Lan ituna negoziatzeko eskatuz, zahar egoitzetakoak aldarrikapenetan ari dira

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 12a, 10:02
Azpeitiko San Martin egoitza aurrean ELAko ordezkariak bilduta.

ELAren arabera, asteartean bildu zen negoziazio mahaia baina enpresek ez zuten proposamenik egin

Negoziazio mahaian ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek eta Adegi eta Lares enpresak daude

Joan den astean bezalaxe, aste honetan ere, enpresei lan ituna negoziatzeko eskatuz mobilizazioetan jarraitzen dute eskualdeko zahar egoitzetako langileek. Joan den astelehenean ere, Azpeitiko zahar egoitzetako ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten San Martin egoitzaren atarian, "lan itunaren negoziazioak daraman martxa, edo hobeto esanda, martxa eza salatzeko".

2008an indar gabe gelditu zen Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek 2005etik zuten lan hitzarmena, eta orduan lan-itun berria negoziatzen hasi ziren sindikatuak eta enpresak. Negoziazio mahai horretan daude ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, enpresak Adegi eta Lares dira. ELAren arabera, negoziazio mahaian orain arte "sindikatuek aurkeztutako plataformak bakarrik" aztertu dituzte eta sektoreko patronalek, Adegik eta Laresek, "proposamen bakarra egin dute: lan ituna dagoen bezala uztea".

Mobilizazioekin jarraitzekotan

Kontuek horrela jarraitzen baldin badute langileek mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute ELAko ordezkariek. Sindikatukoen esanetan, "asteartean bertan negoziazio mahaia bildu zen, baina patronalekoek ez zuten inolako proposamenik egin". Hurrengo bilera, hil honen bukaeran izango dutela aurreratu dute ELAko ordezkariek.