"EAJren botere goseak ez du mugarik", dio Azpeitiko ezker abertzaleak

Uztarria.eus 2008ko abe. 13a, 17:12
Azpeitiko ezker abertzaleak gaur Betharrametan egin duen agerraldia.

Agerraldia egin du, Inazio Uriaren hilketaz eta ondorengo gertakariez azalpenak emateko; "sufrimendua" bukatzearen eta "gatazkaren konponbidea" lortzearen alde egin du

"EAJ PSOE eta PPren arrazoi eta helburu beraietan oinarrituz" ari dela salatu du, Iñaki Errazkin alkatearen kontrako zentsura mozioa dela-eta

Udaleko ezker abertzaleko taldeak bezala, Inazio Uriaren "hilketak" "samina eta tristura" eragin duela adierazi du gaur (larunbata) Azpeitiko ezker abertzaleak, Betharrametan egindako ekitaldian, eta "euskal herritarron eskubide indibidual eta kolektiboen ukazioa" dagoela deritzo. "Horrek sortzen du gatazka. Korapilo hori askatzetik etorriko da konponbidea". ETAk hil zuen Inazio Uria Altuna y Uriako enpresaburua abenduaren 3an, Loiolan, tiroz.

Ezker abertzaleren ustez, "Azpeitiko eta Euskal Herriko biztanleek sufrimendua amaitzeko eta konponbidearen aldeko lanean murgiltzeko eskatzen diete alderdi politikoei". Berak horrekin bat egiten duela esan du, eta egoera gainditzeko "eskaintza politiko argia, egingarria eta erreala" egina daukala; "ezinbestean euskal herritarron erabakitze eskubidea aitortuko duena".

Bide hori egiteko eragozpenak dituela adierazi du, "ezker abertzalearen kriminalizazioa eta bazterketa politikoa bilatzen dutelako, ezker abertzalearen proiektu politikoa mapatik desagerrarazteko helburuarekin".

Eta, PSOEz eta PPz gain, EAJ kritikatu du. "EAJren botere goseak ez du mugarik. Lehen egunetik abian jarri zuten udal gobernuaren aurkako operazio politikoari forma ematen ari da". Ezker abertzaleak dio EAJk hori ezin izan duela Azpeitian gauzatu eta "Gasteizko bulegoetan kudeatu nahi" duela, "Azpeitiko herritarren borondatearen gainetik; PSOE eta PPren arrazoi eta helburu beraietan oinarrituz".

Hain zuzen, lehengo ostegunean Gasteizen hitzartu zutenez, EAJk eta EAk Iñaki Errazkin alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko dute, jeltzaleen ekimenez, eta EAJk hartuko du alkatetza.

Udaleko ezker abertzaleko taldeak iazko ekainean EArekin eta Aralarrekin akordioa egin zuenetik, Errazkin da alkatea. EAk eta Aralarrek udal gobernua utzi zuten lehengo astean, Errazkinen taldeak ez zuelako Uriaren hilketaren "gaitzespen argirik" egin. Azpeitiko ezker abertzaleak gaur azaldu du EA-Aralarrekin adostutako gobernu akordioa "osotasunean" bere egiten jarraitzen duela. "Abian jarritako bideak atzeraezina beharko luke izan".

Azpeitiko ezker abertzalearen idatzia osorik

"Azpeitiko herria egun gogorrak bizitzen ari da. Inazioren hilketak suposatu duen samina eta tristuran murgildurik dago herria. Hori horrela izanda ere, PNVren botere goseak ez du mugarik. Lehen egunetik abian jarri zuten udal gobernuaren aurkako operazio politikoari forma ematen ari da. Gauzak honela, Azpeitiko ezker abertzaleko kideok gai honen inguruan dugun posizio politikoa argitu beharrean gaude.

Gobernu espainiarra Euskal Herriaren aurkako errepresio estrategian murgildurik dago. *España una, grande y libre* horren defentsan, Euskal Herriaren ukazioa sakontzen jarraitzen du. Eta horretarako ezker abertzalea jo puntuan jarrita, mota guztietako erasoak gauzatzen dihardu: atxiloketa masiboak, tortura neurrigabeak, preso politikoen aurkako politika penitentziario hiltzailea, kriminalizazioa, ilegalizazioak...

PSOE eta PP bidelagun, ezker abertzaleak gobernatzen dituen udalen aurka jotzeko asmo argia azaldu dute Madrilen. Eta horretarako beraien esku dauden arma guztiak erabiltzen ari dira; komunikabideak, polizia desberdinak edota gerra epaitegiak. Finean, ezker abertzalearen kriminalizazioa eta bazterketa politikoa bilatzen dute, ezker abertzalearen proiektu politikoa mapatik desagerrarazteko helburuarekin.

Bitartean, PSOE eta PPren arrazoi eta helburu berdinetan oinarrituz, Azpeitiko ezker abertzalearen aurkako zentsura mozioa bultzatzen ari da PNV. Arrasaten eta gainontzeko udaletan PSOEren eskutik jarri zen abian aipatu operazio politikoa, baina huts egin zuen. Orain, PNV bilakatu da “kondenaren” atzean ezkutatzen den operazio politiko horren bozeramaile, eta Azpeitian jarri du jopuntua. Bereziki larria da herrian garatu ezin duen operazioa, Gasteizko bulegoetan kudeatu nahi izana Azpeitiko herritarren borondatearen gainetik.

Egoera honen aurrean Azpeitiko ezker abertzaleak zera adierazi nahi du:

  • 1. PP-PSOEk diseinatu eta PNVk laguntzen duen errepresio estrategiak gatazkaren luzapena eta sufrimendua besterik ez dakar. Bide horrek interes politiko zikinak ezkutatzen ditu atzean. Agerikoa da, Espainiaren batasuna ziurtatu nahi dute.
  • 2. Azpeitiko eta Euskal Herriko biztanleek, sufrimendu guzti honekin amaitzeko eta konponbidearen aldeko lanean murgiltzeko eskatzen diete alderdi politikoei. Ezker abertzaleak herri sentimendu horrekin bat egiten du.
  • 3. Euskal herritarron eskubide indibidual eta kolektiboen ukazioak sortzen du gatazka. Korapilo hori askatzetik etorriko da konponbidea. Bide horretan ezker abertzaleak du konponbiderako eskaintza politiko argia, egingarria eta erreala. Ezinbestean euskal herritarron erabakitze eskubidea aitortuko duena.
  • 4. Ezker abertzalearen indarra herrian dago. Gure eskaintza politikoak babes zabala du. Eta modu baten zein bestean kolpatzen bagaituzte ere, ez dute herri sentimenduak ezabatzerik lortuko.
  • 5. PNVk bere interesen mesedetan ukatzen badu ere, Azpeitiko udaleko zinegotzi guztiek zilegitasun osoa dute. Herriak aukeratuak izan dira, beraz zilegitasun demokratiko osoa dute. Hori zalantzan jartzea oso larria da.
  • 6. Azpeitiarrok herri eraikuntzan egin nahi dugun bidea erabakitzea azpeitiarroi dagokigu.
  • 7. Azpeitiko ezker abertzaleak, EA-Aralarrekin adostutako gobernu akordioa bere osotasunean bere egiten jarraitzen du.
  • 8. Desberdinen arteko akordio horrek, herritarren gehiengoa ilusionatu eta herritarrak nahiz udala azpeitiaren eraikuntzan elkarlanean aritzeko bidean eman du. Abian jarritako bideak atzeraezina beharko luke izan.
  • 9. Erasoak eraso, Azpeitiko ezker abertzaleko kideok Azpeitia berriaren eraikuntzan burubelarri jarraituko dugu. Euskal Herri libre eta hobeago bat lortzeko bidean gure ekarpena izanen da".