Pastoraltzak abian du presoen aldeko 'Familia eta espetxea' Gabonetako kanpaina

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 10a, 17:12

Martuteneko presoei baliagarri zaien materiala jasoko dute Azpeitiko parrokian hilaren 20ra arte

"Guretzat txikikeria bat den edozerk ikaragarrizko ilusioa egiten die presoei"

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako presoei laguntzeko, Pastoraltzak Martuteneko presoen aldeko Gabonetako kanpaina antolatu du beste behin ere: Familia eta espetxea. Abenduaren 20a arte, hiru herrietako parrokietan jasoko dituzte presoei espetxeetan baliagarri zaizkien objetuak. Parrokiez gain, Azkoitiko Kantzelean ere jasoko dituzte opariak, 10:30etik 12:00etara.

Hurbiltasuna erakusteko

Kanpaina horren helburua da Gabonak familiarekin igaro ezin dituzten presoei "hurbiltasuna erakustea eta eskuzabaltasunaren seinale izango den opari txiki bat eskaintzea". Izan ere, "presoentzat Eguberria ez da izaten ilusioz eta alaitasunez itxaroten den jaia. Tristura izaten da sentimendurik zabalduena", adierazi dute Pastoraltzakoek.

"Guretzat txikikeria bat den edozerk ikaragarrizko ilusioa egiten die presoei", gaineratu dute kanpaina abian jarri dutenek.

Eman daitekeen materiala
- Gosaritarako katiluak (plastiko gogorrekoak, ez handiegiak).
- Galtzerdiak.
- Tabako gorria eta metxeroak.
- Hortzak garbitzeko pasta eta hortz eskuilak.
- Pilak.
- Turroia (biguna).
- Barruko arropa berria (gizonentzat eta emakumeentzat).
- Telefono txartelak.
- Kartazalak eta zigiluak.
- Garbitzeko gela.
- Desodorantea (barra).
- Azkazalak moztekoa.