Frantzian preso, epailearen aurretik noiz pasatuko zain dago Xabier Etxeberria

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 25a, 13:04

Martxoaren bukaeran, Espainiako Auzitegi Nazionalak euroagindu bidez Espainiaratzeko eskatu zuen

Seysseko kartzelan daukate behin-behineko espetxealdian

Xabier Etxeberria Txapi azpeitiar presoari Frantziako Justiziak ezarritako zigorra betetzen zuen egunean jakinarazi zioten Espainiako Auzitegi Nazionalak euroagindu bidez Espainiaratzea eskatu zuela. Orain, Frantziako Justiziak eskaera horren aurrean zer erabaki hartuko zain dago, behin-behineko espetxealdian Seysseko kartzelan (Frantzia).

Epailearen aurretik apirilaren 10ean pasatu behar zuen presoak, baina bigarren abizenarekin deskuidatu egin zirela-eta epailearen aurretik pasatzeko hitzordua atzeratu egin diote, bi aldiz. Etxeberriaren senideek Urola Kostako Hitza-ri azaldu diotenez, "atzeratu egin zioten akatsagatik, eta herenegun, apirilaren 23an, jarri zioten bigarren hitzordua. Baina orduan ere ez zuten pasatu epailearen aurretik, eta berriro atzeratu dute hitzordua. Astearterako jarri diote hurrengo hitzordua". Ondoren, epaileak erabakia ematerako astebete inguru pasatuko dela uste dute, eta Espainiaratzeko eskaera onartuz gero, hiru egunetara Espainiaratuko dutela. Maiatzaren bukaerarako Madrilera eramango dutela aurreikusten dute presoaren senideek. "Azken batean, euroaginduaren kontua tramite huts bat da", diote.

Frantzian zigorra beteta

Xabier Etxeberria duela sei urte atxilotu zuen Frantziako Poliziak, ETArekin lotura zuelakoan. Orduz gero Frantziako hainbat kartzelatan eduki dute preso. Martxoaren 31n bukatu zuen Frantziako Justiziak ezarritako zigorra. Espainiara kanporatua izateko arriskuaren aurrean, martxoaren 3tik 31ra bitartean gose greban egon zen Etxeberria, Mureteko kartzelan (Frantzia). Martxoaren bukaeran Azpeitiko Udalak kezka agertu zuen Xabier Etxeberriaren egoeraren inguruan, ezohiko udalbatzarrean.

"Lehen baino okerrago"

Gaur egun, Espainiako auzitegiak egindako eskaeraren inguruan epaileak erabakia hartu bitartean, Seysseko kartzelan daukate behin-behineko espetxealdian. Senideek adierazi dutenez, orain egoera "kaskarragoan" dago: "Seysseko kartzela Muretekoa baino okerragoa da, deirik ezin du egin, eta bisitetarako oztopo ugari jartzen dute"

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Seyssen (Frantzia) preso. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org