Bertso Parrandan Zapio taldeak finalerako txartela lortu du

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 8a, 10:12

Finalaren aurreko lehen saioa joan den ostiralean jokatu zuen Azkoitiko Zurt tabernan Neli taldearen kontra

Ostiral honetan bigarren finalaurrekoa jokatuko dute Aure eta Man taldeek

Bertso Parrandako lehen finalaurrekoa joan den ostiralean jokatu zen Neli eta Zapio taldeen artean. Azkoitiko Zurt taberna izan zen bertsolarien eta ikusleen bilgune. "Zortziko handian eta bakarkako lanean egindako lanari esker, Zapiok hartu zigun aurrea", azaldu dute Neli taldekoek. Finalaurrekoa irabazita, finalerako txartela lortu dute Zapio taldea osatzen duten Izaro Zinkunegik, Egoitz Alkortak eta Jokin Sudupe Pio-k.

Neli taldea kanporatua

Neli taldea osatzen duten bertsolarien lana, berriz, finalaurrekoan gelditu da; Nekane Zinkunegi, Eneritz Artetxe eta Lide Rekondo dira Neli taldeko partaideak. Kanporaketa saioan bezalaxe, oraingo honetan ere agurrak prestatuta eraman dituzte eta jendeak "ongi" hartu zituela diote. Bertso saioak iraun zuen bitartean, Zurt taberna jendez beteta egon zen.

Hurrengo saioa, Trintxeran

Finala jokatuko duen bigarren taldea zein izango den ostiral honetan erabakiko da, 23:00etatik aurrera Errezilgo Trintxera jatetxean izango den finalaurrekoan. Bertan, Aurek taldeak (Eneritz Arzallus, Jokin Uranga eta Silvia Etxaniz) Man taldearen (Haritz Etxeberria Ministro, Ander Urbieta eta Naparra) kontra jardungo du.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatu du oraingo honetan ere Bertso Parranda; aurtengoa, laugarrena da. Finala, hilaren 30ean izango da, 23:00etan, Azpeitiko Gaztetxean.