Urtarrilaren 17an hartuko du EAJk alkatetza, EAren boto batekin

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 20a, 15:12
Iñaki Errazkin (EAE-ANV) eta Julian Eizmendi (EAJ), 2007ko ekainaren 16an, aurrenak alkatetza lortu zuen udalbatzarrean.

Iñaki Errazkinen kontrako zentsura mozioa sartzeko akordioa lortu dute gaur

Julian Eizmendi izango da berriz ere Azpeitiko alkate, eta gutxiengoan gobernatuko du

EAJk urtarrilaren 17an hartuko du berriro Azpeitiko alkatetza. Julian Eizmendi izango da alkate. EAJren beraren babesa jasoko du orduko udalbatzarrean —zortzi zinegotzi ditu EAJk, Eizmendi bera barne— eta EAko zinegotzi batena —bestearena ez; EAJk badaki—. "EAJk zioen bakarra nahikoa dela, eta guk babes bakarra emango diogu", esan diote Azpeitiko EAko iturriek uztarria.com-i.

Gehiengo osoaren babesa izango du, beraz, Eizmendik —2003-2007 legealdian ere izan zen Azpeitiko alkate—. Gehiengo osoa behar da mozioa sartzeko eta berau aurrera ateratzeko.

Gutxiengoan gobernatuko du EAJk, EAk lehendik jakinarazia baitu, eta gaur hala berretsi du, ez dela udal gobernuan sartuko.

Hain zuzen, gaur (larunbata) lortu dute Azpeitiko EAJk eta EAk Iñaki Errazkin alkatearen aurka zentsura mozioa sartzeko akordioa. Bi alderdiek batzarra egin dute 13:00etatik, eta 14:30ean lortu dute ados jartzea. Bitartean, eten batean, EAJko Azpeitiko taldeak bilera egin du, EAren "eskaintza" bat ontzat jotzeko.

ETAk abenduaren 3an Loiolan Inazio Uria Altuna y Uriako enpresaburua hil ondoren sortu da hori guztia. Egun hartan bertan EAk udal gobernua utzi zuen —iazko ekainetik zegoen ezker abertzaleko taldearekin eta Aralarrekin—, Errazkinen udal taldeak ez zuelako hilketa haren "gaitzespen garbirik" egin. Aralarrek ere utzi egin zuen udal gobernua handik egun batera, eta berehala esan zuen ez zuela zentsura moziorik babestuko.

EAJ hasieratik prest azaldu zen Azpeitiko alkatearen aurkako zentsura mozioa sartzeko, eta EAko zuzendaritza nazionalak baiezkoa eman zion abenduaren 11n (hemen prentsa oharra). "EAJren botere goseak ez du mugarik", salatu zuen abenduaren 13an Azpeitiko ezker abertzaleak.

Abenduaren 11n Gasteizen EAJk eta EAk bilera egin zutenean zentsura mozioaz, Azpeitiko EAko ordezkaririk ez izan han. Bai, aldiz, Azpeitiko EAJkoa: Pello Elorza presidentea. EAJtik Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea eta Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidentea ere egon ziren, eta EAtik Unai Ziarreta presidentea eta Rafa Larreina Antolakuntza idazkaria.

Osteguna zen abenduaren 11, eta hurrengo egunak oso mugituak izan ziren Azpeitiko EAn. Uztarria.com-ek dakienez, batetik, haserre zeuden Gasteizko bileran ez izateagatik eta han lortutako akordioa komunikabideen bidez jakiteagatik, eta, bestetik, ez ziren EAJ Azpeitiko alkatetzan jartzearen aldekoak. Ziarreta bera Azpeitira etorri zen herriko alderdikideekin egotera, Bilbon zeukan prentsaurreko bat bertan bertan utzita —hedabide batzuei esan zien "gaixo" zegoela—.

EAJ udara aurretik ere saiatu zen Errazkin kentzen kargutik. Izan ere, ETAk martxoan Arrasaten Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia hil zuela-eta, maiatzaren 8ko udalbatzarrean EAJk Errazkinen dimisioa eskatu zuen, honek ez zuelako hilketa gaitzetsi. Mozioak ez zuen aurrera irten, EAJ bakarrik geratu zelako. Udal gobernuaren mozioa nagusitu zen. Ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek aldarrikatu zuten Udalak "zilegitasun demokratiko osoa" duela, eta Udala aurrera ateratzeko "bide demokratiko eta baketsuak" erabiltzeko konpromisoa zutela.

EAren azalpena

Abenduaren 11n bezala, oraingoan ere EAko zuzendaritza nazionalak igorri du komunikabideetara gaiari buruzko prentsa oharra, ez Azpeitikoak. "Eusko Alkartasunak bete egiten du ETAk Inazio Uriaren kontra Azpeitian egindako atentatuaren ostean hartutako konpromisoa. Alkatetza aldaketa erraztuko dugu, beraz. Beharrezkoa dela ulertzen dugu, ANVko hautetsiek erakutsitako jarrera ikusita", dio EAren oharrak. "Oposiziotik egingo dugu lan Azpeitiaren alde".

EAk ETAri egozten dio Azpeitiko udal gobernua haustearen ardura. "Atentatuaren erantzukizuna ez ezik, ETAk bere gain hartu beharko du EA eta ANV garatzen ari ziren ildo abertzale eta aurrerakoieko udal gobernuaren haustura ere".

Urtarrilaren 5ean sartuko dute mozioa

EAJk eta EAk urtarrilaren 5ean sartuko dute zentsura mozioa Azpeitiko udaletxean, 10:00etan, bederatzi zinegotzik sinatuta —EAJk zortziek eta EAko batek—. Urtarrilaren 17ko (larunbata) udalbatzarra 12:00etan hasiko da.

Iñaki Errazkin ezker abertzaleko kideak 2007ko ekainaren 16ko udalbatzarrean lortu zuen alkatetza, EAE-ANVk (sei udal ordezkari, Errazkin barne), EAk (bi) eta Aralarrek (bat) akordioa lortuta. 1979tik ordura arte beti EAJkoa izan zen Azpeitiko alkate; 2009ko urtarrilaren 17tik, berriro.

Azpeitiko EAk datorren asteartean batzarra egingo du, Alkartetxean, 21:00etatik.

Kronologia

2007ko maiatzaren 27a. Udal hauteskundeak. Azpeitian EAJk 3.300 boto lortu zituen, EAE-ANVk 2.409, EAk 760, EB-Aralarrek 404, PSE-EEk 343 eta PPk 224. Azpeitiko Udalean 17 hautetsi dira: EAJk 8 lortu zituen, EAE-ANVk 6, EAk 2 eta EB-Aralarrek 1.

2007ko ekainaren 16a. Ustekabea izan zen: EAE-ANVren zerrendaburu Iñaki Errazkin hautatu zuten alkate. 9 boto jaso zituen (EAE-ANVko 6, EAko 2 eta EB-Aralarreko 1); Julian Eizmendik, berriz, 8 (EAJkoak).

2007ko ekainaren 22a. Agintaldiko akordioa aurkeztu zuten udal gobernuko hiru alderdietako kideek: EAE-ANVk, EAk eta EB-Aralarrek. Herritarrei "lasaitasuna, errespetua eta normaltasuna" eskatu zieten.

2008ko maiatzaren 8a. EAJk "mozio etikoa" aurkeztu zuen udaletxean eta EAE-ANVko udal ordezkarien dimisioa eskatu zuen, "indarkeria" ez salatzeagatik. Mozioak EAJkoen botoak bakarrik jaso zituen. Udal Gobernuak beste testu bat adostu zuen eta hura onartu zen; horren arabera "desberdinen arteko akordioek" ekarriko dute konponbidea.

2008ko abenduaren 3a. Inazio Uria Altuna y Uria enpresako buruetako bat hil zuen ETAk Loiolan, 13:05 aldera. 18:00etan ezohiko udalbatzarra egin zuten Azpeitiko Udalean. EAJk, EAk eta Aralarrek aurkeztutako mozioa onartu zuten; hautetsi independentisten mozioa onartu gabe gelditu zen. EAk udal gobernua utzi zuen.

2008ko abenduaren 4a. Aralarrek ere udal gobernua utzi zuen. EAJk zentsura mozioa aurkezteko asmoa azaldu zuen.

2008ko abenduaren 11. EAJk eta EAk bilera egin zuten Gasteizen. Bilera ondoren, EAJk proposatutako mozio zentsura babestuko zuela adierazi zuen EAko zuzendaritza nazionalak.

2008ko abenduaren 20a. Azpeitiko EAJren eta EAren bilera zentsura mozio akordioa adosteko. Akordioa lortu dute.

2009ko urtarrilaren 5a. EAJko zortzi zinegotziek eta EAko bietako batek Iñaki Errazkin alkatearen kontrako zentsura mozioa sartuko dute.

2009ko urtarrilaren 17a. Aipatutako mozioa eztabaidatuko dute udalbatzarrean. Julian Eizmendi jeltzalea izango da EAJren hautagai alkate berri izateko, eta EAk batek ere babestu egingo du.