Sanjuandegiko III. Mendi Lasterketa maiatzaren 1ean izango da

Uztarria.eus 2009ko api. 15a, 12:04
Joan den urteko mendi lasterketa. (Nerea Uranga)

Aurtengo zirkuituak 15 kilometro izango ditu

Dagoeneko izena eman daiteke lasterketan parte-hartzeko

Sanjuandegiko III. Mendi Lasterketa maiatzaren 1ean izango da. Bide Ona Elkarteak hirugarren urtez antolatzen duen lasterketa da, Xeye atletismo taldea, Gipuzkoako DYA eta Ikasberri Kirol Elkartearen laguntzarekin.

Goizeko 11etan hasiko da lasterketa. 15 kilometroko zirkuitua izango da eta hasiera zein amaiera Jose Antonio Agirre plazan emango zaio. Antolatzaileek adierazi dutenez, anoa-postuak egongo dira ibilbidean zehar eta helmugan.

Berrikuntzak izango dira aurten. "Aldaketarik nabarmenena irabazleen artean izango da. Garaikurraz gain, dirua izango dute: 100, 50 eta 25 euro lehen, bigarren eta hirugarren iristen direnentzat, hurrenez hurren", adierazi dute antolatzaileek. Horrez gain, parte-hartzaile guztientzat oroigarriak izango dira.

Sanjuandegiko III. Mendi-Lasterketan izena emateko epea zabalik dago. Aurretik izena ematen duenak 5 euro ordaindu beharko ditu eta egunean bertan, berriz, 8 euro. Lasterketan parte-hartzeko baldintza bakarra 18 urte betera izatea da. Udal Polikiroldegian (943813069), Igerilekuan (943814121), Aitzaki Kirol dendan (943150738)edo Herri Krossako webgunean (www.herrikrossa.com) eman daiteke izena.

Parte-hartzaile ugari izan dira aurreko bi urteetan. Gizonezkoen artean 2007.urtean Enekoitz Aizpurua azpeitiarrak eraman zuen txapela. 2008an, berriz, Zumarragako Juango Igarzabalek lortu zuen lehen postua. Nesken artean ere izen handiko korrikalariak izan dira Sanjuandegin. Nerea Amilibia aiarrak irabazi zuen lasterketa 2007an eta 2008an, Onintza Zeberio izan zen irabazlea.

III. Mendi Lasterketa

Lasterketaren eguna: Maiatzak 1, ostirala.

Irteera: Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazatik,11:00etan.

Ibilbidearen luzera: 15 kilometro.

Izena emateko tokiak:

  • Aitzaki kirol dendan.
  • Udal igerilekuan.
  • Igerilekuan.
  • www.herrikrossa.com webgunean.