Etorkinen inguruko ekintza planeko bilera deitu dute astearterako

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 16a, 10:02

Aurreneko batzarra da, eta, Etorkinen etorrera, harrera, erregulazioa eta gizarte politika gaia landuko dute

Udalaren arabera, "beharrezkoa ikusten dugu hausnarketa bateratua egiteko errealitate horren aurrean"

Udalerriko Inmigrazio Plana garatzeko aurreneko bilera deitu du Udalak datorren astearterako, 15:30ean, Baigera eraikineko lehenengo solairuko hitzaldi aretoan. Batzarrean landuko duten gaia Etorkinen etorrera, harrera, erregulazioa eta gizarte politika izango da, eta ordu eta erdi inguru iraungo du. Udaletik adierazitakoaren arabera, "metodologia zehatz baten inguruan antolatutakoa izango da".

Udalak Azpeitiko etorkinen inguruan azterketa bat eginda dauka eta orain Ekintza Plana jarri du abian. Izan ere, Udalaren arabera, "inmigrazio errealitateak erronka berriak dakartza, eta Udaletik beharrezkoa ikusten dugu hausnarketa bateratua egitea errealitate horren aurrean". Hori dela eta, "etorkizunerako pausoak definitzen" hasi nahi dute, eta horretarako martxan jarri dute Ekintza Plana.

Urtarrilaren bukaeran aurkeztu zuten jendaurrean eta herriko eragileetako ordezkarien aurrean herriko etorkinen inguruan egindako azterketa.