Datorren astelehenean jarriko dute martxan Urrestillarako autobus linea berria

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 27a, 10:01
Osasun etxearen parean egiten du geldialdia L1 autobusak, eta hor geldituko da L2 ere.

Azcue y Cia eta Biele enpresek eta Udalak finantzatuko dute L2 linea; bakoitzak aurrekontuaren herena ordainduko du

Zerbitzu berriari esker, "Urrestillarako komunikazioa nabarmen hobetuko" dela azpimarratu du Udalak

Azpeitiko Udalak Urrestillarako L2 autobus linea berria jarriko du martxan datorren astelehenetik aurrera. Azpeititik Urrestillara eta Urrestillatik Azpeitira joateko hiruna autobus jarriko ditu egunero. Ondorioz, bidean dauden industrialdeetako enpresetarako garraio zerbitzua bermatuko du linea berriak. Dena dela, ez da langileentzat soilik izango, Urrestillara joan-etorria egin nahi duen edozein herritarrek ere erabili ahal izango baitu.

Zerbitzu berriari esker, "Urrestillarako komunikazioa nabarmen hobetuko" dela azpimarratu du Udalak. Izan ere, L2 lineaz gain, L1 eta Beizamarako lineak ere geldituko dira Urrestillan eta "horrek aukera gehiago eskainiko dizkie bertara joan nahi dutenei eta handik Azpeitira etorri nahi dutenei". L2 autobus linea erabiltzen dutenek bidaia bakoitzeko 50 zentimo ordaindu beharko dute. Sarri erabiltzeko asmoa dutenek; hileko bonoa ateratzeko aukera izango dute, 15 euroren truke.

Akordioa finantzaketan

Autobus linea berria finantzatzeko akordioa hilaren 15ean sinatu zuen Azpeitiko Udalak, linea hori babestuko duten Biele eta Azcue y cia. enpresekin. Hitzarmen horren arabera, Udalak garraio zerbitzuaren aurrekontuaren herena ordainduko du eta aipatutako bi enpresek, berriz, gainerako bi herenak. Horrenbestez, L1 autobus linea ordaintzeko finantzaketa eredu bera onartu dute. Izan ere, Corrugados, Metalicas Oñaz eta Bastida Pentsuak enpresek finantzaten dute L1 autobus linea, Udalarekin batera.

Zerbitzuaren nondik norakoak argitzeko, Udalak gutun bat bidaliko die aste honetan herritar guztiei. Horrekin batera, autobusez ibiltzera animatu nahi ditu herritarrak: "Autoz ibiltzeak trafiko arazoak sortzeaz gain, ingurumenari eragiten dion kaltea oso nabarmena da, eta mugikortasun eredu hori ez da batere iraunkorra".

Urrestillarako autobus zerbitzuak

  • Azpetitik Urrestillara eta Urrestillatik Azpeitira joan-etorria egiteko autobus gehiago izango da datorren astelehenetik aurrera, otsailaren 2tik aurrera.
  • Bidaia bakoitzeko 50 zentimo ordaindu beharko ditu bidaiariak; hileko bonoak, berriz, 15 euro balio ditu.

Beizamarako autobus zerbitzua

  • Geltokiak. Igerileku parean eta Betharram aurrean.
  • Azpeititik Urrestillara. 08:10ean, 14:00etan, 17:00etan eta 18:45ean izango dira irteerak.
  • Urrestillatik Azpeitira. 08:00etan, 08:40ean, 14:35ean eta 19:00etan izango dira irteerak.

Linea 1 + Linea 2 autobus zerbitzua

  • Geltokiak. Igerileku parean, Betharram aurrean, azoka aurrean eta Trenaren museoan.
  • Azpeititik Urrestillara. 07:30ean, 12:45ean eta 14:11ean izango dira irteerak.
  • Urrestillatik Azpeitira. 12:10ean, 13:00etan eta 18:30ean izango dira irteerak.