Mikel Labaka 2011ra arte Realean

Uztarria.eus 2009ko api. 23a, 16:04
Mikel Labaka.

Klubak kontratua bi urtez luzatzea erabaki du eta berak ere irabazia zeukan luzapena

Duela bost urtetik dago Realeko lehen taldean

Realak eta Mikel Labakak (1980, Azpeitia) gaur (osteguna) jakinarazi dutenez, honek 2011ra arte segituko du klubean, lehen taldean. Jokalariak aurtengo ekainera arteko kontratua zeukan, eta 2011ra luzatzeko ondorengo baldintzetako bat bete behar zen: azkeneko bi denboraldietan gutxienez partiden %60tan jokatzea eta klubak kontratua luzatu nahi izatea. Bi baldintzak bete dira.

"Oso gustura nago, hauxe nahi izan dudalako beti, hemen segitzea", esan du Labakak.

2004ko urriaren 24an egin zuen debuta Realeko lehen taldean, Mallorcaren aurka, Espainiako Lehen Mailan zirela. Aurreko bi urteetan Real Unionen eta Murtzia Hirian aritu zen. Aurretik, Realeko harrobiko ekipoetan.

Realeko datuen arabera, lehen taldearekin 133 partida jokatu ditu eta zortzi gol sartu.

Mikel Aranburu da Realeko lehen taldeko beste azpeitiar jokalaria, eta hark ere 2011ra arteko kontratua dauka.