LAB sindikatuak salatu duenez, langileria ari da bere gain hartzen krisialdiaren erantzukizun osoa

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 28a, 11:04
LABeko eskualdeko ordezkariak eta aldi baterako LET-ren eraginpean dauden lantegietako LABeko ordezkariak. (Nerea Uranga)

LABen arabera, krisi ekonomikoaz eskuartean dituzten datuen balorazioa "oso kezkagarria" da

Gaur (asteartea) Nazioarteko Lan Osasunaren Eguna da; elkarretaratzea deitu dute 19:00etan, anbulatorio aurrean

Urola Kosta eskualdea ere bete-betean jo du krisi ekonomikoak eta langileria horren eragina zuzen-zuzenean jasaten ari da, LABen arabera. "Esku artean ditugun datuen balorazioa oso kezkagarria da", dio. Nazioarte mailan sor- tutako finantza krisiak ekonomia errealari eragin dio eta, ondorioz, erantzukizun osoa langileek hartu behar izan dute bere gain, sindikatuak salatu duenez.

Krisiaren aurretik lan harremanetan "prekarietatea" baldin bazegoen, orain egoeraren eraginez "atzerapauso nabarmenak" ematen ari dira: "Langileen kaleratzeak, Lana Erregulatzeko Txostenak (LET edo ERE), soldaten jaitsierak edo izozteak, malgutasuna areagotu izana...". Izan ere, sindikatuaren arabera, krisialdia hasi zenetik ondorio denak langileria ari da "ordaintzen". Eta agintariek hartutako neurri guztiak "kapital errenten aldekoak" dira, "alegia, krisia sortu dutenen alde egiten ari dira: bankuei diru laguntza publikoak emanez, sozietateen gaineko zerga jaitsiz, irabazi enpresarialen gaineko zerga desagerraraziz, enpresarientzako kreditu linea bereziak bultzatuz...".

Beste eredu baten beharra

LABekoen iritziz, krisialdi honen testuinguruan bestelako hausnarketa edo eztabaida sustatu behar litzateke, "aberastasunaren banaketan oinarritutako beste eredu sozioekonomiko baten inguruko eztabaida, alegia. Eta, nazio bat garen heinean, erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida". Eztabaida ez ematearen arrazoia, agintarien eta "elite" ekonomikoaren interes eza da: "Ez zaie inolako aldaketarik interesatzen, soilik irabaziak izaten jarraitu nahi dute".

Horren harira, joan den otsailaren 19an LAB sindikatuak aurkeztutako dokumentua ekarri dute gogora: "Orduan Euskal Herriko langile borrokan fase berria irekiko duen ofentsiba sindikala abiatzea proposatu genuen". Han, besteak beste, sindikatu abertzaleen arteko elkarlan sindikalaren beharra azpimarratu zuten. "Dokumentuan egiten den proposamenaren helburua, aldaketa politikoaren eta sozialaren beharra indartzea da, gehiengo soziala aldaketaren alde dagoela erakutsiz".

Grebarako deialdiaz

Gauzak horrela, sindikatu abertzaleek maiatzaren 21erako deitutako grebaren arrazoiak "garbiak" direla diote: "Batetik, gertatzen ari den lan suntsiketari erantzuteko da, baita agintari politikoak krisia kudeatzeko erakusten ari diren eredua salatzeko ere; eta, bestetik, aldaketa politikoaren eta sozialaren prozesua indartzeko, modu horretan erabakitzeko eskubidearen bitartez aberastasunaren banaketan oinarritutako beste eredu sozioekonomiko bat eraiki ahal izateko". Aldarrikapenak honakoak direla esan dute: Enplegu suntsiketarik ez; Aberastasuna modu justu batean banatu; Erabaki sozioekonomikoetan parte-hartzea; eta, Eredu sozioekonomikoa Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea.

Gaur, elkarretaratzea

Baina grebarako dei egin duten egunaren aurretik beste bi hitzordu garrantzitsu daude. Batetik, gaur Nazioarteko Lan Osasunaren Eguna izanik, LABek lantegietan batzarrak deitu ditu eta eskualde mailako elkarretaratzea deitu du 19:00etan Azpeitiko anbulatorioaren aurrean. Izan ere, hazkunde ekonomikoa izan den urteetan lan istripuak "lakra ikaragarria" izan direla salatu du. "Garai horretan enpresariek egin ez dutena orain are eta gutxiago egingo dutela garbi dago, krisi ekonomikoa aitzaki hartuta". Lan istripuen "errealitate lazgarri hori" desagertzeko, borrokatzen segitzea beste biderik ez dela gelditzen gaineratu dute.

Bestetik, maiatzaren 1eko Langileen Nazioarteko Eguna, "berezia" datorrela diote. Langileon borrokaz aldaketa hartu dute lelo, "horrek garbi azaltzen baitu krisiari erantzuteko gakoa non dagoen". Egun horretan herrialde mailako manifestazioak deitu dituzte. Donostiakoa 12:30ean abiatuko da Boulebarretik. Urolatik autobusa antolatu dute bertara joateko: Azpeitian 11:15ean Etxe Zuritik irtengo da. Hainbat tabernetan izena emateko orriak jarri dituzte eta etzirako eman behar da izena.

Krisialdi ekonomikoa Urola kostan LAB-ek emandako datuen arabera

Urola Kostan langabeziak %44,87 egin du gora, iazko otsailetik aurtengo otsailera. 2008ko otsailean 2.077 langabetu zeuden eskualdean eta 3.009 2009ko otsailean. Azpeitian, 2008 otsailean 362 langabetu zeuden; 2009ko otsailean, berriz, 592.

Sektore guztietan eragina. "Krisialdiak hasieran altzariaren eta egurraren sektoreari eragin zion, baina orain siderometalurgiari ere eragiten dio. Sektore guztietan du eragina". Azpeitian:

  • Industria sektorean: 127tik 261era.
  • Zerbitzu sektorean: 183tik 240ra.
  • Eraikuntza sektorean: 16tik 53ra.

Batik bat gizonezkoei. Urola Kosta eskualdean krisialdia batik bat gizonezkoei eragiten ari da, "krisialdiaren aurretik populazio aktiboaren gehiengoa gizonezkoa zelako. Krisi aurretik emakume gehiago zegoen langabezian". Azpeitian:

  • Gizonezkoak: 131tik 302ra.
  • Emakumezkoak: 231tik 290era.

Adinaren arabera. Langabezia kopuru altuena 25 eta 44 urtekoen artean dago Urola Kostan.

Eskualdeko lan gatazkak

Irailetik gaur egunera artekoak:

Itxitako enpresak.

  • Talleres Bhir (Azpeitia). 9 langile.
  • Urpemak (Zumaia). Enpresa likidatzeko prozesu konkurtsalean. 45 langile.
  • Fermin Elola (Zarautz). 10 langile.

Behin betiko Lana Erregulatzeko Txostenak (LET), banaka kaleratutakoak eta lana uztera bultzatutakoak:

  • Grumal (Azpeitia). 28 langile lana uztera bultzatuta.
  • Astigarraga Kit Line (Azpeitia). 11 langile lana uztera bultzatu eta beste 4 kaleratu dituzte.
  • Azcue y Cia (Azpeitia). LET -ren bidez 35 langile kaleratuta, eta banaka beste 16 kaleratze.
  • Ernio Sukaldeak (Azpeitia). 3 langile lana uztera bultzatu dituzte.
  • Marmoles Landeta (Azpeitia). Jarraipenezko konkurtsoa. LET-ren bidez 10 langile kaleratuko dituzte.
  • Treku altzariak (Zarautz). 3 langile kaleratuta.
  • Plastinka (Aizarnazabal). 9 langile lana uztera bultzatu dituzte.
  • Silam (Aizarnazabal). 8 langile lana uztera bultzatu dituzte.
  • Evai (Aia). 5 langile kaleratuta.
  • Kitmar Mobel (Aia). Lana Erregulatzeko Txostenaren (LET) bidez 25 langile kaleratuta.
  • Mendiaraiz (Zumaia). 9 langile kaleratu dituzte.
  • Industrias Artzubia (Zestoa). 7 langile kaleratuta.
  • GKN Driveline (Zumaia). 24 langile kaleratuta.
  • Sammic (Azkoitia). Adostuta 10 langile kaleratuta, urtebete pasatu ondoren enpresara itzultzeko akordioa egin dute.
  • Estampaciones Gipuzkoa (Aia): 9 langile kaleratuta.

-Xey (Zumaia). LET-ren bidez 23 langile kaleratuta eta 9 langile erretiro aurreratua hartuta.

  • Agirrezabala (Zarautz). Likidaziozko konkurtsoan. Behin betiko LET-ren bidez 15 langile kaleratuko dituzte.

Behin-behineko Lana Erregulatzeko Txostenak.

  • Azcue y Cia (Azpeitia). 152 langile.
  • Talleres Arzamendi (Azpeitia). 15 langile.
  • Industrias Mecanicas Oñaz (Azpeitia). 37 langile.
  • Caldereria Eder (Azpeitia). 12 langile.
  • Irunena (Azpeitia). 60 langile.
  • Muebles Lasao (Azpeitia). 9 langile.
  • Industrias Artzubia (Zestoa). 18 langile.
  • GSB Aceros (Azkoitia). 350 langile.
  • GKN Driveline (Zumaia). 350 langile.
  • Mesell Productos (Zarautz). 12 langile.
  • Estampaciones Gipuzkoa (Aia). 32 langile.
  • Thalassa Gestion (Getaria). 6 langile.
  • Carpinteria Azkue (Zarautz). 9 langile.
  • Angel Arrona (Aizarnazabal). 5 langile.
  • Evai (Aia). 14 langile.
  • Obe Hettich (Aizarnazabal). 86 langile.
  • TS Fundiciones (Zestoa). 278 langile.
  • Sammic (Azkoitia). 105 langile.
  • Goialde (Zestoa). 40 langile.

Lana Erregulatzeko Txostena eskatuta dutenak, Eusko Jaurlarirtzako Lan Delegaritzaren erabakiaren zain daudenak.

  • Indaux (Getaria). 200 langile.
  • Xey (Zumaia). 160 langile.