Aritz Odriozola hil da Ori mendian

Uztarria.eus 2009ko ots. 21a, 14:02

Erori egin da eta buruan kolpea hartu du; Nafarroako SOSek 11:50ean jaso du istripuaren abisua

Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakaria zen 2007ko abendutik; 1977an jaio zen

Azkeneko albisteak (hilak 22, 14:30). Astelehenean izango da hileta (19:30); gorpua igande arratsaldean ekarriko dute eta tanatorioan edukiko dute

Azken agurra eman zioten astelehenean

Aritz Odriozola (1977) azpeitiar mendizalea hil da gaur (larunbata) goizean Ori mendian. Beste zortzi bat lagunekin joana zen hara, eta gaur mendirako bidean malda batetik erori eta hil egin da; buruan kolpea hartu du. 300 bat metro behera erori zen, lagunak ohartu gabe.

Nafarroako SOS zerbitzuak 11:50ak aldera jaso du istripuaren abisua, Odriozolaren taldekide batek deituta, eta bi helikoptero bidali ditu: medikalizatua eta Guardia Zibilaren erreskaterakoa. Nafarroako Larrialdi Zerbitzuetako suhiltzaileak eta medikuak ere joan dira, 13:00ak aldera erreskatatu dute azpeitiarra baina ezin izan dute haren bizia salbatu.

Zuberoa eta Nafarroa arteko mugan dago Ori, Iratiko oihanaren ekialdean, eta 2.017 metroko garaiera dauka.

Duela bi urteko abendutik Odriozola zen Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari. Maje LarraƱagaren lekukoa hartu zuen. Ondo ezagutzen zuen ordurako elkartea, bertako ekitaldietan eta irteeretan parte hartu zuelako eta Zuzendaritza Batzordean 2004tik zegoelako. 2011ra arte jarri zen presidente.

Gorpua IruƱera eman dute, forentseen egoitzara, eta Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak hilotza Azpeitira ekartzeko gestioak egiten ari dira.

Azkeneko albisteak (hilak 22, 14:30). Astelehenean izango da hileta (19:30); gorpua igande arratsaldean ekarriko dute eta tanatorioan edukiko dute. Aritz Odriozolaren gorpua igande arratsaldean ekarriko dute Azpeitira, bostak aldera, eta hileta elizkizuna astelehenean izango da, parrokian, 19:30etik. Gorpua tanatorioan edukiko dute.

Azpeitiko alkatea gorpua herrira ekartzeko gestioak azkartzen ari da (hilak 21, 17:30). Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea Otsagabiakoarekin (Nafarroa) gestioak egiten ari da -Otsagabian dago Ori mendia-, Aritz Odriozolaren gorpua herrira lehenbailehen ekartzeko.

Odriozolari mendizaleen agurra. Aritz Odriozola Mendia mendizaleari eta Lagun Onak Mendi Bazkunako presidente zenari agur berezia egin zioten Lagun Onak elkarteko mendizaleek astelehenean, Hileta elizkizunak eta gero, Odriozolaren hilkutxa mendizale elkartearen egoitza aurrera eraman zuten, piolet artean. Bertan, hilkutxari piolet bat ipini eta mendi elkarteko Aitor Unanuek aurreskua dantzatu zion. Ondoren, han bildutakoek Agur jaunak abestu eta Odriozolaren lagunek bizkar gainean eraman zuten hilkutxa hilerriraino, txistulariek lagunduta.