Jose Felix Zubizarretak irabazi du aizkorako erronka

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 3a, 10:03
Zubizarreta eta Txikon aizkolariak igandean, Azpeitiko zezen-plazan. (Nerea Uranga)

Alex Txikoni enbor baten aldea atera dio

Azpeitiar aizkolaria "gustura" azaldu zen lana bukatutakoan

Zezen-plaza ia erdia bete zen igandean, Jose Felix Zubizarreta Zarautzen bizi den azpeitiarraren eta Alex Txikon lemoarraren aizkora apustua ikusteko; aizkolari bakoitzak 3.000 euro zituen jokoan. Biak ala biek jarraitzaileen animoen faltarik ez dute izan. 16 kanaerdiko ebaki ostean, Zubizarretak irabazi du apustua, enbor baten aldea aterata. Lan guztia bukatzeko 43 minutu eta 20 segundo behar izan ditu. Zezen-plazako apustuetan, 47 minutuan lana ezetz bukatu atera da, baina aizkolariek lan ona egin, eta aurretik bukatu dute.

Zezen-plazako eserlekuetan bi aizkolariak animatuz kartelak jarri dituzte aizkolarien jarraitzaileek, batak hala esaten zuen Txikon aizkolaria eta goi-mendizalea animatuz: ’Mendia itsasoaren gainetik Aupa Txikon! Harriketarrak Gazte Asanblada (Lemoa)’. Beste batek, Zubizarreta animatzen zuen: ’Aupa Felix egurre ieuu!!’. Txikon ikustera goi-mendizaleak ere etorri dira Azpeitiko zezen-plazara, esaterako, han izan da Juanito Oiarzabal.

Lana bukatutakoan azpeitiar aizkolaria gustura zegoen egindakoarekin, "ondo irten du, baina lana egin behar izan dugu, bromarik ez zegoen gero! Gogor etorri da bestea", zioen Txikoni buruz. Egurrak Zubizarretak berak eraman ditu zezen-plazara, "egurrak batzuk samurrak ziren, baina tartean bi lehor samarrak zeuden".

Beste apustu bat maiatzaren 31n

Apustu batek bestea ekarri du Azpeitian. Joan den ostiralean beste bi aizkolarik aizkora apustu bat lotu zuten Azpeitian, Landetako Mendizabal tabernan. Josu Aizpuru nuarbetarrak eta Joseba Otaegi zizurkildarrak aizkora apustua egitea erabaki dute, maiatzaren 31n, 12:30ean, Azpeitiko zezen-plazan. Hauek ere 3.000 euro jarri dituzte jokoan. Egin beharreko lana, berriz, zortzi kana erdiko eta lau oin biko da. Igandean, Otaegi aizkolariak Zubizarretari laguntzen jardun zuen Azpeitiko zezen-plazan.