Partida erabakigarria jokatuko du larunbatean Lan Mobel Iraurgik Estelaren kontra

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 26a, 13:03

Irabazten badu Igoera Fasea jokatzeko aukera lortuko du

Lan Mobel ISBk sailkapeneko lehes postuan dago, laugarren dagoen taldearekiko sei partidako aldearekin

Saskibaloi zaleentzako hitzordu berezia jarri du Iraurgi Saskibaloi Elkarteak larunbatean, 18:30ean, kiroldegian. Lehen taldeak, partida erabakigarria jokatuko du Estelaren kontra. Irabaziz gero, EBA Ligako igoera fasea jokatzeko aukera izango du Lan Mobel ISBk. Hori dela eta, eta jarraitzaileen animoak beharko dituztelako, partidarako sarrera doan izango da.

Denboraldia bukatzeko sei partida ditu jokatzeko EBA Ligako Lan Mobel ISBk. Sailkapeneko lehen postuan dago; laugarren dagoen taldearekiko sei partidako aldearekin. Beraz, larunbatean Estelaren kontra irabazten badu Igoera Fasea jokatzeko aukera izango luke, "matematikoki". Iraurgi Saskibaloi Elkarteko Jose Luis Zubizarreta Xubi-ren esanetan, "hori lortuz gero kirol aldetik beste pauso bat emango genuke. EBA mailan lau denboraldi daramazkigu, eta larunbatean irabazi eta Igoera Fasea jokatzeko aukera izango bagenu beste jauzi bat emango genuke". Iraurgikoen esanetan, saskibaloi kluba "asentatzen" ari da, eta kirol mailan denboraldiz denboraldi pausoak ematen ari dira. Horretan, zaletuak beti gertu izan dituztela garbi dute eta larunbatean ere horrelaxe izatea nahiko lukete, beraz, maratoi erdia bukatu ostean kiroldegian kiroletako beste hitzordu garrantzitsu bat dute kirolzaleek, "jendea animatu nahi dugu partida ikustera eta taldea animatzera etortzeko, horregatik sarrera doan jarri dugu".