Ibaieder urtegiaren maila %92an dago

Uztarria.eus 2009ko urt. 28a, 16:01

Larrialdi maila baxuenean egon da urtegia azken egunetan

Atzo (asteartea) urtegiko isurbideak itxi zituzten, ibaiek gainezka ez egiteko

Aurreko egunetako euri ugariaren ondorioz, Azpeitiko ibaiak bizi-bizi doaz. Euritearen ondorioz ur putzu handiak sortu ziren atzo egun osoan eta luiziak ere ohikoak izan ziren. Errepidean ere antzeman ziren eguraldiaren ondorioak: Loiola parean ur hodi bat lehertu zen eta urak Azpeitia eta Azkoitia arteko errepidea hartu zuen.

Ibaieder urtegiak ur asko jaso du azken egunetan eta urtegiaren maila %92koa da. Gipuzkoako Ur Kontsortzioko Mikel Zubizarretaren hitzetan, "urtegia momentu guztian kontrolpean egon da. Larrialdi egoera maila asko daude eta aste honetan maila baxuenean egon da urtegia. Aurreko astean Ibaieder urtegiko ur maila jaitsi genuen, asteartean etorri den ura presan eusteko". Atzo, asteartea, presako isurbidek itxi zituzten, ibaiek gainezka ez egiteko.

Eguraldi iragarpenen arabera, egoerak hobera egingo du. Zubizarretaren arabera, "larrialdi egoera amaitu da. Berriz ere presako altuera jaisten ari gara, segundoko 10.000 litro errekara botaz".

Espainiako Meteorologia Agentziak adierazi duenez, irailetik hona egindako euri kopurua Gipuzkoan azken 30 urte hauetako handiena da.