Iñaki Errazkinen telefono deiak zelatatu zituen Espainiako Poliziak Inazio Uria hil zuten egunean

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 28a, 10:01
Abenduaren 3an, Inazio Uria hil zuten egunean, egindako udalbatzarra.

Horren berri Garzonek aste honetan espetxeratutako ezker abertzaleko 8 lagunen aurkako autoan eman du

Ostiralean atxilotutako ezker abertzaleko Agurtzane Solabarrietarekin Errazkinek izandako telefono elkarrizketa aipatu ditu Garzonek

Inazio Uria hil zuten egunean, orduan Azpeitiko alkate zen ezker abertzaleko Iñaki Errazkinen telefono deiak zelatatu zituen Espainiako Poliziak. Baltasar Garzon epaileak aste honetan espetxeratutako ezker abertzaleko zortzi lagunen aurkako 46 orriko autoan eman du horren berri. Ostiralean atxilotutako ezker abertzaleko Agurtzane Solabarrietarekin Errazkinek, abenduaren 3an, arratsaldez izandako telefono bidezko elkarrizketak aipatzen ditu Garzonek autoan, orduz ordu.

Agurtzane Solabarrieta usurbildarraren telefonoa zelatatu zuen Espainiako Poliziak, eta Solabarrietak egindako dei guztiak entzun zituzten, tartean Azpeitiko alkate ohiarekin izandako solasaldiak. Garzon epailearen autoak jasotzen dituen telefono bidezko elkarrizketak abenduaren 3koak dira, ETAk Inazio Uria hil zuen egunekoak. Atentatuaren ondoren, arratsaldean, egin zuten udalbatzarraren eta ezker abertzaleak bertan aurkeztutako mozioari buruz hitz egin zuten, beti ere Espainiako Poliziaren iturriak aipatuz Garzonek autoan biltzen duenaren arabera.

Datuen babeserako legea, urratuta

Abenduaren 3an, 14:30etik aurrera Solabarrietaren eta Errazkinen artean izandako solasaldiak biltzen ditu autoak, bien telefono pertsonalen zenbakiak ere zehaztuz. Horren harira, atzo, zenbait hedabidetan, Azpeitiko alkate ohiaren telefono pertsonala ere argitaratu zuten, datuen babeserako legeak dioena urratuz.

Abenduaren 3an, ETAk Inazio Uria enpresaburua hil zuen tiroz, Loiolan, 13:00etan. Arratsaldeko, 18:00etan udalbatzarra egin zen Azpeitiko udaletxean, orduan alkate zen Iñaki Errazkinek deituta. Bertan, bi mozio aurkeztu ziren: bata, hautetsi independentistena eta bestea, EAJ, EA eta Aralarrena. Bigarrena onartu zuen Udalbatzak.

Joan den ostiralean atxilotutako ezker abertzaleko zortzi kideetako bat da Agurtzane Solabarrieta. Epaileak Demokrazia 3 Milioi sustatu eta plataforma horren bidez bozetara aurkezten saiatzea egotzi die atxilotutakoei. "ETAren estrategiaren" barruan kokatu du hori, eta atxilotutakoei erakunde armatuko kide izatea leporatu die.