Julian Bereziartua: "Zientzian izugarri aurreratu da mende erdian, baina gizatasunean ez"

Berria 2009ko api. 27a, 15:04

Mende laurden bete du Euskadi Irratian medikuntza aholkuak ematen

'Berria'-k azpeitiarra elkarrizketatu du

Mende laurden bete du Euskadi Irratian medikuntza aholkuak ematen, prentsako aldiroko kolaborazioei ere ez die etenik eman. Zirujau ogibidea utzia dauka jada, osasun sare publikoan milaka ebakuntza egin ostean. 1968an Azpeitia jaioterrian ireki zuen kontsultari eusten dio, halere.

Kontsulta atarian, zezen kutxa bat. Kontsultan bertan, kapotea. Zezenak baino osasun hobea daukala dirudi, eta ezagun du zenbait gairi toreatzailearena egingo diola, pasea joz. Julian Bereziartua Barrenetxearen (1935, Azpeitia) plazara sartu gara.

Aurten kontsulta utziko ote duzun esana daukazu. Esandakoari eutsi egingo al diozu?

Neuk ere ez dakit. Lagatzeko ideia nuen, bat ailegatzen delako bere mugara, baina... Jendea etorri egiten baita.

Eta beti esan izan duzu zeure burua ondo ikusi artean segituko duzula.

Benetan, bai. Ideiak ondo ez ditudala lotzen ikusten badut, berehala utziko dut. Gauza bera egin nuen zirujau postuarekin.

Oraingoa lasaiagoa ere bada, ordea. Zirujau lana ez al da, izan ere, kontsulta honetako mediku lana baino dezente estresagarriagoa?

Bai. Hemen gauza txiki batzuk egiten ditut, kisteak eta horrelako gauza txikiak direla… Baina beste lanarekin, noski, nik ia behin ere ez dut lo lasai egin gauez. Beti esnatzen ibili izan naiz. Baldin badauzkazu, eduki ditudan bezala, 20-50- 70 gaixo nireak ospitale batean operatuta… kezkatu egiten da bat. Zorionez, suertea izan dut, eta 40 bat mila pertsona, txiki eta handi, operatu, eta inor ez zait hil. Zoratzen nago horrekin. Hori oso garrantzitsua da niretzat.

Medikuak oso mediatikoak zarete gaur egun, telesailetako protagonista ere bazarete. Zer diozu horri buruz?

Ez zait gustatzen. Medikuaren rola izugarri aldatu da. Gehiegi, gauza onerako. Ez nago ados. Orain dela 80 urteko erretratuak-eta ikusi, eta 21 urterekin karrera bukatzen zuten medikuak ikusten dituzu. Kapela Kapela, tximeleta eta bibotearekin zeuden ordurako. Garai hartako harrokeria hura ez zait ondo iruditzen, haiek karrera egiten zutelako, ez euren merituengatik, etxean dirua zeukatelako baizik. Gero ailegatu da beste txanda bat medikuak azken pelikulan ere agertu behar omen duenekoa. Eta medikuaren lana zerbitzu bat da. Asko jota, gaixoak agertu behar luke, ez medikuak. Gure lanak ezkutuagokoa behar du izan. Egin bai, baina hainbeste harrokeriarik gabe. Beste batek ordaintzen digu. Zientzian izugarri aurreratu da mende erdian, baina gizatasunean ez, eta horrek ematen dit pena.

Hamaika gaitz berriren izenak ere ikasi behar izan ditugu mende erdian. Ez ote gara ari guztia patologizatzen, orokortasunetik irteten den oro gaitz bihurtzen?

Arrazoi guztia ematen dizut. Edertasun kontuetan nabarmena da hori. Orain hortz guztiak eta barre guztiak berdinak dira. Medikuntzak muga bat dauka: pertsonaren osasuna hobetu, gustura bizi dadin saiatu, eta bizitza luzatu, osasunarekin ahal bada.

Errealitatean, ordea, zientziak gure arazo guztiak konponduko dituen ustea da nagusi.

Bai, bai. Batzuek piluletan bakarrik sinesten dute, eta beste batzuek justu kontrakoan. Konfiantza gabezia egon badago. Zergatik sartu dira tartean alternatibo deitzen ditugun hainbeste sendabide? Medikuntza bat dago, eta horren lana sendatzea da, modu batera edo bestera. Kontrol batekin funtzionatu behar luke. Kontrol hori galdu egin da, ordea.

Medikuntza ofizialetik kanpoko aholkuak ematen ere entzun izan zaitugu irratian eta. Unibertsitatetik bai, baina herri jakituriatik edaten ere ikasi duzula, alegia. Medikuak jakituria biak izatea ez ote litzateke onena?

Zalantzarik gabe, baina unibertsitateetan ez dute erakusten beste jakituria hori. Orain dela urte batzuk, lagun batek —medikua eta zirujaua da— idatzi zuen bihotzekoen aurka onak direla ardo beltzaren taninoak. "Oso ondo egin duzu, neu baino ausartagoa zara", esan nion. Kontrarioak berehala azalduko zitzaizkiola ere erantsi nion. Halaxe izan zen. Gure artean inbidia handia ere badago, zoritxarrez.

Etxeko lehendabiziko medikua zara, gero etorri dira gehiago. Gurasoen tabernan hazia zara zu. Nolatan mediku izateko asmoa?

Gure etxean denok egin behar genuen lana dirua ateratzeko, ez zegoelako. Gurasoek lana izugarri egiten zuten; bi arrebek eta neuk, ahal genuena. Gurasoek bazuten ametsa, eta neuk ere ikasi egin nahi nuen. Aitari esan nion albaitari ikasiko nukeela, ganaduarekin asko ibiltzen ginen eta. Esan zidan — eta asmatu ere bai!—: "Begira, Julian, albaitari egiten bazara, onenera jota, beti ukuiluan hartuko zaituzte. Mediku egiten bazara, txarrenera jota, sukaldean hartuko zaituzte". Argi izan nuen ordutik.

Zerk erakarri zintuen lehenik, ordea?Lehen aipatu dituzun mediku kapeladun haien itzalak, agian?

Ez, ez, ez. Anatomia asko gustatu izan zait beti. Eta gaixo artean egotea. Horregatik, ospitaleetan zazpi urtez bizi izan nintzen, jan, lo eta lana bertan eginez. Ezkondu bezperan irten nintzen ospitaletik, traste guztiak hartu eta leihotik. Emaztegaia ere Donostiako Erresidentziako lantokian —edo bizitokian— ezagutu zenuen. Noski! Erizaina da, eta ospitalean ari zen lanean hura. Gaixoren batek sendagiria jasotzean propina ematen bazigun, bi edo bost duro, ospitaleko beste gazteei esan, autobusa hartu, Parte Zaharrera jaitsi, zerbait hartu, eta buelta. Horrela gozatzen ginen.

Halere, ikasketa hasiera oso gogorra egin omen zitzaizun, euskaragatik.

Arazoa zen hemen ia ez zela mediku euskaldunik. Inori ez zenion euskararik entzuten. Geu izan ginen lehenak. Batzuetan kontuz ibili behar zen, gainera, euskaraz hasteko. Zorionez, orain gauzak asko aldatu dira. Askotan entzuten dut garai hartan ezin zela euskaraz egin. Ni Landetakoa naiz, eta beti euskaraz hitz egin dut! Kolegiora joan nintzenean, erdaraz ikasi behar izan nuen, eta barre ederrak egin zituzten nire lepotik, baina euskaraz egiteari ez nion utzi.

Kontsulta hau 1968an ireki zenuen. Balorazio orokorra egitekotan, zer esango zenuke?

Ondo joan zait. Medikuek begirunea izan didate, gaixoek ondo tratatu naute, eta gustura nago.

Ordutik, gaixoen ezaugarriak asko aldatu al dira?

Bai. Garai bat izan da medikuarengana inor joaten ez zena, ordaindu egin behar zelako. Gero, tailerrekoei aseguruak egiten hasi ziren. Baserritarrek ez zeukaten halakorik. Gero, baserritarrek aseguru moduko bat lortu zuten, baina ez gaitz guztietarako. Pixkanaka, denentzat heldu zen asegurua. Ordukoa ikusi, eta "horrela egonda nola liteke medikuarengana ez joatea?" galdetu izan da, baina nork bere patrikatik ordaindu behar zuela ahaztuta. 1941ean, kontatu zidatenez, baserri handi batetik Donostiako medikuari hots egin zioten. Baserrietara oinez joan behar izaten zen orduan; bere autoarekin herrira etorri, gaixoa ikusi, eta 14 mila erreal kobratu omen zituen. 3.500 pezeta! Hori gaur egun 3 mila euro kobratzea bezala da! Orduan, jendeak ahal zuen bezala egiten zion aurre gaitzari.

Kontsulta honetan gehien tratatu duzun gaitza barizeak direla irakurri dizugu Uztarria aldizkariak zuri buruz argitaratu duen liburuxkan.

Hala da. Ahal dugun neurrian arindu bai, baina ezin dugu esan gehiago irtengo ez direnik. Hemen gehienak herentziakoak dira.

Herentziaz ari garenez, hitz egin dezagun determinismoaz. Alkoholismoaren, gizentasunaren, homosexualitatearen eta abarren geneak aurkitu dituztela entzutean, zer pentsatzen duzu?

Lautik hiru baino gehiago gezurra direla. Genetikak badu eragina, baina gezur asko esan dira hor. Guztia ez dago geneetan, ezta hurrik eman ere. Geneen mapa egingo dute, bai, baina mapa eginda ere, gaitzak nola azaltzen dira lehen baino gehiago orain? Zergatik? Janagatik? Edariagatik? Arropagatik? Askotan, ez dakigu. Eta oraindik ezagutzen ez ditugun faktoreak azalduko dira. 40 urte hauetan izugarri aldatu da medikuntza; neuk ikusi dut alde izugarria. Zergatik? Zuztarren bila joan delako. Hor heldu behar diogu, baina gehiegikeriarik gabe.

Eta ez dugu ahaztu behar osasun arloan interes asko daudela jokoan. Industria farmazeutikoaren pisua, esaterako, handia da.

Mundu bat da hori. Opari asko egiten dira. Lotsagarria da. Ni neure lanarekin erabat maiteminduta nago, gustura egiten dut lana oso, baina esan beharra dago gauza asko baditugula konpontzeko, eta bat, alde horretatik.

Erosketak egitera joaten zarenean apaletan bateko bitaminak, besteko mineralak, hango triglizerido eta auskalo zer osagarri gehiagoz ondutako esneak-eta ikusita, zer pentsatzen duzu?

Ez dagoela eskubiderik hori egiteko. Zu esnea erostera zoaz, aizu! Medikuak esan beharko dizu zerbait behar duzun, ezta? Eta behar ez baduzu, zertarako hartu? Medikuaren eta gaixoaren arteko harremanetan sartzea da hori, nire ustez. Baina horrela jarrita gaude...

Minbizia eta halako gaitzak gero eta ugariago direla esan ohi da. Kondaira ala egia da, zure ustez?

Egia dela pentsatzen dut. Orain dela gutxi arte pentsatzen nuen ez zeudela gehiago, baizik eta gehiago aurkitzen genituela, dauzkagun makinengatik eta. Orain, ordea, gaur egun duela 40 urte baino koloneko minbizi gehiago dagoela uste dut, esate baterako. Zergatik? Hor dago koska. Hartzen dugun zerbaitengatik? Urte gehiago bizi garelako? Ez dakit. Bestetik, urte askoan hartu ditut Getaria, Zarautz eta Oriokoak kontsultan, eta larruazaleko minbizia asko ugaritu da eskualde horretan. Urteekin ikasi dut jendea gauza dela bere burua zigortzeko, estetikagatik, besteak baino gehiago daukala erakusteagatik.

Gastronomiari buruz ere sarritan entzun eta irakurri zaitugu. Mediku ikuspegitik, betiere... Jatenduguna garela uste al duzu?

Ez, hori gezurra da. Gezur asko dago janari kontuetan. Mediterranioko dieta, esate baterako, beste gezur bat da, nire ustez. Interes batzuei erantzuten die.

Bizipoza ez ote da botika askoren pareko sendagaia

Dudarik gabe. Gustura bizi dena hobeto eta gehiago bizi da.

Txertoak hartzen al dituzu?

Bai. Egun batean hitz egiteko elkartu ginen, mahai-inguru batean, eta entzuleen artetik batek galdetu zuen: "Txertoak bai ala ez?". Mahaian kide nuen lagun belarzale bat, eta hark erantzun zuen lehenengo: "Nik horrenbeste seme-alaba dauzkat, ez dut bakarra ere txertatu". Nire txanda heldu zenean, esan nuen: "Nik, txertoak bai. Zeu zarelako zeure familiaren arduradun". Eta Ospitale Probintzialera joan nintzenean ipini zidaten lana aipatu nuen: ohe txikiak ez, moldeak prestatu behar nituen poliomelitisa pasatu zuten umeak han jartzeko. Bi hilabetekoak, lau hilebetekoak, sei hilabetekoak... igeltsuzko 40 molde egin nituen ume haiek sartzeko. Hurrengo urtean ez zen poliomelitisak jotako umerik igo ospitalera, alerik ere ez! Sabin-Salk txertoa azaldu zelako polioaren kontra. Orduan, nik baietz esaten diet txertoei.

Txerto guztiei, ordea?

Beti ez dute on egiten, baina hamarretik bederatzitan bai. Orain badira txerto batzuk ezertarako balio ez dutenak.

Zezenketa zalea zara. Zer dituzu maiteago, zezenak ala toreatzaileak?

Nik aldatu egingo nuke zezenketen planteamendua. Ez dago zertan zezena hil. Nik festa askoz arinagoa egingo nuke. Fisikoki zigortu gabe. Eta oso zalea naiz. Beharko. 37 urte egin dituzu Azpeitiko zezen-plazan mediku lanetan. Bai, eta gustura beti. Toreatzaileak, normalean, oso umilak dira. Jende jatorrarekin topo egin dut. Tartean dabilen harro eta alproja batzuekin ere bai.

Orduan, maiteago dituzu zezenak toreatzaileak baino.

Nire afizioa zezenak dira, eta nire ofizioa toreatzaileak artatzea izan da.