Clemence Labrouche: "Hazparnen jende gutxi mintzo da euskaraz"

Berria 2009ko api. 1a, 15:04
Clemence Labrouche.

Euskara ikasi duten etorkinak omentzen ari da Korrika 16, eta Labrouche frantziarrak ikasia du

Hazparneko Gau Eskolan euskara erakusten du

Ikusi igandean Korrika 16 Hazparnetik pasatu zeneko bideoa

Clemence Labrouchek (Landon, Frantzia, 1980) ez zekien euskaraz umetan; Euskal Herrira bizitzera etorri zenean hasi zen ikasten. Beste batzuei irakasten ari da orain, Hazparneko (Lapurdi) Gau Eskolan.

Umetan zer zen euskara zuretzat?

Umetan ez nintzen Euskal Herrian bizi. Ene amaren gurasoak euskaldunak ziren, baina lanagatik Frantziara joan ziren bizitzera. Guk, haur ttipiek, euskaldun giroa ezagutu dugu ere. Aldiz, hizkuntza galduz, bakarrik folklore negargarria geratzen zitzaigun... Euskal Herriko arima galdua genuen. Azkenean, Euskal Herritik kanpo, euskaldunarena egiten genuen, euskaldun izan gabe.

Zergatik etorri zinen Euskal Herrira? Segidan hasi zinen euskara ikasten?

Gaztetan, uda guztiz etortzen nintzen hemengo familiaren ikustera, argi bainuen egun batez hona etorriko nintzela, eta euskara ikasiko nuela. Etorri nintzen, baina egon nintzen Euskal Herrian bizitzen euskara ikasi gabe. Ez nintzen arras zoriontsu; Iparraldeko frantses bat bezala bizi nintzen! Denbora asko eman nuen onartzeko ez zela amesten nuen bizitza. Eta egun batez, adiskide batek erran zidan: "Zergatik ez duzu barnetegira joan nahi?". Aste bat berantago han nintzen.

Zer moduzko esperientzia izan zen?

Ezin da erran bi hitzez. Barnetegira iritsi nintzelarik, "Egun on", "milesker" eta "deusetaz" bakarrik nekien erraten. Bederatzi hilabete egon nintzen, eta geroztik beti euskaraz ari naiz. Erraten ahalko nuke tunel bat bezala dela. Ikasten hasten zarelarik, argiaren itxaropenean zara, ez duzu argirik ikusten. Emeki-emeki argia asmatzen duzu, eta gero ikusten duzu...Gaur egun, gaizki hitz eginik ere, euskarak ene bizitza osoa argitzen du.

Klaseak ematen ari zara Hazparneko Gau eskolan. Nola hasi zinen?

Nahi nuen berriz AEKri itzuli eman zidana. Barnetegian irakasle bikainak ukan genituen, eta gogoa eman zidaten euskararen irakasteko. Biziki maite dut euskara irakastea. Hemen, nahiz eta euskara jakin, jende gutxi mintzo da euskaraz. Orduan, gau eskolara sartzean, entzuten ditudalarik ene ikasleak "egun on! Untsa zira?" erraten, haien entzuteak plazer handi bat ematen dit.

Nola ikusten duzu euskararen egoera Ipar Euskal Herrian?

Bakoitzak pixka bat ematen baldin badugu, lortuko dugu. Orokorki, hizkuntza bat ikasten duzularik, ez da batere erraza baliatzera ausartzea, baina Iparraldean zailago da. Hemen, euskararen aldeko legerik ez izanki, anitzek barneratu dute euskara etxeko hizkuntza bat bezala. Baina Euskal Herrian euskaraz mintzatzea eskubidea dela iruditzen zait eni.

Euskara ikasi eta hura transmititu duzuenak omenduko zaituztete aurten Korrikan. Nola hartu duzu?

Omendu hori ene euskaldun inguruarekin partekatu nahi nuke: Antton, Maialen, Jon, Elixabet, Iztebe eta Laurendirentzat izan behar da... Uste dut ez naizela euskalduna, euskara ikasi dudalako, ene eguneroko bizitzan euskaraz mintzatzen naizelako baizik. Haiekin euskaraz hitz egitea izan da, agian, ene motibazio handiena. Betidanik, Anttonek, ene lagunak, onartu du oraindik ikasten ari nintzela eta ez dit sekula erran hitz egin genezan erdaraz, behin ere ez!

Zer iruditzen zaizu Korrika?

Korrika bikaina da! Hor ikusten da euskal nortasuna. Ezagutzen ez dutenendako, Euskal Herria errealitatea dela erakusten du. Ezagutzen dutenendako, itxaropena ekartzen du. Gaur egun, gure gau eskolako asaldura ikusiz, alimaleko plazerra ematen dit. Tunela pasatu eta, udaberri hasieran, gure eguzkia da!