Grebarekin bat egin dute langile gehienek, batik bat Urola bailaran

Urola Kostako Hitza 2009ko mai. 22a, 11:05
1. Azpeitian manifestazioa egin zuten atzo (osteguna) . 2. Erdi kalea atzo arratsaldean. 3. Poliuretanoz estali zituzten dirua ateratzako makinak.

Langileak kalera atera dira egoera ekonomikoa salatzeko eta, oro har, jarraipen handia izan du grebak eskualdeko herrietan

Azpeitian %90-95ekoa izan da jarraipena, ELAren esanetan

Krisi ekonomikoaren erantzuleak salatzeko eta langileen eskubideak aldarrikatzeko ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek atzorako greba orokorra deitu zuten eta, oro har, eskualdeko herritarrek bat egin zuten deialdiarekin.

Goiz-gozetik langileen aldarrikapenekin esnatu ziren asko eta asko, grebaren aldeko auto ilarak zeharkatu baitzituen hainbat herri. Hasiera batean zenbait saltoki eta kafetegi ireki bazituzten ere, itxi egin zituzten eguna pasa ahala eta oso bakanak izan ziren azkenean irekita jarraitu zutenak.

Sindikatuak gustura

Eskualdeko ELAko arduradun Zigor Gazpiok azaldu zuenez, eurak "oso gustura" daude lortu duten emaitzarekin. "Urola Kostan arrakasta izan du grebak. Azpeitia eta Azkoitia aldean enpresen %90-95ak greba egin dute. Kosta aldean, berriz, Zumaian GKN izan ezik gainontzeko enpresa gehienak itxita izan dira: Guaskor %100 itxi dute eta Xei, berriz, %75-80". Bestalde, Zarautzen bi enpresa handi nabarmendu direla zioen Gazpiok. "Lehenengoan, Bonbas Itur enpresan, tailerreko langileek greba egin dute baina bulegoetan lan egiten dutenak lanera joan dira. Trekun, berriz, 14 langilek egin dute greba eta gainontzekoak lanera joan dira".

Egunean zehar antolatutako ekimenek ere arrakasta izan zutela nabarmendu zuen Gazpiok. "Goizean 200 lagun inguruko taldea ibili gara kalean manifestazioan Zarautzen. Gainera, Maxi Eroski eizan zik, gainontzeko saltokiak eta tabernak itxi egin dituzte. Oro har argi ikusi da herritarrek bat egin dutela grebarekin. Gainera, eskualdetik jende ugari joan da Donostiako manifestaziora".

LABko Urola Kostako idazkari Aitzol Aristorenak grebaren balorazioa "ezinbestean positiboa" dela esan du. "Eskualdea greba eskatzen ari zen eta eremu pribatuan zein publikoan oso jarraipen ona" izan duela nabarmendu du, "are gehiago greba deialdia egin zenetik bai Gobernuaren eta administrazioaren aldetik, bai CCOO eta UGT sindikatuen aldetik jasan dugun boikot jarrera kontuan izanda".

Aristorenaren iritziz greba hau "inbertsio handia izan da langileen aldetik, patronalei eta administrazioari planto egiteko". Izan ere, administrazioek krisia nola kudeatu duten salatu du, "abantaila guztiak enpresarientzat baitira". Bere ustez, "krisian dagoena sistema kapitalista neoliberala bera da, eta eztabaida sozial eta ekonomikoak aberastasunen banaketan" zentratu beharko luke. "Greba hau eztabaida horretako aldarrikapenak nabarmentzeko mugarria da".

Hainbat bide

Grebak jarraipen zabala izan du, bai, eskualdean. Izan ere, gaur egun langile ugari egoera larria bizitzen ari da eta egoera horri aurre egiteko hainbat bide aukeratu ditu langile bakoitzak.

Urola Kostako Hitza-k jakin duenez, izan da Lana Erregulatzeko Txostena dela eta lan egin beharrik ez zuten arren, lantegian egun batez txostena ez aplikatzeko eskatu eta greba egitea erabaki zuen langilerik ere.

Bestalde, Getariako Indaux enpresan ere langileek greba egitea erabaki zuten eta Getarian azpimarragarria izan zen hori, bertako hainbat langileek jakinarazi zutenez, urte asko pasa baitira azken aldiz greba egin zutenetik.

Beste zenbait enpresetan, ordea, hainbat arrazoik bultzatuta lan egitea erabaki zuten langileek. Azpeitiko Azkue & Compañia enpresan, adibidez, Lana Erregulatzeko Txostenak 60 langileri baino gehiagori eragin die eta azken hilabeteetan hainbatek galdu dute lanpostua. Hala ere, langileek lantegia irekitzea eta grebarik ez egitea erabaki zuten bozketan. Antzeko zerbait gertatu da Zumaiako GKN enpresan ere; izan ere, lantegi honetan indar handia du CCOO sindikatuak.

Gorabeherak kalean

Bestalde, greba dela eta gorabeherak ere izan ziren eskualdeko zenbait tokitan. BHI Urola ikastetxeko zuzendari Juan Ignacio Larrañagak jakinarazi zuenez, Azkoitia-Azpeitia BHI-Urola ikastetxean, esaterako, piketeak sartu ziren goizean. Ikastetxeko langileek greba egitea erabaki zuten arren, 2. Batxilergoko ikasleak urteko azterketa orokorrak egiten ari dira aste honetan eta horretan ari ziren atzokoan ere. Larrañagaren esaneta, selektibitate azterketaren atarian dira ikasleak eta azterketa orokor horiek egitea «ezinbestekoa» da eurentzat. Ikasle taldea azterketa egiten ari zen bitartean ikastetxea irekita zela ikusi dute piketeek eta kanpoko ateetan kateak jarri dituzte eta eraikineko ateen zerrailetan txotxak sartu dituzte itsasgarri gogorrarekin, azalzuzendariak salatu duenez.