Udalbiltzako auzipetuek auzia bertan behera uzteko eskatu dute

Uztarria.eus 2009ko api. 27a, 11:04

Miren Odriozolak eta Lander Etxeberriak 22 auzipetuen izenean prentsaurrekoa eman zuten, larunbatean, Oiartzunen

Asteazkenean sei urte beteko dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzaren kontrako operazioa agindu zuenetik

Azkeneko albistea (hilak 28, 10:02): Azpeitian elkarretaratzea egingo dute bihar (asteazkena), udaletxe aurrean, 19:00etan

Udalbiltzaren auziak oinarri juridikorik ez duela salatu zuten auzipetuek larunbatean Oiartzungo udaletxean emandako prentsaurrekoan. Datorren asteazkenean sei urte beteko dira Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Udalbiltzaren aurkako polizia operazioa agindu zuenetik. Data hori gogora ekartzeko, elkarretaratzeak egingo dituzten herrietan. Azpeitian, 19:00etan elkartuko dira bihar (asteazkena), udaletxe aurrean.

Baltasar Garzonek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 2003ko apirilaren 29an agindu zuen Udalbiltzaren aurkako operazioa. Espainiako Poliziak Udalbiltzako zortzi kide atxilotu zituen eta erakundearen egoitzak miatu eta zigilatu. Udalbiltza "ETA-Ekin zuzentzen duen egituran" sartua zegoela argudiatu zuen.

Miren Odriozola auzipetu azpeitiarrak eta Lander Etxebarriak hitz egin zuten 22 auzipetuen izenean. Odriozola Udalbiltza batzorde eragileko kide eta Nazioarteko Batzordearen arduraduna zen. Larunbateko prentsaurrekoan egokiena auzia artxibatzea litzatekeela adierazi zuten eta haien aurkako auzia ez dela justizia kontu bat azpimarratu zuten. "Nazio eraikuntzan eta udalen arteko elkarlanean egindako urratsak geldiaraztea zen eta da haien helburua".

Odriozolak gogora ekarri zuen epaiketa "laster izatea espero" dutela. Joan den irailaz geroztik, epaiketaren deiaren zain daude auzipetuak. Joan den irailean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, denera, 240 urteko kartzela zigorra eskatu zuen 22 auzipetuentzat.

Informazio gehiago: Berria, Oarsoaldeko Hitza