AAMk salatu du Guardia Zibilak Azpeitian bi gazte ordu erdiz atxiki dituela

Uztarria.eus 2009ko urt. 28a, 17:01

Herritarrak atzo presoen eskubideen aldeko pankarta jartzen ari zirela identifikatu eta galdekatu egin zituzten, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dioenez, "Intxaurrondora eramateko mehatxu eginez"

Guardia Zibilaren kontrolen "helburua herritarren artean beldurra zabaltzea da"

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) salatu du Urola Kosta eskualdean guardia zibil ugari ibili zela atzo (asteartea) arratsaldean eta, besteak beste, Azpeitian bi gazte identifikatu eta galdekatu zituztela. Kontrol "handiak" jarri zituzten, AAMk dioenez, eta, haren iritziz, "itogarria" izan zen egoera.

Azpeitian euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio baterako dei egiten zuen pankarta bat jartzen ari ziren bi gazte gelditu eta ordu erdi baino gehiagoz eduki zituen Guardia Zibilak, AAMk gaur esan duenez. "Identifikatu eta galdekatu egin zituzten. Gazteetako batek Espainiako Nortasun Agiririk ez zuen soinean une horretan eta guardia zibilek Intxaurrondora eramateko mehatxu egin zioten. Azkenean guardia zibilek alde egin zuten".

Kontrol horien "helburua herritarren artean beldurra zabaltzea" dela dio Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. "Guardia Zibilak tortura, jazarpena, inpunitatea eta errepresioa baino ez dute ekarri Euskal Herrira. Hemendik alde egin dezatela eskatzen diegu polizia torturatzaile guztiei, herri honek dituen arazoen konponbidea ez baita polizia eta errepresio gehiagorekin etorriko".