Kontseiluaren 10. urteurreneko ospakizunera joateko autobusa jarri dute

Uztarria.eus 2008ko abe. 9a, 18:12

Larunbatean (abenduak 13) izango da ekitaldia, Barakaldon, BECen, 18:00etatik aurrera

Azpeititik joango den autobuserako izena Orkatz eta Eperra tabernetan edo Uztarriaren egoitzan eman behar da, ostegun eguerdirako

Kontseiluak datorren larunbatean, abenduak 13, ospatuko du bere 10. urteurreneko ekitaldi nagusia. Barakaldon izango da, BECen, 18:00etan hasita, Euskaraz bai. Pauso bat harago leloarekin.

Ahalik eta euskaltzale gehien elkartzea da Kontseiluaren helburua. Horretarako, doako gonbidapenak banatu eta hainbat herritatik Barakaldora joateko autobusak jarri dituzte. Herriz herri Euskaraz bai adierazpena zabalduz eta abenduaren 13ko hitzordua iragarriz ere egin dituzte ekitaldiak, Azpeitian eginikoa bezala.

Azpeititik BECeko ekitaldira joan nahi dutenek ere izango dute autobusa eskura larunbatean. 16:45ean aterako da, anbulatorio aurretik. Autobusean joan nahi dutenek aurrez izena eman behar dute, hiru toki hauetakoren batean: Orkatz Kultur Elkartea, Eperra edo Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi, 1 behea). Izen-emateko epea ostegun eguerdian itxiko da.

Ekitaldirako gonbidapenak autobusean bertan banatuko dituzte. Gonbidapenak doakoak dira, ordaindu beharrekoa garraioarena izango da, baina hori ere autobusean bertan egin beharko da.