Badator!

Urola Kostako Hitza 2009ko api. 1a, 12:04
Orain dela bi urteko Korrika.

Bihar (osteguna) iritsiko da Korrika 16 herrira

Herritarrei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek

"Ika, ika, ika,... hemen dator Korrika!!!". Oihu horrek oilo ipurdia jarriko dio berriz ere makina bat herritarri. Euskararen alde egiten den ekimenik hunkigarrienetakoa iritsiko da bihar Urola Kosta eskualdera, eta horrekin Azpeitira.

Arratsaldez sartuko da Korrika 16 eskualdean, egun argiz eta Orio aldetik. Zarauztik barrena pasatuz kostako herriak igaroko ditu lehenbizi Korrikak. Zumaia eta Zestoa pasatuta, Azpeitira 20:38ak aldera iritsiko da. Ondoren, Azkoitira eta Azkarate gainetik barrena Elgoibar aldera joango da.

Irribarre uholdea

Herritarren sentipenak astintzen dituen ekimena da Korrika. Ohi bezala, aurten ere jendeak giro alaian lasterka egitea espero da, nekeari muzin egin eta irribarreek hartuko dute tokia aurpegietan. Izango dira, beti bezala, azken orduko atzerapenek eragindako urduritasunak. Lekukoa eraman behar duten ordezkariek ardura berezia sentituko dute barrenean, eta Korrikaren aurretik petoak saltzen pasatuko den furgonetak pil-pilean jarriko ditu kale guztiak. Badator, eta dagoeneko suma daiteke giroan.

Korrika 16 Tuteratik abiatu zen joan den ostegunean eta orduz geroztik Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa oso-osorik pasatu ditu, baita Donostialdea ere. Nafarroatik barrena Araba aldean ibiliko da gero, bihar berriz Gipuzkoara sartzeko, Goierri eta Tolosaldea zeharkatuz, Urola Kostara iristeko.

Datozen egunetan pasatuko ditu Bizkaia osoa eta Araban falta zaio zatia. Helmuga Gasteizen izango du aurtengo Korrikak datorren igandean, apirilaren 5ean. Hain zuzen ere, eskualdetik autobusak antolatu dituzte Gasteizera joateko. Azpeititik joango den autobuserako, berriz, honako salmenta postuak jarri dituzte: Etxe Zuri, Korrale, Orkatz, Intz, Zuhatz, Txarrantxa eta Lokotx.

Dena den, helmugara iritsi aurretik, bideko kilometro guztiak banan-banan egitea komeni da. Aurten ere, AEK-k eta herrietako Korrika batzordeek dei berezia egin diete herritarrei Korrikan parte har dezaten. Bakoitzak ahal duen neurrian, baina guztiak norabide berean.

Biharko, apirilaren 2ko egitaraua Azpeitian

16:15. Korrika Txikia abiatuko da igerilekuaren aurretik.

16:50. Korrika Txikiari ongietorria egingo diote plazan.

Ondoren. Korrika 16ko mezua irakurriko dute.

19:00. Triki poteoa plazatik.

21:00. Txotxa udaletxe azpian (janaria norberak eraman beharko du).

Lekukoa hartuko duten herriko eragileak

Herrian txandaka honako eragile hauek hartuko dute lekukoa. Baliteke azken orduko aldaketen eraginez zalantzak sortzea; kasu horietan jarri Korrika 16ko koordinatzaileekin harremanetan zalantzak argitzeko.

Eregi Euskara eta Komunikazio Zerbitzuak.

Uztarria Komunikazio Taldea.

Azpeitiko Udala.

Euskal Herrian Euskaraz.

Gaztetxea.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri I.

Sanjuandegiko Auzo Batzordea.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri II.

Orkatz Kultur Elkartea.

Baigera.

Amnistiaren Aldeko Mugimendua.

Erniarraitz Bertsozale Elkartea.

Gazte Independentistak.

Azpeitiko ezker abertzalea.

Biele enpresa.

Urola Ikastetxea.

Bilgune Feminista.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri III.

Iraurgi Ikastetxea.

Urola Kostako Hitza.

Lagun Onak Mendi Bazkuna.