Urte Zahar egunez kirolarekin bi hitzordu

Uztarria.eus 2008ko abe. 30a, 12:12

VIII. San Silbestre lasterketa izango da bihar (asteazkena)

Lagun Onak Mendi Bazkunak Aizkorrira irteera antolatu du

Urteko azken egunean kirol zaleek bi hitzordu izango dituzte. Batetik, zortzigarren urtez, San Silbestre lasterketa herrikoia antolatu du Azkoitiko eta Azpeitiko Xeye Atletismo Taldeak eta bertan adin guztietako herritarrak bilduko dira. Bestetik, Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, Aizkorrira joateko aukera izango da.

Urte Zahar eguna lasterka eginez hasiko dute azpeitiar askok. Ehunka lagunek eman dute VIII. San Silbestren parte-hartzeko izena. Iaz 1.000 parte-hartzaile izan zituen lasterketak eta aurten kopuru hori gaindituko den ikusi beharko da.

Herriko plazan jarriko dute irteera eta helmuga eta bertatik abiatuko dira, 10:30ean, benjamin neska-mutilek. Euren lasterketak 700 metro izango ditu. Hamar minutu geroago, 10:40ean, alebin neska-mutilen txanda izango da. Horiek 1.300 metro egin beharko dituzte eta zirkuitu txikiari bi itzuli eman beharko dizkiete. Itzuli bat gehiago, hiru, izango dira infantil neska-mutilek egin beharko dituztenak; 10:50ean abiatuko dira plazatik.

Gero, 12:00etan hasiko da lasterketa nagusia. Kadeteek zirkuitu handiak dituen 4.150 metroak korritu beharko dituzte. Gainontzeko guztiek 8.300 metro egingo dituzte, zirkuituari bi itzuli emanda.

Aizkorri aldera 7:00etan

Urteko azken egunean korrika egiteaz gain, mendiaz gozatzeko aukera ere izango da. Izan ere, Lagun Onak Mendi Bazkunak Aizkorrira irteera prestatu du. Goizeko zazpietan irtengo du autobusak, plazatik, Otzaurterantz. Handik Aizkorrira joango dira oinez eta ondoren Arantzazura jaitsiko dira. 14:00ak inguruan bueltzeko asmoa dutela adierazi dute antolatzaileek.

Urteberri egunerako beste ibilaldi bat antolatu dute: Erlora. 9:00etan.