“Herrian errepresioa eguneroko ogi bihurtu da”, Azpeitiko AAMren arabera

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 21a, 13:02
Azpeitiko AMMK ostiralean herritar batzuekin emandako prentsaurrekoa. ('Urola Kostako Hitza')

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak agerraldia egin du "errepresioa gertutik" jasan duten hainbat herritarrekin

Espainiako Gobernuak "apustu argia egin du herri honetako sektore oso bat ezabatzeko"

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) bai Euskal Herrian bai Azpeitian "errepresioa eguneroko ogi bihurtu" dela salatu zuen atzo (ostirala), prentsaurrean. AAMren arabera, Espainiako Gobernuak "apustu argia egin du herri honetako sektore oso bat ezabatzeko", eta horretarako "beharrezko tresna guztiak erabiltzeko prest dagoela ondo baino hobeto erakutsi du azken hilabeteotan". Agerraldian, AAMko kideekin batera "errepresioa gertutik" jasan duten herritarrak izan ziren atzo.

AAMk salatu duenez, "PSOEren Gobernua prest dago atxilotuak basatiki torturatzeko, alderdi politikoak legez kanporatzeko eta ordezkari politikoak espetxeratzeko, prest dago minbizia duten euskal preso politikoak espetxean hiltzen uzteko".

"Salbuespen egoera"

Euskal Herrian eta Azpeitian "benetako salbuespen egoera" bizi dela dio AAMk. Garikoitz Etxeberria Kafe-ren adibidea jarri zuten: "Sei urtez Espainiako espetxeetan bahituta eduki dute lan politiko hutsa egiteagatik". Hari ongietorria egiten ez utzi izana ere salatu dute. Horretaz gain, ezker abertzaleko Iñaki Errazkini, alkate zen bitartean entzuketak egin izana ere kritikatu zuten. Bestetik, herriko presoak kartzeletan herritik ehunka kilometrora sakabanatuta dituztela gogorarazi zuten. Horrez gainera, presoen senideek jasaten ari diren erasoak salatu zituzten. Juan Karlos Arruti Paterra preso daukaten Puertoko (Cadiz, Espainia) kartzelara bisitan joandako senideek erasoak jasan dituztela jakinarazi zuten: "Eraso batzuk Espainiako segurtasun indarrek egindakoak izan dira, beste batzuk haien baimenarekin".

Herrian Ertzaintzak azkenaldian izandako jarrera ere salatu dute AAMkoek: "Hilabeteren buruan, Ertzaintzak bi aldiz kargatu du herrian, eta mota guztietako polizien presentzia jasangaitza izaten ari da". Gainera, herrian pankarta bat jartzen ari zirela Guardia Zibilak bi herritar identifikatu eta galdekatu dituela jakinarazi dute.

Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeen inguruan AAMk adierazi duenez, "bi mila azpeitiar baino gehiagok euren aukera politikoa legez kanpokoa dela ikusi dute beste behin ere. Eurek bozkatu nahi duten boto orria jarraitua dela ikusi dute, delitua dela beraien aukera politikoaren boto orria eskuan izatea ere". Gainera, hainbat herritar zerrendakide ziren D3M hautesle plataforma legez kanpo utzi dutela salatu dute, baita Askatasuna alderdiko legezko ordezkaria izateagatik Jaione Unanue inputatu dutela ere.

"Erantzuleak isilik"

AAMk aipatu duen egoera PSOEren Gobernuak "ezarritakoa" da, baina hauen ustez "erantzukizuna ez da PSOErena bakarrik". AAMk salatu duenez, "bortxakeria horien guztien aurrean, eskubide guztien defendatzaile agertzen direnak itsu, mutu eta gor geratu dira". Diotenez, Azpeitiko kasuan ere "halaxe" gertatu da: "Azpeitiko EAJ, Aralar eta EA alderdiei ez diegu hitz erdirik entzun eskubide hauen guztien aurrean". AAMk aurrez aipatu alderdiei honako galderak egin dizkie: "Besteei behin baino gehiagotan aurpegiratu izan dizkiezu erantzukizunak, baina non zaudete zuek gertaera hauen guztien aurrean? Zer egiteko prest zaudete?".

"Hipokresia"

Aipatutako gertaeren aurrean, Azpeitiko alkate Julian Eizmendik izandako jarrera "benetan penagarria" dela diote eta "Isil-isilik" egotea leporatu diote: "Lotsa handirik gabe besteei lezio etikoak ematen ibili den politikaria isil-isilik dago herriko gertaera larrien aurrean". Horrek guztiak, indarkeriaren aurrean dagoen "hipokresia" erakusten duela dio AAMk: "Askoren indarke- riarekiko jarrera asko aldatzen da indarkeria nondik datorrenaren arabera".

"Konponbide politikoa"

Gatazka politikoa errepresio gehiagorekin ez da konponduko, AAMren ustez: "Elkarrizketa eta demokrazioa gehiagorekin konponduko da". Hori dela eta, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak herritarrak deitu ditu errepresioarekin lotutako edozein gertaeren aurrean eurekin harremanetan jartzera, jazarpenen aurrean deitutako ekimenetan parte hartzera eta "bakoitzak bere eremuan konponbide elkarrizketatua eta politikoa bultzatzera".

Bestetik, Azpeitiko ezker abertzalearen ustez, "Herriak garai gogorrak bizi ditu".