Bakarrik bizi eta 65 urtetik gora dutenen bizi baldintzak aztertuko ditu Udalak

Uztarria.eus 2009ko ots. 27a, 12:02
Baigera eta Udaleko ordezkariak akordioa sinatzen.

Udaleko Gizarte Zerbitzuek jarri dute azterketa martxan, Baigera Jubilatuen elkartearekin elkarlanean

Adin sektore horretako gabeziak ezagutu nahi dituzte, zerbitzu erangikorragoak eskaintzeko

Azpeitian bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoen errealitatea ezagutzeko azterketa bat jarri dute martxan Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Baigera Jubilatuen elkartearekin elkarlanean. Adin sektore horretako herritarren bizi balditzak ezagutu nahi dituzte azterketarekin, euren gabezia eta beharrak detektatzeko eta behar horietara egokitzen diren zerbitzu eraginkorragoak eskaintzeko. Azterketan, Deustuko Unibertsitatean Gizarte Langiletzarako ikasketak egiten ari den ikasle batek ere parte hartuko du.

Bakarrik bizi diren eta 65 urtetik gora dituzten 365 azpeitiar daude egun herrian. Azterketa egiteko horietatik 260 lagun aukeratu dituzte. Bakoitzari elkarrizketa bat egingo diote, eta aisialdia, etxebizitza, baldintza ekonomiko eta sozialen inguruko galderak egingo dizkiete. Udaleko Gizarte Zerbitzuek adierazi dutenez, datu guztiak anonimotasunean gordeko dira.

Azpeitiko Udalak eta Baigerak azterketan parte hartzeko dei egin nahi izan diete 65 urtetik gora eduki eta bakarrik bizi diren herritarrei, azterketa ahalik eta fidagarriena izateko.