Azpeitiko hiru saskibaloi jokalari, Espainiako txapeldun Euskadirekin

Uztarria.eus 2009ko api. 23a, 12:04
Ezkerretik eskubira, Maite Galdos, Ainhoa Bereziartua eta Mirari Ugarte.

Maite Galdosek, Ainhoa Bereziartuak eta Mirari Ugartek Espainiako selekzio autonomikoen arteko minibasket txapelketa irabazi dute

Cadizen (Espainia) jokatu zuten txapelketa, apirilaren 4tik 8ra

Maite Galdos, Ainhoa Bereziartua eta Mirari Ugarte azpeitiarrek, infantil mailako Espainiako selekzio autonomikoen arteko minibasket txapelketa irabazi zuten joan den astean, Euskadiko selekzioarekin. Gipuzkoako hiru neskak bakarrik hartu zuten parte Euskadiko selekzioan, hirurak azpeitiarrak.

Txapelketa apirilaren 4tik 8ra jokatu zuten, San Fernando (Cadiz, Espainia) herrian. Aurtengo txapelketan kadete eta infantil mailako 450 gaztek hartu dute parte, guztiak 10 eta 12 urte bitartekoak. Taldeak bi multzotan sailkatuta zeuden: multzo berezian -lehenengo maila- eta multzo preferentean -bigarrengo maila-. Azken multzo horretako taldeen helburua finala irabaztea da, lehenengo mailara igotzeko eta multzo berezian jokatu ahal izateko. Helburu horixe lortu zuten, azkenean, Euskadiko infantil mailako neskek.

Euskadiko selekzioak lau partida jokatu zituen txapelketak iraun zituen lau egunetan. Euskaldunek Extremadura, Errioxa eta Galiziako selekzioen aurka jokatu zuten; azken hauen aurka luzapenean irabazi zuten. Preferente A multzoko aurreneko tokian bukatu ondoren, B multzoko lehenaren aurka jokatu zuten finala; Nafarroaren aurka, hain zuen. Garaipenari esker, Euskadiko selekzioak bigarren mailatik lehenengo mailara igotzea lortu du.

Euskadiko mutilek ere lan ona egin zuten Cadizen eta lehenengo mailari eustea lortu zuten. Horien artean zegoen Amets Amubieta azpeitiarra.