EBA Ligan jarraituko du Lan Mobel Iraurgik

Uztarria.eus 2009ko mai. 25a, 11:05

Atzo, igandea, 76-82 galdu zuen Vila Joiosaren aurka

Denboraldian zehar etxean partidarik galdu gabe zegoen arren, Azpeitiko kiroldegian jokatu duten igoera faseko hiru partidak galdu egin ditu herriko saskibaloi taldeak

EBA Ligan jarraituko du Lan Mobel Iraurgik. Herriko saskibaloi taldeak ez du lortu EBA Ligatik LEB Brontze Ligarako igoerarako beharrezkoa zitzaion lehenengo postua. Atzo, igandea, 76-82 galdu zuen Vila Joiosa taldearen kontra.

Hirugarren eta azken partida zuen atzokoa Lan Mobel Iraurgik. Denboraldian zehar etxean partida bakar bat ere galdu gabe zegoen arren, Azpeitiko kiroldegian jokatu duten igoera faseko hiru partidak galdu egin ditu herriko taldeak.

Ostiralean jokatu zuten lehenengo partida, eta bi puntuko alde estuaz izan arren, galdu egin zuen Iraurgik (73-75) Santfeliuenc-en kontra. Larunbateko jardunaldian ere ez zuten lortu herrikoek Guadix taldea mendean hartzea, 85-82 galdu zuten. Larunbateko emaitzak utzi zituen Lan Mobelekoak mailaz igotzeko aukerarik gabe.

Atzo, igandea, etxeko taldea garaipenaren bila atera bazen ere, Vila Joiosakoak nagusitu ziren norgehiagokan eta eurek lortu dute LEB Brontze Ligarako txartela. EBA Ligan jarraitu beharko du Lan Mobel Iraurgik aurten behintzat.