Husna egin du Lagun Onak-ek La Nucian

Uztarria.eus 2009ko eka. 7a, 23:06

Partida gogorra jokatu du, baina ondo eutsi dio aurkariari

Neurketa ikusten 50 bat azpeitiar eta azkoitiar izan dira

Itzuliko partida hurrengo larunbatean izango da, Azpeitian, 18:30etik aurrera

Lagun Onak futbol taldeak Espainiako Bigarren B Mailara igotzeko pausoa eman du gaur (igandea) La Nucia (Alacant, Herrialde Katalanak) taldearen etxean, 0-0 egin dutelako. 19:00etan hasi da partida.

Partida gogorra izan dela adierazi diote Lagun Onakekoek uztarria.com-i. "Haiena talde gogorra da, jokalari altuak dituzte, korner ugari izan dugu kontra, buruz asko errematatu dute... Baina eutsi egin diegu". Epailearen lan "txarraz" kexatu dira Azpeitiko taldeko kideak, 28. minutuan Jon Orbegozori penalti "argia" egin dioten arren, arbitroak ez duelako adierazi.

Bi mila ikusle izan dira La Nuciako zelaian eta, haietatik, 50en bat azpeitiarrak eta azkoitiarrak ziren, Benidormen oporretan daudenak.

Lagun Onakekoek 21:30ak aldera hartuko dute herrira bueltatzeko autobusa, eta goizeko zortziak aldera iritsiko direla aurreikusi dute.

Hurrengo larunbatean Azpeitian jokatuko dute kanporaketako itzuliko partida: 18:30etik aurrera. Lagun Onakek hori gainditzen badu, beste kanporaketa bat irabazi beharko du igotzeko.

Lehengo astean zuzenean igotzeko aukera galdu zuen, Gimnastica Torrelavegaren aurka. Azkeneko unean garaipenak ihes egin zion.