"Oposizio zorrotza" egingo du ezker abertzaleak, "arduraz"

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 16a, 10:02
Zentsura moziotik hilabetera egin dute lehen agerraldia ezker abertzaleko hautetsiek. Argazkian, haietatik lau: Haizkurgi Uzin, Leire Lazkano, Iñaki Errazkin eta Leire Ibarguren (Arantxa Isart eta Xanet Esnaola falta ziren).

Alkatetza hartzean bezala, "Azpeitia berria" eraikitzea izango dute helburu eta hori "herritik" egin behar da; "lehentasunezko harremana EA eta Aralarrekin izango dugu"

Ez dute onartuko "urte eta erdi honetan emandako aurrerapausoak atzera botatzen"

EAJk zentsura mozio bidez alkatetza hartu zuenetik hilabete pasatu denean, ezker abertzaleak aurrerantzean egingo duen udal politikaren berri eman du. Alkatetza zutenean bezala, helburu nagusia "Azpeitia berria" eraikitzea izango dute, herriko eragileekin elkarlanean. Horretarako, "herrigintzarako gai garrantzitsuetan arduraz" jokatuko dute, baina argi utzi dute "oposizio zorrotza" egingo dutela.

Hasteko, egungo egoera salatu zuen ezker abertzaleko kide eta Azpeitiko alkate ohi Inaki Errazkinek. Izan ere, orain arte udalbatzarrik ez dute egin eta "gobernu batzordea, liberazioak, gainontzeko erakundeen ordezkaritzak... zehaztu gabe daude oraindik".

Gainera, horretarako nahikoa denbora izan dutela uste du Errazkinek: "Abenduaren 10etik zekien EAJk alkatetza hartuko zuela. Bi hilabete izan zituzten, iruditzen zaigu badela nahikoa denbora erabakiak hartzeko. Gainera, gogoratu behar da urte eta erdian hiru aldiz egin zutela gu alkatetzatik kentzeko saiakera; beraz, ulertu beharko litzateke Udala kudeatzeko modua pentsatuta eta adostuta izango zutela".

Bestalde, EAJk gobernu adierazpenik ere ez duela egin salatu dute, nahiz eta alkatetza hartu zuen udalbatzarrean Julian Eizmendi alkateak esan astebeteko epean egingo zutela hori.

Aldaketa, herritik eginda

Udalean hartuko duten jarreraren inguruan, Iñaki Errazkinek adierazi du "benetako aldaketa politikoa" izango dutela helburu, alkatetza zutenean bezalaxe. Horretarako, beraien "lan nagusia" herriko eragileen elkarlanean "herrigintza egitea" izango da, eta lan hori ondoren Udalean defendatzea: "Aldaketa politikoa herritik egin behar da, ez bulego batetik".

Bide horretan, 2007an alkatetza hartu zutenean zehaztutako "lau urteko ibilbide orria" izango da beraien iparra; "Azpeitia berria egiteko estrategia" da hori, hain zuzen ere.

Estrategia horren "osagarri" litzateke EA eta Aralar alderdiekin hitzartu zuten Udal Gobernu Akordioa, eta "hor aipatzen genituen helburuak lantzen jarraitu behar dugu. Beraz, alderdiekiko hartu-emanetan, lehentasunezko harremana EA eta Aralar alderdiekin izango dugu".

EAJri mezua

Argi utzi zuten "herrigintzarako garrantzitsuak diren gaiak aurrera ateratzeko jarrera" hartuko dutela, beti ere "ikuspegi ezkertiak eta abertzale" batetik. Era berean, ordea, "oposizio zorrotza" egingo dutela nabarmendu zuten: "EAJk jakin dezala ez diogula utziko nahi duen guztia egiten, ez diogula utziko urte eta erdi honetan emandako aurrerapausoak atzera botatzen".

Jaione Unanue eta Garikoitz Etxeberria gogoan

Agerraldian ezker abertzaleko Haizkurgi Uzinek euren "babesa eta elkartasuna" adierazi zien Jaione Unanue eta Garikoitz Etxeberria herritarrei: "Jaione Unanue Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartu nahi izanagatik inputatu dute eta Udal Gobernuak ez du ezer esan. Etxeberriaren ongietorri ekitaldiaren debekua hitzez hitz bete du Eizmendik, Udalaren azpiegitura guztiak ukatuz eta alternatiba berriak lantzeko behatzik mugitzeko prest ez dagoela adieraziz. Udalak giza eskubideei babes eraginkorra, zioen EAJk aurkeztutako zentsura mozioak".