Hasi da Bertso Astea

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 16a, 10:02
Gipuzkoako Bertsolari Gazteen Egunean bildutako bertsolari batzuk larunbatean Azpeitiko Gaztetxearen atarian, Kupela taldekoekin batera. (Nerea Uranga)

Erniarraitzek antolatutako Gipuzkoako Bertsolari Gazteen Egunean 35 lagun inguruk parte hartu dute

Hurrengo ekitaldia hitzaldi bat izango da eta asteazkenean egingo dute

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako Bertso Asteari hasiera Gipuzkoako Bertsolari Gazteen Egunak eman zion atzo. Eguerdian hasi eta iluntzera arte luzatu zuten jaia 35 bertsolari gazte inguruk. "Bertsolari gazteak elkartu eta bertsoaz gozatzeko" antolatu zuten atzoko ekimena. Bertakoez gainera, Gipuzkoako hainbat herritako bertsolariak bildu ziren Azpeitian, besteak beste: Azkoitia, Errezil, Orio, Zarautz, Zumaia, Añorga, Hernani, Bergara...

Eguerdian, herriko plazan zuten elkartzeko hitzordua jarrita; bakarren batzuk bildu eta tabernaz taberna ibiltzeari ekin zioten, trikitilariek lagunduta. Ibilbidean, pixkanaka bertsolariak gehitzen joan ziren. 14:30ak inguruan Gaztetxera joan ziren, han baitzuten bazkaltzeko hitzordua jarrita. Ordurako, Erniarraitzekoek bazkaltzeko mahaiak-eta prestatuta zeuzkaten, baita janaria ere.

Bazkalondoan bertso ekitaldiari hasiera eman zioten, eta, ondoren, 19:00etatik aurrera, Kupela taldearen emanaldia izan zuten Gaztetxean bertan.

Hurrengo saioa asteazkenean

Erniarraitzeko bertsozaleek antolatutako Bertso Astearen baitako hurrengo ekitaldia asteazkenean izango da Azkoitiko Kultur Etxean, 19:30ean. Zer da gai-jartzea? Nola egin saio txar bat gaien erruz gai bezala hartuta Unai Elizasuk eta Andoni Egañak jardungo dute hizketan.