Aimar Irigoienek Gipuzkoako txapela jantzi du hirugarrenez

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 28a, 11:05

Ostolazari, Izeta IIIa.-ri eta Izeta IVa.-ri gailendu zitzaien, baina ez zuen lortu iazko marka berdintzerik

Iaz egindako markatik altxaldi batera gelditu zen

Aimar Irigoien harri-jasotzaile gazteak hirugarren aldiz jarraian jantzi zuen Gipuzkoako txapela joan den igandean Legorretan. Eskualdeko lau harri-jasotzaile bildu zituen jaialdiak: Aimar Irigoien errezildarra, Joseba Ostolaza zestoarra eta Jesus Mari Iruruetagoiena Izeta III. nahiz Hodei Iruretagoiena Izeta IV. aiarrak aritu ziren norgehiagokan.

Errezildarrak guztira 85 altxaldi egin zituen probako hiru harriekin: 29 aldiz altxatu zuen bola, 33 aldiz koadroa eta 23 aldiz, berriz, zilindroa; guztira 9.612,5 kilo jaso zituen.

Aimar Irigoien iaz egindako markatik altxaldi batera gelditu zen; 9712,5 kilo altxatu zituen iaz, aurten baino 100 kilo gehiago. Bolari altxaldi bat gehiago emanez gero, 29 altxaldi beharrean iazko 30 eginda, berdindu egingo zuen iazko lana. Hala ere nahikoa izan zen Irigoienen ahalegina lehiakideak gainditzeko.

Joseba Ostolaza gelditu zen bigarren , 8.737,5 kilo altxatuta (iaz baino 200 kilo gutxiago). Atzetik, Izeta III.ak 8.400 kilo altxatu zituen (iaz baino 524,5 gehiago) eta azkenik, Izeta IVak, 8.037,5 kilo altxatu zituen (iaz baino 300,5 kilo gehiago).