Korrika 16k omenaldia egingo dio Joxe Lizasori gaur

Berria.info, uztarria.com 2009ko api. 2a, 15:04
Bixente Lizaso -Joxeren semea-, Andoni Egaña eta Xabier Euzkitze, gaur, beilategi atarian.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak haren omenez lekukoa eramango du

20:38 aldera iritsiko da herrira euskararen aldeko lasterketa

Gaur (osteguna) iritsiko da Korrika 16 Azpeitira, 20:38ak aldera, eta Joxe Lizaso zenari omenaldia egingo diote. Erniarraitz Bertsozale Elkarteak eramango du herrian lekukoetako bat, eta gogoan izango dute Lizaso.

Bertsolaria atzo hil zen, 82 urte zituela. Hileta elizkizuna gaur izango da Azpeitiko parrokian, 19:30etik aurrera.

Gaur goizean beilategian jende asko bildu da. Haien artean ziren, besteak beste, Iñaki Murua bertsolari eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria, eta Andoni Egaña eta Xabier Euzkitze bertsolariak.

Joxe Lizaso erraustu egingo dute eta Txillarramendi auzoan botako dituzte hautsak.

Igandean bukatuko da Korrika

Igande honetan bukatuko da euskararen aldeko lasterketa, Gasteizen. Hara joateko autobusak antolatu dituzte, eta Azpeitian honako lekuetan eman daiteke izena: Etxe Zuri, Korrale, Orkatz, Intz, Zuhatz, Txarrantxa eta Lokotxen.

Gaurko egitaraua Azpeitian

16:15. Korrika Txikia abiatuko da igerilekuaren aurretik.

16:50. Korrika Txikiari ongietorria egingo diote plazan.

Ondoren. Korrika 16ko mezua irakurriko dute.

19:00. Triki poteoa plazatik.

21:00. Txotxa udaletxe azpian (janaria norberak eraman beharko du).