Espainiako Gobernuak Udalaren bost egitasmo diruz lagunduko ditu

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2009ko ots. 16a, 15:02

Estalitako haur parkea, Urrestillako haur eskola eta ludoteka, Sanjuandegiko eta Garmendi gaineko hirigintza lanak eta San Martin egoitzako lorategi berria dira bost proiektuak

San Agustingo ekipamendurako 300.000 ere euro emango ditu Espainiako Gobernuak; Kultur Mahaiak helarazi zion proposamena Udalari

Azpeitiko alkate ohi IƱaki Errazkinek larunbatean ezker abertzalearen prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, Espainiako Gobernuak diruz lagunduko ditu Azpeitiko aurreko Udal Gobernuak proposatutako bost proiektuak.

Herritarren eskaera nagusiei erantzuteko asmoarekin, bost egitasmo egitea onartu zuen Udalak urtarrilaren 15eko udalbatzarrean. Ondoren, Espainiako Gobernuak lan publikoak sustatzeko ematen dituen diru laguntzen eskaera egin zuen Udalak. Hamar egun izan ditu Madrilgo Gobernuak egitasmoak aztertzeko eta baiezkoa ematea erabaki du. Baizkoaren ondoren, Udalaren hurrengo pausoa lanak nork egingo dituen erabakitzea izango da.

Proiektu guztiak 2009an hasi eta bukatu behar ditu Udalak. "Horiek aurrera ateratzeko lana eta jarraipen zuzena egingo dugu", adierazi du ezker abertzaleak.

Gainera, San Agustin kultur guneko proiektuko ekipamendurako 300.000 euro emango ditu Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak, Udalak eskatu bezala. Udalari proposamena Kultur Mahaiak egin zion, txosten bidez. Izan ere, San Agustinen proiektua duela hamar urte pasatxo egindakoa da, eta harrezkero behar berriak sortu direla-eta ekipamendua hobetzeko proposamena egin zuen Kultur Mahaiak, herriko talde denei euren beharren berri galdetu ostean.

Bost egitasmoak

  • Udaletxearen atzeko plazan herriko lehen estalitako haur parkea egingo dute. Haur parkean eserlekuak, haur jolasak eta mahaiak jarriko dituzte. Beirazko estalkia izango du plazak, eta lur zoruan goma jarriko dute.
  • San Martin egoitzan lorategia berria egingo dute. San Martin egoitzaren eta Iraurgi Ikastetxearen artean dagoen lorategia eraberritu eta moldatu egingo dute. Erdiko aldean plaza bat egingo dute eta irekia izango da.
  • Sanjuandegiko Barrenetxea auzotik eta Salbe auzoko zati bat arte hirigintza lanak egingo dituzte. Besteak beste, oinezkoentzako espaloi berriak egin eta autoentzako aparkaleku berriak antolatuko eta egingo dituzte. Etxe atari batzuetako lur zorua ere berria jarriko dute, lur azpiko azpiegiturak berritzearekin batera.
  • Perdillegiko etxebizitzen eta Anaia Garate auzoko etxebizitzen ingurutik Garmendi Gaineko Errezileneko pareraino espaloiak berrituko dituzte eta autoentzako aparkalekuak egingo dituzte.
  • Urrestillan, eskola-goia bezala ezagutzen den tokian, perretxikoa haur eskola izateko prestatuko dute. Toki berean, perretxikoaren ondoko eraikineko lokal batean ludoteka bezala erabiltzeko tokia egokituko dute gaztetxoentzako.