Joxe Lizaso bertsolaria hil da

Berria.info, uztarria.com 2009ko api. 1a, 19:04
Joxe Lizaso, Bordatxo tabernan.

Orain dela bi aste aldaka batean ebakuntza egin zioten, etxean zegoen dagoeneko; 82 urte zituen

Bihar (osteguna) izango da hileta elizkizuna, 19:30ean, parrokian

Argazki bilduma (Berria)

Joxe Lizaso bertsolaria hil da gaur (asteazkena), arratsaldean. Duela bi aste aldaka batean ebakuntza egin zioten, etxean zen dagoeneko. Ezustean zendu da gaur, siestara joan denean. Aldakako arazoak izan arren, egunero-egunero egiten zuen paseoa herrian, hau eta hura agurtuz. Bihar (osteguna) izango da hileta elizkizuna, parrokian, 19:30etik aurrera.

.82 urte zituen arren, oraindik jarduten zuen bertsotan, jende askoren artean ez bazen ere. 64 urte egin ditu plazaz plaza kantari. 17 urterekin egin zuen lehen plaza Akilino Izagirre Zepai-rekin, Gaintxurizketan (Lezo, Gipuzkoa); Manuel Olaizola Uztapide-ren ordez joan behar izan zuen. Dena den, behin baino ez zen atera txapelketan: 1959an, Eibarren, Gipuzkoako I. Txapelketako finalean.

Xebaxtian Lizaso bertsolariaren aita zen eta Beñat Lizaso bertsolariaren aitona -Xebaxtianen semea da Beñat-. Hirurek batera kantatu izan dute; esaterako, 2005ean Zerainen (Gipuzkoa).

Joxek berak, baina, ez zuen bertsolaritzarekiko zaletasuna etxean hartu. "Jaio nintzen lekuan, Enparan kalean, hazteko zortea izango banu, ez nintzateke bertsolaria izango seguru-seguru, etxean eta kalean ez zegoelako bertso girorik. Herrian ez zen saiorik antolatzen, 1936an, bederatzi urte nituela, Euskal Herriko Txapelketako saio bat Azpeitian jokatu bazen ere. Orduan bertsolaritza ez zen, gainera, hain maitea ere. Zeozer zekiena arlotetzat jotzen zen. Bertsolaria ez zegoen ondo ikusita, hortaz", esan zion 2001ean Uztarria Azpeitiko herri aldizkariari.

Azpeitian bertso giro apartekorik eduki izan duen tabernarik egon bada, hori Landeta izan da; eta, hain justu, Joxe Lizasok berak eduki zueneko garaian. 30 urte zituela hartu zuen, 1957an, Juli Iraola andrearekin batera (urte hartan ezkondu ziren). Bereziartua familiari hartu zioten, eta hamabi urtean eduki, 1969ko Santu Guztien egunean taberna dena erre zen arte; hantxe kiskaldu ziren hormatan zeuden argazki handiak. Taberna baino gehiago jatetxea zen hura, jatetxe handia, "egunero ehun lagunetik gora bazkaltzen zutelako", Joxeren seme Xebaxtianek esan izan duenez. Normalean, ordea, afalostean egoten zen han bertso giroa, hango mahai luzearen inguruan. Eta Imanol Lazkanok dioenez, jendeak titulu bat jarri zion toki hari: Landetako Unibertsitatea. "Gauero mila istorio eta kontu entzuten zituen mahai hark", dio Lazkanok. "Zortzi-hamarreko taldea izaten zen funtzioa ematen zuena eta beste guztiak entzule bezala joaten ziren. Nik neuk eliza baino gehiago ezagutzen nuen, amaren borondatearen kontra, hara joaten nintzelako lanetik irtendakoan".

Joxe Mari Iriondo azpeitiar kazetariak hari buruzko biografia aurkeztu zuen 2001ean, Joxe Lizaso. Nire aldiko kronika izenekoa. Urte berean Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.

Nola ikusten zuen bertsolaritza? "Bertso eskolak eta antzeko erakundeak lan handia egiten ari direla uste dut, baina bat-batekoa galtzen ari da. Ikasketa maila igo da eta gutxi gorabehera denek dute bertsoren bat egiteko ahalmena, baina batzuek pentsatzen dute lau liburu irakurri dituztelako bertsolariak direla, baina hori ez da horrela", zioen duela lau urte. "Nik bertso luzea hasi eta buka ondo-ondo betetzen Basarri bakarrik ikusi dut".

Erreakzioak

Xebastian Lizaso (Joxeren semea eta bertsolaria)

"Kolpea izan da, eta buelta eman behar. Mokorretik martxoaren 12an egin zioten ebakuntza. Eguerdian ondo zegoen, broman jardun da. Siestara joan denean, hiru arnasaldi hartu eta han gelditu da. Jaio nintzen ezkero ezagutu nuen aita bertsolari. Azken bi urteetan plazan kantatzeari utzita zegoen, baina lagunartean aritzen zen".

Inaki Murua (Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria)

"Xebastianek berak esan dit. Orain egun gutxi bisitatu nuen, ospitalean. Oso tenple oneko gizozena zegoen; harritu egin nau, albisteak. Hark zeukan gatza, garra, txispa, itzalita ikustea, gogorra egiten zait. Hark zeukan nerbioa… Hori bukatu dela sinestea… Zer egingo diogu, ba.

Adibide asko daukagu Joxerena; bi semez gainera, haren anekdotarioa, bertso pila… Azpimarratuko nuke hasiberrientzat aita ona izan zela. Beti bizkarretik heldu, eta beti animoa, bidea irekiz. Aita izan zen guretzat bertso plazan".

Jokin Uranga (bertsolaria)

"Pena hartzen dut, baina era goxoan joan da, behintzat. Urtero egiten genuen bertso bazkarian elkartzen ginen. Txikitatik izan dut Joxerekin harremana, berak eramaten gintuen Eskolarteko Bertso Txapelketetara, Beñat biloba, ni eta beste batzuk.

Bertsolari bezala, irekitako iturri bat bezala zela esango nuke, beti jarioan ari zena, iturria norbaitek itxi arte hor segi zezakeena".

Imanol Lazkano (bertsolaria)

"Lagun bat joaten denean, halako tristura bat sortzen da, eta oroitzapen asko burura. Joxe guretzako aurrelari garrantzitsua izan zen. Gu baino dozena bat urte zaharragoa, Basarri, Uztapide eta haiekin aritutakoa, guretzat maisu, laguntzaile, babesle… Izugarri maite genuen. Herrietara-eta joaten ginenean, bere umorea eta ateraldiekin, beti haren ondoan eroso ibiltzen ginen.

Nire teorian, herriak asko maite du bertsolaria eta sufritu egiten du, bertsolariren bat duda anzean edo bertsoa ezin asmatuta ari dela ikusten badu. Alde horretatik, herria gutxien sufri arazten zuen bertsolaria zen Joxe, bere garboa eta gatzarekin. Horregatik, bere garaian plaza gehien egiten zituena izan zen. Bere ahotsa eta irudiarekin, mikrofonoaren aurrean Euskal Herrian bere papera betetzen onentsuenetakoa izan dela esango nuke".

Joxe Agirre (bertsolaria)

"Izugarrizko kolpea izan da. Atzo izan nintzen bera bisitatzen eta ea hurrengoan kalean ikusten garen esanez agurtu genuen elkar.

Gaur arratsaldean erantzungailuan Xebaxtian Lizaso semeak utzi didan mezu batengatik enteratu naiz: Atte hil zaiguk.

Joxe, plazak betetzen zituen bertsolaria zen eta lagunarte ona egiteko aproposa. Izugarrizko sustoa izan da hau niretzat".

Laxaro Azkune (Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kidea)

"Lagunarteko gizon atsegin bat izan da, mahai inguruen, hizketan bezala, ateraldietan edo kontakizunetan. Hor dago hainbeste urtetan plazetan erakutsi duen bizkortasuna, zorroztasuna, humorea eta jolas giroa. Bukaera azkarra izan du; ez genuen espero. Bere etxera bisitatzera joan aurretik, azkenean berak alde egin dit. Bere oroitzapen onarekin geldituko gara".

Xabier Euzkitze (bertsolaria)

"Joxe guretzat erreferentzia izan da betidanik. Neu bertsotan hasi nintzenetik hortxe egon den gizona da. Oso gogoan dauzkat berarekin egin nituen lehen eta azken saioak. Lehena hamabost urte nituela izan zen, bertsotan hasi berri nintzela, eskolarteko txapelketako txapeldun eta txapeldun ordea Azpeitiko saio batera eraman gintuzten garaiko izar handiekin abestera.

Gogoratzen dut saioaren aurretik elkarrekin afaldu genuela; Joxeren alboan egokitu zitzaidan esertzea eta gogoratzen dut haren hizketako modua, haren ahots lodia eta haren egoskor kopeta; haren ateraldi, txiste eta pasadizoak entzuten egon nintzen, liluratuta.

Azkena berriz, duela 2-3 urte izan zen. Joxe Agirre, Joxe Lizaso eta hirurok izan ginen Uztarriak antolatutako bertso afari batean. Eta tartean hainbat saio egin ditugu elkarrekin. Oso oroitzapen onak ditut Joxeri buruz.

Gaur tanatorioan geundela zenbait bertsolari bilduta ginen. Denok han geundela sartu da Azpeitiko gizon bat eta esan du nagusia joan zaizue. Egia da, oso esaldi egokia iruditu zait. Nagusia joan zaigu.

Zerbaitetan 20 urte daramatzanari asko dela iruditzen zaio. Joxek 60 pasatu ditu plazarik plaza, etengabe kantuan.

Gaur egungo mikro eta goragailurik ez zen garaian, ez dut dudarik, beste edozein baino hobeto moldatuko zen hura bertsoak entzunarazi eta ulertarazten. Hamaika bertsolari ezagutu dut, baina inor ez halako eztarriaren jabe zenik. Ez zen ahotsaren kontua bakarrik. Presentziak, jarrerak, oso errespetagarri bihurtzen zuten, oholtza bete egiten zuen. Bera baino askoz zaharragoekin hasirik, gaur egungo gaztetxo guztiekin kantatu ondoren zendu da".

Kepa Urbieta (Oroitarri liburuaren egilea)

"Libururako Joxe Lizasori elkarrizketa egiten ari nintzela, helduek ohitura duten moduan, zein etxekoa nintzen galdetu zidan, eta ezagutzen zituen haiek. Oroitarri liburuaren aurkezpena amaitu zenean, bertsoa bota zidan, gure aitona zenari buruzkoa. Neuk ez nuen aitona ezagutu, eta niretzat oso hunkigarria izan zen une hura. Joxe Lizasok nirekiko izan zuen detailetxo hark, bertso hark, begiak bete zizkidan, lehertu ziren arte. Eta hori ez dut ahaztu, eta ez dut ahaztuko. Hain gutxi ezagutu izateko estimazio handia hartua nion".

Informazio gehiago: Urola Kostako Hitza, Berria (I), Urola Kostako Hitza (II), Gara