Astelehenean kirol medikuntza zerbitzua jarriko dute martxan

Uztarria.eus 2009ko urt. 30a, 12:01
Urola Zentro Medikua.

Kirol patronatuaren zerbitzu hori Urola Zentro Medikuan eskainiko dute

Zerbitzu berriak hiru motako kirol azterketak egiteko aukera emango du

Herritarrek kirol medikuntza zerbitzua erabili ahal izango dute otsailaren 2tik aurrera. Kirol patronatuaren zerbitzu berria Urola Zentro Medikuan eskainiko dute, astelehenetik ostegunera, arratsaldez.

Kirol medikuntza zerbitzuak hiru motako azterketak egiteko aukera eskainiko du. Lehenengo mediku azterketak kirol eta medikuntza anamnesia, azterketa fisiko orokorra, oinarrizko antropometría eta elektrodardiograma egiteko aukera eskaintzen du; azterketa honengatik bazkideek 28 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek, berriz, 40 euro. Bigarrengo mediku azterketa garestiagoa da, aurreko proba guztiez gain zikloergometroan esfortzu proba bat ere eskaintzen delako bertan. Mota horretako azterketa egin nahi duen bazkideak 35 euro ordaindu beharko ditu eta bazkide ez denak, berriz, 47 euro. Kirol medikuntza zerbitzuak eskaintzen duen hirugarrengo azterketa motak laktato proba bat egiteko aukera ematen du, aipatutako proba guztiez gain. Bazkideek 45 euro ordaindu beharko dituzte azterketa hori egiteagatik eta patronatuko bazkide ez direnek 57 euro.

Antolatzaileek adierazi dutenez, hiru txandatan egin ahal izango dira azterketak: 16:45ean, 17:30ean eta 18:15ean. Horretarako, aurrez eskatu behar da txanda, igerilekuan.

Beherapenak bazkideentzako

Bestalde, patronatutik adierazi dutenez, patronatuko bazkideek Zarautzen ireki berri den SPAGYM kirol instalazioetan %25eko beherapena izango dute gimnasio eta espa-ko guneetako sarreretan. Horrez gain, Donostiako La Perla, Zestoako bainu etxean eta Zumaiako Talasoterapian ere bazkideek beherapenak dituztela gogoratu nahi izan dute patronatutik.