Xabier Euzkitze: "Bertsolaritza utzi izanaren damurik ez daukat"

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 11a, 11:12
Xabier Euzkitze, Zarautzen, 'Xerpa' txakurrarekin.

Gaur 10 urte bota zion bertsolaritzari agurreko bertsoa

"Oso presente" ditu garai haiek, baita erabakia hartzeko arrazoiak ere

"10 urte pasatu dira... nola joaten den denbora!". Xabier Euzkitzek (Azpeitia, 1966) ez dio utzi sekula aurpegi ezaguna izateari, baina gaur 10 urte asteburueroko bertso jardunari planto esatea erabaki zuen. Orduz geroztik, saio bakanak egin ditu eta ez du berriz itzultzeko inolako asmorik. Oraingoz. Xerpa txakurrarekin etorri da elkarrizketara, "gure etxean kasu egiten didan bakarra!". Bitter bat dastatuz, oroitzapenak astintzeari ekin dio. Mahai gainean utzi duen mugikorra behin eta berriz hasi da dardarka, soinu bitxiak ateraz, baina Euzkitzek ez du eten bere hitz jarioa. Garbi eta lasai hitz egin du.

Nola gogoratzen duzu Soraluzeko agur hura?

Une hura bart gertatu balitz bezalaxe gogoratzen dut, oso-oso presente daukat. Soraluzera joan nintzenean nik ez nuen inolaz ere pentsatzen hura izango zenik nire azken saioa. Banuen susmoa pixkanaka-pixkanaka egun hura hurbiltzen ari zela, hainbat markadore banituelako hori adierazten zidatenak. Bertsotan ari nintzela sentsazio arraroak izan nituen, eta erabat lekuz kanpo sentitu nintzen, motibaziorik gabe. Halako batean pentsatu nuen huraxe zela azken saioa, ez zeukan zentzurik jarraitzeak. "Hementxe despeditu behar diat eta kitto!", pentsatu nuen. Egin nuenaren damurik ez dut izan une batez ere. Izatekotan ere beranduegi egin izanaren damua beharko nuke. Hartu dudan erabakirik zuzenenetako bat izan zen, zalantzarik gabe. Azken bertsoa kantatu ondoren, zama handi bat kendu nuela sentitu nuen.

Markadoreak aipatu dituzu. Zerk piztu zuen alarma gorria?

Nire baitan aldaketa nabarmen bat sentitu nuen bertsotan hasi nintzeeko garaietatik bukaerako horietara. Saioetarako deitzen zidatenean sentipena ez zen hain ezberdina, ilusioa egiten zidan. Alde ikaragarria sumatu nuen, ordea, bertsotara joateko autoa hartu behar nuenean. Hasieran ilusioz gainezka abiatzen nintzen. Azken garai haietan, berriz, bezperan tripako mina sortzen zidan, zergatik eman ote nuen baietza... BaraƱainen oso garbi ikusi nuen: larunbat gauean autoa hartu, ordu eta erdiko bidea egin, esandako lekura iritsi eta antolatzaileak saioa bertan behera gelditu zela esan zidanean nik sekulako poza hartu nuen. Ez nien buelta ematen sentipen haiei eta hala ezin zela jarraitu ikusi nuen.

Zerk zekarren deserosotasuna? Zein zen atzeko arrazoia?

Bertsotan aritzeko jendearekiko gertutatasuna eta goxotasuna behar dira. Bertsolaririk maitatuena sentituko ez baldin bazara ere, gutxieneko hurbiltasuna sentitu egin behar da. Nik ez nuen behar adinakorik sentitzen. Bakardade handi samarra ere sentitu izan nuen zenbait aldarrikapenetan, eta neure baitan pentsatzen nuen hura ere ez zela errealitatearen isla. Ez zen posible nik egin nahi nituen aldarrikapenetan hain bakarrik ibili beharra, ustez hain zabala zen bertso munduan.

Zer motatako aldarrikapenak?

Politikoak, batik bat. Esate baterako, ETAk Aldaia enpresaburua bahitu zuenean, Aldaia askatzearen alde kantatzeko eskatu zidaten. Nik hasieran ezetz esan nuen, berriz ere nik bakarrik soilik abestu beharko nuela ikusten nuelako. Joxe Lizasori deitzeko esan nien azkenean antolatzaileei, eta biok joan ginen abestera. Hori adibide bat besterik ez da.

Bertsotan, diskurtso politiko jakin batek besteak baino harrera hobea duela esan nahi al duzu?

Orduan behintzat bai. Akordatzen naiz nola Aretxabaletan Aldaia askatzeko eskatu nuen, eta erreakzioa oso-oso gogoan dut: bertsoaren amaieran hiru segundo pasatu eta jendeak isilik jarraitzen zuen. Halako batean, entzule bat hasi zen txaloak jotzen eta sumatu zen jende asko zegoela nik esandakoari txalo jotzeko prest. Baina norbait ausartu zelako lehenbiziko txaloa jotzen. Presoak Euskal Herrira hurbiltzea eskatu izan banu, berriz, hiru segundoko isilunerik ez zen izango inondik inora. Gauza horiekin apurka apurka erre egiten zara. Bestalde, ez dizut ukatuko, neu ere egoera pertsonal oso-oso zailean nengoen, emaztearengandik banatzen ari nintzen-eta.

Jende askok aipatu izan du, zu ETBko albistegietako aurkezle izatea izan zela uzteko arrazoia.

Nik ez diot teoria horri baliorik ematen. Ulertzen dut ondorio horretara iritsi zenaren arrazoibidea, baina ez nator bat. Besteak beste, oso garbi ikusi izan dugulako bolada batean ezker abertzalearekin oso lerratutako pertsona batek ere aurkeztu zituela ETBko albistegiak eta hark ez zuen inolako ondoriorik jaso. Inolakorik ez.

Dena den, azken urteetan egin dituzu saio bakan batzuk, ezta?

Utzita ere, urtero Artaditik izaten nuen abisua. Toki berezia da niretzat. Ume-umetatik igandero hara joan ohi ginen bazkaltzera eta eguna pasatzera. Oraindik estali gabea zen frontoian izerdi asko ateratakoak gara. Gainera, Lazkao Txiki ere han ikusi nuen bizirik azkeneko aldiz, eta urte mordo batean elkarrekin han abestutakoak ginen. Ez da edozein plazaren pareko, badu aparteko zerbait. Handik ere erretiratuta nengoen, ordea, eta deitzen jarraitzen zuten. Baina niri deitzen zidan gizon hura istripu baten ondorioz hil egin zen, eta hurrengo urtean berriz ere mesedez eskatu zidaten. Baiezkoa eman nien, baina karteletan ez agertzeko baldintzarekin. Azken 4-5 urtetan han abestu izan dut. Bestalde, Uztarriako elkarrizketa batean aipatu nuen berriz kantatzekotan toki berezia batean izan beharko zuela, eta Soraluzetik deitu zidaten agur hura aipatuz. Azken bi urteetan han ere abestu dut, baina ez dut salbuespen gehiago egiteko gogorik. Plazetara itzultzeko inolako asmorik ez daukat.

Eta saio horietan nola ibili zara?

Asko gozatu dut. Oso suelto eta libre ikusi dut nire burua, erraz aritu naiz. Artadira, gainera, semearekin joan nintzen.

Telebista

Bi urte eta erdi daramatza Xabier Euzkitzek ETB1eko Kalaka saioa aurkezten eta 35.000 ikusle inguru lortu ditu azken asteetan, "dagoen konpetentzia kontuan hartuta ez da gutxi". Egindako bidearekin "oso-oso gustura" agertu da: "ETB1n egiteko zegoen bide bat ari gara egiten eta prime time-ko exigentzia handiei oso ondo ari gara eusten". Programak Aste Santura arte jarraituko duela baieztatu diote orain gutxi eta "oso pozik" hartu du albistea.

ETBko eta Euskadi Irratiko tertulietan, batzuetan ematen du beti hizlari berberak dabiltzala biraka.

Baina asko Kalaka-tik sortuak dira, erabat birjin zeudenak atera ditugu: Jose Andres Etxeberria, Markos Zapiain, Koldo Goitia... Guk ahalegin handia egiten dugu alde horretatik. Bestalde, kontuan hartu behar da euskal munduak zer ematen duen. Hemen garenak gara, eta askoz gehiago eman dezakeenik ere ez daukat garbi. ETBren baitan ere saioek gonbidatu berberengatik borrokan ibili behar izaten dugu. Gure ahalegina emaitza onak ematen ari dela uste dut eta jarraitzeko asmoa dugu.

Telebistan hainbeste eginda, kamera piztu aurretik oraindik ere urduritasunik izaten al duzu?

Bai, tentsio puntu bat beti izaten da. Teorian dena kontrolpean dago, baina azkenean, praktikan distira eman behar diozu, eta aurkezle naizen heinean badakit neurri batean neuri dagokidala lan hori. Lortzen ez baldin bada, neurri handian erantzukizuna ere neurea da. Horrek tentsioa eransten dio, batez ere zuzenekoan.

Beti hizkera garbiarekin eta jarrera politikoki zuzenarekin ikusten dugun Euzkitzek, noizbait irteten al du bere onetik?

Ni ezagutzen nautenek badakite ni jenio bizikoa naizela, ez egin horren zalantzarik. Ateratzen naiz neure onetik, nahiz eta jenioari eusteko mekanismoak oso landuak izan. Purrustadak ere egiten ditut, baita komunikabideetan ere. Ez dut uste zuzentasun politiko horri asko jarraitzen diodanik Noticias de Gipuzkoa egunkariko iritzi artikuluetan, esaterako.

Nola orekatu daitezke euskara batua eta beste hizkerak, azken emaitza ikus-entzuleek artifizialtzat jo ez dezaten?

Ni euskara batuaren defendatzaile sutsua naiz oso; gaur egun daukagun eredua asko baloratzen dut eta uste dut oso-oso bide zabalak irekitzen dizkigula. Artifizialtasuna ez dago euskara batuan, behar besteko naturaltasunez eta freskotasunez erabiltzen ez dakienaren gabezietan baizik. Xabier Usabiaga edo Fermin Aramendi esatari onak dira; euskara batuan naritzen dira, eta ez dira artifizialak. Euskalkiek beraien presentziatxo bat behar dute, baina nik ez dut batere garbi ikusten aurkezle nagusia bere herrian balego bezala aritzea. Lehenbizi, bere helburu nagusia ez duelako lortzen: ahalik eta jende gehienak ulertzea. Ondo aztertu beharreko gauzak dira.

EITBn nola zaintzen da euskara?

ETB berandu hasi zen lan horretan, baina urrats sendoak eta egokiak eman ditu azken urteetan. Euskara arduradunen taldeak oso lan ona egiten du. Orain dela 12 urte baino errazagoa da euskara egokia erabiltzea, markatutako bidea oso egokia izan delako. Askoz amorrazio handiagoa ematen dit ETBn egin den lana irratian ez aprobetxatu izanak, Euskadi Irratian eta Gaztean. Norberaren jarrerak ere asko eragiten du horretan. Erakundeak lan bat egiten badu, baina kazetariok ez baldin badiogu baliorik ematen, alferrik da. Telebistan euskaraz lan egitea zailtasun handiak dituen eginkizuna da.

Parisko aireportukoa eta beste zenbait bertso printza

Bertso girotik ia erabat urrunduta egon da urte askoan Euzkitze, harik eta semeak eskatuta aurtengo Euskal Jaietan berriz ere bertsosaio batera joan den arte. Aner semea oso bertsozalea du eta asteburutan pilota partidetara laguntzen dionean, autoan punttuka aritzen dira biak.Behin Parisko aireportuan egon behar izan zuten biek zazpi ordu luzez eta Aner lasaitzeko modu bakarra bere magalean hartu eta etenik gabe bertsoak abestea izan zuen Euzkitzek.

Bertso eskolak zabaldu izanak, neurri batean "gehiegizko teknifikazioa eta uniformizazioa" ekarri duten irudipena du: "Freskotasuna kendu dio bertsoari".

Zer errima du Euzkitzek? "Niri bota didaten bertsorik politenak esgintze, kintze eta printze zituen".

Eta nork irabaziko du datorren txapelketa nagusia? "EgaƱak izena eman behar al du?".

Soraluzeko agurra

1998ko abenduaren 11n, Soraluzen, saioaren agurrean Euzkitzek bota zuen bertsoa.

Bertsoak denetik du
gazi eta gozo,
batzuetan gazitik
gehiegi akaso.
Kasik atzo goizean
esan nuen kaixo,
agurrera iritsi naiz
pausorik pauso.
Adio bertsozale
maite zaitut oso.