Mendi Astea batzar nagusiarekin hasiko du Lagun Onak-ek

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 10a, 10:12
Mendi Asteko kartela.

Euskal mendizaletasunari buruzko hiru proiekzio emango dira datorren asteartetik aurrera

Larunbatean bazkideek batzarra egingo dute 19:00etan, elkartean bertan

Datorren larunbatean hasiko dute Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek aurtengo bigarren Mendi Astea. Lehenbizi, urteko batzar nagusia egingo dute 19:00etan elkartean bertan, eta ondoren, afariaz gozatuko dute bertan bildutako bazkideek.

Elkartetik adierazi dutenez, bazkide guztiak bai batzarrean bai afarian parte hartzera gonbidatuta daude. Dena den, guztia antolatu ahal izateko, afaltzera gelditu nahi duenak izena eman beharko du tabernan abenduaren 11 baino lehen.

Aurten hiru proiekzio

Abenduaren 16an ekingo diete urtero Mendi Astean zehar eskaini ohi dituzten proiekzioei. Euskal mendizaletasunari buruzko hiru bideo izango dira aurten ikusgai.

Lehena Cañones y barrancos de Euskal Herria izango da, Koldo Alavaren eskutik. Al filo de lo imposible telebista saioan jardundakoa da Koldo Alava eta arroila-jaitsiretan espezialista da.

Bigarren proiekzioa asteazkenean izango da. Zero azpitik dokumentala emango du Gorka Beobide azpeitiarrak.

Ostegunean, Antxon Iturriza mendi kronikariak Historia del montañismo vasco 2ª parte: del Pirineo al Everest proiekzioa eskainiko du. Proiekzio guztiak Enparan dorretxean izango dira, 20:30etik aurrera.