten momentutik. Kuestioa da liberazioarena antolaketa eta funtzionamenduko atal bat dela eta liberazioaz aparte antolaketa eta funtzionamenduari dagokionez, beste hamaika atal daude zehazteko eta onartzeko udalbatzaren bitartez. Eta honetaz guztiaz udalbatzan ez da proposamenik aurkeztu. Zain gaude. Adibidez lehen gobernu batzordean lau alderdiok geunden ordezkatuta eta hor onartzen ziren denen artean lizentziak. Orain alkateak beste alderdiak mespretxatu eta lizentziak “por decreto” ematen ditu. Udalaz kanpoko erakundeetan ordezkaritza nola izango den ez dugu eztabaidatu eta ez dakigu. Eta eguneroko funtzionamenduan hainbat erabakiren inguruan gehiengo demokratikoaren iritziari muzin egiten ari da berea inposatuz. Eguneroko funtzionamenduan demokraziaren arau nagusiak ari da urratzen oraingo udal gobernu berria eta hau benetan kezkagarria da. Liberazioena? Gu bihar bertan onartzeko prest gaude eta gure nahia da lehenbailehen egoera normalizatu batera itzultzea Azpeitiko Udala. Beraz gure borondatea eta nahia adierazi nahi dugu egoera hau gainditzeko. Errespetua bakarrik eskatzen dugu. Beraz udal gobernuari deia luzatzen diogu bihartik aurrera egoera hau gainditzeko bidea jorra dezan. Borondatea badago bidean topatuko gaitu. Hori da gure nahia.

Alkatearen oharra

Julian Eizmendi alkateak eta EAJren zinegotziak ere prentsaren aurrean agertu dira gaur, atzoko udalbatzarreko erabakien inguruko balorazioa egiteko. "Aurrekontuetan adostasuna lortzen saiatu arren, Azpeitiko herriak alkatea ere ez du izango liberatuta", esan du Eizmendik. Alkatearen azalpenak, hitzez hitz, hauek izan dira:

"Aurrekontuak adosteko prozesua martxoaren aurreneko hamabostaldian abiatu genuen, zirriborroak batzorde ezberdinetatik pasatu genituen, eta oposizioko hiru alderdiek euren ekarpenak egin zituzten.

Oposizioak egindako ekarpen guztiak sartu ditugu, nahiz eta batzurekin bat ez etorri. Jarrera hori izan dugu, koiuntura ekonomiko eta politiko honetan adostasuna lehenetsi dugulako. Nahiago izan dugu guztien adostasunean oinarritutako aurrekontuak onartzea.

Desadostasuna liberatuen kontuarekin izan dugu, oposizioak liberaturik ez izatea eskatu duelako. Atzoko plenoan alkatetzak proposatutako aurrekontuei aurkeztu zion emendakin hori oposizioak, eta guk kontra bozkatu arren,aurrera atera zen euren 9 botorekin. Antza, ez naiz "txintxoa", eta jarrera aldatzen badut irekita izango omen ditut berriro liberatua izateko aukerak.

Erabaki horrek zer esan nahi du:

  1. Herria eta alkatetza liberaturik gabe gelditzen dira. Azpeitiko neurriko herri bati, EUDELen arabera, gutxienez hiru liberatu tokatzen zaizkio (aurreko korporazioak 3,25 zituen). Azpeitiko Udalak, udalak demokratikoak direnetik (30 urte), beti izan ditu liberatuak. Eta orain hamar urtez geroztik, hiru gutxienez.

    EUDELen arabera, 2.000 biztanletik gorako udalerriek behar lukete alkatea liberatuta. Eta herriak daude, txikiagoak izan da ere, alkatea liberatuta dutenak.

  2. Orain arte ni bakarrik nengoen liberatuta eta beste biak negoziatzen saiatu naiz. Aurreko alkateak kobratzen zuen soldata bera kobratzen dut, hilean 2.000 euro neto. Orain ordainsari hori ere kendu egin didate, eta edozein herritarrek bezala diru sarrerak behar ditudanez, lehengo lanpostura itzuli beharko dut.
  3. Alkateak herriarentzat eta herritar guztientzat egiten du lana, eta orain alkatea liberatu gabe, nola egingo dira lan horiek? Liberatuta egon gabe ere, nik ahalegin guztiak egingo ditut alkate lanak ahalik eta ondoen betetzen. Diputazioko lana eta alkate eginbeharrak ahalik eta ondoen bateratzen saiatuko naiz.
  4. Guk uste dugu politikan gutxieneko batzuk errespetatu egin behar direla, eta horrelako jarrerek ez dute zentzurik. Erabaki horren zentzugabekeria agerian uzten duen datu bat: niri, alkateari, 0 euro ematea erabaki dute, eta Udaletik kanpoko kultur mahaiko teknikariari, berriz, lau hilabeterako, 12.000 euro, nik orain arte kobratu dudan soldataren pare".