Jesusmariatako Osamen eguneko zentroko langileak greban daude

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 17a, 10:02
Jesus eta Maria komentuko lokaletan Osamen-en sarrera. (Nerea Uranga)

Lan hitzarmen propioa eskatzen dute Agifes-eko langileek "soldata eta lan baldintza duinak" izateko

Langileak greban dauden bitartean gutxieneko zerbitzuek emango dituzte

Jesus eta Maria komentuko lokaletan buruko gaixotasuna dutenen Osamen eguneko zentroa dago. Agifes-ek (buruko gaixotasuna dutenak eta haien senitartekoen Gipuzkoako elkartea) kudeatzen du Azpeitiko zentroa. 18 lagun joaten dira gaur egun eguneko zentrora eta hiru langilek egiten dute lana bertan. Atzotik, ordea, Agifeseko langileak greba mugagabean daude eta, beraz, eguneko zentroko langileak ere bai: soldata eta lan baldintza duinak eskatzen dituzte.

Azpeitian lan egiten duten eta ELA sindikatuko kide eta langileen ordezkari Jone Larrañagaren esanetan, "zuzendaritzakoak Gipuzkoako hainbat hedabidetan gure eskarien inguruan idazten ari dira, baina ez diote egia. Besteak beste, esan dute %81eko soldata igoera eskatzen dugula, eta hori ez da horrela. Gaur egun gure soldata oinarria 750 eurokoa da, eta 1.100-1.200 euroko soldata netoa eskatzen ari gara. Gaur egun, gehigarriak-eta kontuan hartuta ez gara 900 euro kobratzera iristen". Soldata "duin" bat eskatzearekin batera, lan baldintza hobeak ere eskatzen dituzte Agifeseko langileek. "Zuzendaritzakoek langileon ordezkarioi ez digute kasurik egiten, gurekin biltzerik ere ez dute nahi eta langileok jasotzen dugun tratua ez da ona", dio Larrañagak.

"Lan itun duin bat" sinatu bitartean grebarekin jarraitzeko asmoa dutela dio Azpeitiko langileen ordezkariak. "Hizketaldi batzuk izan ditugu zuzendaritzakoekin, baina horixe, hitz egin besterik ez dugu egin; ezin esan ezer negoziatu dugunik, ez baitute ezer idatziz eman nahi".

Lan itun propioa nahi dute

Gaur egun Agifes-eko langileek Gipuzkoako "ospital, klinika, mediku-zirujau eta diagnosi" lan hitzarmena dute. Langileen ordezkarien esanetan, lan hitzarmen hori 2000ko abenduaren 31 artekoa zen. Bestetik, langileek diotenez, lan hitzarmen horrek "ez du eguneroko errealitatea islatzen", langileen funtzioak gizarte interbentziora zuzenduta baitaude eta ez osasun arlora. Hori dela eta, lan hitzarmen propioa negoziatu nahi dute.

Agifes-eko langileen ustez, buruko gaixotasuna dutenei eta haien senitartekoei kalitatezko zerbitzu on bat emateko, "diru publikoa ongi kudeatu behar da, antolakuntza on batekin, ardurak egoki banatuz eta lan hitzarmen duin batekin". Langileek azaldu dutenez, azken bost urteotan 45 langiletik 20k baino gehiagok utzi dute lana eta horrek "zer pentsatua ematen du". Gainera, langileen baja guztiak ez direla ordezkatzen salatu dute: "Baja luzeak bakarrik ordezkatzen dira; oporrak ere ez dira odezkatzen. Hori dela eta, lan baldintzak gogortu egiten dira, lan kargak eraginez". Langileen arteko "lan giroa ez da egokia" ordezkarien arabera, "inposaketak, portaera desegokiak, etorkizunari buruzko ezjakintasuna... tarteko".

Gutxieneko zerbitzuak

Langileak greban dauden bitartean gutxieneko zerbitzuak eman beharrean daude Azpeitiko Jesusmariatako eguneko zentroan. Larrañagak azaldu duenez, "gutxieneko zerbitzuak emateko ez dute ordutegia murriztu eta 09:30etik 17:00ak arte zabalik eduki behar da eguneko zentroa, egunero-egunero bezalaxe. Baina, langileok greban gauden bitartean begirale bakar bat egongo da egun osoan 18 erabiltzailerekin".

2001eko urriaren 10ean zabaldu zuten Urolaldeko buruko gaixotasuna dutenentzako eguneko zentroa Jesus eta Maria komentuko lokaletan. 22 lagun hartzeko tokia du, eta gaur egun 18 lagunek erabiltzen dute zerbitzua.