Zentsura mozioak Azpeitiko Udalera "ondorio larriak" ekarri dituela salatu du Azpeitiko ezker abertzaleak

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 30a, 11:04

EAJk "begien aurrean duen errealitate politiko-instituzioanala onartu gabe" jarraitzen duela kritikatu dute

"Gobernagarritasunaren inguruko kezka gabe" aurkeztu zuten zentsura mozioa

Azpeitiko ezker abertzaleak adierazi duenez, zentsura mozioaren eta EAJren jarreraren ondorioz "egoera larria bizi da Azpeitiko Udalean". Zentsura mozioaren ondotik, "bi herri ereduen arteko talkak bere horretan" jarraitzen duela esan dute, prentsa ohar bidez. Horrez gainera, EAJ alderdiak hartutako jarrera kritikatu dute: "EAJk begien aurrean duen errealitate politiko-instituzionala onartu gabe jarraitzen du. Bere interes politikoak eta ekonomikoak inposatu nahi ditu, herritarren interesak bazterrean utzita. Baita horretarako Udalbatzaren gehiengoaren gainetik pasatu behar badu ere. Eta, Azpeitiaren eraikuntzan estrategikoak diren urratsak geldirik egon behar badute ere". Ezker abertzalekoen ustez, hori da Azpeitiko Udalean dagoen "benetako arazoa".

Aurrekoen lana "moztu nahi"

Azpeitiko Udalean zentsura mozioa aurkeztu zutenean "jelkideak bat eginda" ageri ziren eta helburu bakarra aurreko Udal Gobernua egiten ari zen lana bertan behera uztea zuten, ezker abertzaleak salatu duenez: "Ezker abertzalea alkatetzan izanik eta hiruko gobernuaren eskutik Azpeitiko Udala egiten ari zen lana moztu nahi zuten; Azpeitia berriaren eraikuntza oztopatu nahi zuten. Herriko beharrak zutabe izango dituen herri eredu parte-hartzailea kendu nahi zuten paretik". Hori helburu, "ezker abertzalea baztertzeko indar espainolisten estrategiarekin bat eginez gauzatu zuten" zentsura mozioa. Ezker abertzalearen ustez, EAJkoek zentsura mozioa aurkeztu zutenean "gobernagarritasunaren inguruko kezkarik gabe" egin zuten.

Orain, joan den astean, Azpeitiko EAJ alderdiko ordezkariek prentsaurrekoan esandakoen harira, ezker abertzaleak zera esan du, besteak beste: "Akordioetara iristeko borondate eza leporatu digute, gezurra argudio bezala erabiliz". Izan ere, EAJk orduan akordio politikoaren alde dei egin zuen, Etxebeltz-Izarrako egoerari konponbidea emateko.

EAJkoekin izandako bilerak

Diotenez, ez da ezker abertzalearen nahia beste alderdi politikoen "barne mailako arazoez" aritzea, "baina kasu honetan, EAJko ordezkariek beraiekin izandako harremanen inguruko informazio nahasiak publikoki aireratzeari ekin dioten neurrian, zenbait kontu argitzera behartuak gaude".

Ezker abertzaleak dioenez, Udalean ezker abertzalea EAJren udal ordezkariekin "etengabe" biltzen jardun da. Gainera, Azpeitiko EAJ alderdiko ordezkariek ezker abertzalea bilera batetara deitu zituzten, Udaleko gobernagarritasunaren inguruan hitz egiteko. Bertan, jelkideek Udaleko egoeraren inguruan zuten kezka agertu zietela diote: "Udaleko arazoak bideratzeko EAJk duen ezintasuna eta beraien udal ordezkariekin duten konfiantza eza helarazi ziguten". Horrez gainera, Udaleko gai garrantzitsuenetaz hitz egiteko, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako kideekin osatutako "mahai paralelo bat" martxan jartzeko proposamena egin zieten EAJkoek.

Udalean, Udalaren kudeaketaz

Ezker abertzaleak, "barne mailan" hitz egin eta gero, EAJri erantzuna bidali ziola esan du. Ezker abertzalearen iritziz, Udalaren kudeaketaz erabakiak hartzeko Udalak baditu bere organoak eta hor alderdi guztiek ordezkaritza dute: "Ala Julian Eizmendi alkatea eta bere udal taldea ez ote dira bada EAJko ordezkariak? EAJk bere barnean liskarrak baditu, EAJren arazoak dira, ez besteonak, eta beraz beraiek konpondu beharko dituzte". Hori dela eta, Udaleko markoak ordezkatzeko EAJ alderdiak egin nahi duen saiakeran ezker abertzaleak ez duela parte hartuko esan dute: "Orain arte bezalaxe, herri eraikuntzan arloz arlo ditugun proposamenak Udalean defendatzen jarraituko dugu".

Bestalde, nahiz eta Udalean "egoera zaila bizi", ezker abertzaleak "Azpeitia berriaren eraikuntzan buru-belarri" jarraitzen duela esan dute.