Torturaren erabilera salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur, ostirala

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 13a, 10:02
Tortuaren aurkako mobilizazioak hainbat alditan egin izan dira. (Nerea Uranga)

Gaur, otsailak 13, Torturaren Aurkako Egunean, anbulatorio aurrean bilduko dira, 19:20ean

Urola Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez, Espainiako Gobernuak "helburu politikoak lortzeko erabiltzen du tortura"

Urola Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta, gaur arratsaldean elkarretaratzea egingo dute Azpeitian, anbulatorioaren aurrean, 19:20ean.

Otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna izendatu dute eta herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte AAMko arduradunek. "Euskal Herriaren aurkako errepresio eroan, Espainian tortura uneoro erabili dute unean uneko gobernuek". AAMk emandako datuen arabera, "azken 40 urteetan 7.000 euskal herritarrek baino gehiagok sufritu dute torturaren basakerian".

Iazko datuak ere eman ditu AAMk, eta "Espainiako poliziek 62 herritar torturatu" zituztela zehaztu du; "horietako sei ospitalera eraman behar izan zituzten".

Batzuk "itsu, mutu eta gor"

AAMren ustez, Jose Luis Rodriguez Zapaterok gidatzen duen Espainiako Gobernuak "helburu politikoak lortzeko erabiltzen du tortura". Deialdiak egiteko bidalitako oharrean AAMk adierazten duenez, "informazio politikoa, auzipetzeko arrazoiak eta interesatzen zaizkien deklarazioak lortzen dituzte. Horrez gain, gizartean beldurra zabaltzen dute".

Agertutako egoera horren aurrean EAJ, EA, Nafarroa Bai eta EB alderdiak "itsu, mutu eta gor gelditzen" direla gaineratu dute. Bestalde "gogor salatu" dituzte komunikabide nagusiak, "isiltasun eta utzikeriak bide ematen diolako Espainiako Gobernuari".