Inazio Uriaren karta-jokoko kuadrilak "ondoeza eta haserrea" agertu du 'El Mundo'-ren erabilpenarekin

Uztarria.eus 2008ko abe. 7a, 21:12
'El Mundo' egunkariaren abenduaren 4ko azala.

Hildako enpresariaren lagunek haren "omenaldi" gisa kartetan egin zuten atentatu ondoren, eta Espainiako egunkariak azalean atera zituen argazki batean, kritika eginez

"Muntaia, eta manipulazio mespretxagarri eta makurra" izan zen Uriaren lagunen ustez; Carlos Iturgaitz PPko europarlamentaria ere kritikatu dute gutun bategatik

ETAk asteazkenean (abenduaren 3an) hil zuen Inazio Uria (Azpeitia, 71 urte) enpresaria, Loiolan, Kiruri kafetegi-jatetxe parean. 13:00ak inguru ziren. Erasotu ez balute, Uria 14:30erako handik 300 bat metrora egongo litzateke, Uranganeko kafetegian, kartetan egiteko prest lagunekin. Atentatu ondoren ere lagunak joan ziren Urangarena, pare bat orduz hizketan jardun zuten eta, Uriaren "omenaldi" gisa, 16:30ak aldera jokoan hasi ziren. El Mundo Espainiako egunkariko argazkilari batek argazkia atera zien eta kazetak hurrengo eguneko azalean atera zituen, kritika eginez jarrera horregatik.

Hain zuzen, abenduaren 4ko egunkariko azalean goian Inazio Uria ageri zen, zerraldo. Argazki horren azpian, beste irudi bat: haren lagunak karta jokoan. El Mundo-ren azaleko izenburua eta testua : "...baina partidak aurrera jarraitzen du" ('...pero la partida continúa. / La cuadrilla no perdonó la partida de tute de ayer. Dos balas impidieron que Ignacio, el más puntual de todos, se acomodara en su silla frente a la ventana y pidiese su café y su farias. "Nunca traía mechero, así que si querías jugar con él tenías que traer fuego", comenta uno de sus habituales en una pausa').

Uria zenaren karta-jokoko lagunek gaur (igandea) prentsa oharra atera, eta "ondoeza eta haserrea" agertu dute El Mundo-rekin. "Muntaia" egin zuela deritzote, "manipulazio mespretxagarri eta makurra".

Horretaz gain, El Mundo-ko argazkilaria Uranganean eurekin "sekula" ez zela identifikatu diote, "eta baimenik eskatu gabe atera zituen argazkiak. Izenburu bat aurrefabrikatu zuen eta, ondoren, argazki bat lapurtu zuen buruan zuen istorioa irudiz hornitzeko; inolaz ere ez gertatutakoa islatzeko".

Hurrengo egunean (abenduaren 5ean), gainera, Carlos Iturgaitz PPko europarlamentariak egunkari berean iritzi artikulua atera zuen (Las cuarenta en bastos), Uranganeko argazki hartan zeudenen jarrera kritikatuz. Uriaren lagun haiei ez zaie gustatu Iturgaitzen idatzia ere. "Zuk eta zu bezalako jendeak sentsazionalismoa erabiltzen duzue, euskal gizartearen inguruko irudi desitxuratua ematen jarraitzeko", diote gaur zabaldutako eskutitzean.

"Gu karta-jokoan aritu ginen, beilatokira joan ginen familia kontsolatzera, hildakoaren alde errezatu genuen, hileta-elizkizunetan izan ginen eta ondorengo agerraldian ere parte hartu genuen… Iturgaiz jauna, ez al dituzu beste argazki horiek? Horretaz ari garela, non zeunden zu?", galdetu diote PPko europarlamentariari.

Gutuna osorik

El Mundo egunkariaren errenuntzioa

"Inazio Uria orain gutxi eraildako enpresaburuaren Uranga kafetegiko karta-jokoko adiskideok, gure ondoez eta haserrea azaldu nahi ditugu iritzi publikoaren aurrean. El Mundo egunkariaren eta komunikabide horretako kolaboratzaile den Carlos Iturgaitz europarlamentariaren aldetik jasandako manipulazio mespretxagarri eta makurra salatu nahi ditugu.

1. Lehendabizi, gure gaitzespen handiena El Mundo egunkariak abenduaren 4ko alean argitaratutako azaleko muntaiari zuzendua da. Guztiz manipulatuak sentitzen gara komunikabide horrek gertaera tamalgarri horren inguruan egindako tratamendu informatiboaren aurrean.

Ez da kasualitate bat egun horretan egin zitekeen argazkirik makabroena erabiltzea egunkariaren azala irudiz hornitzeko, eta ondoan, azalean bertan, karta-jokoko bere adiskideen beste argazki bat jartzea zorigaiztoko atentatua ospatzen ari balira bezala.

Kazetari baten egitekoa, lehenik eta behin, informatzea da, ondoren irakurleari jazotako gertaeraren berri eman nahi badio bederen. El Mundo egunkariko kazetaria ez zen sekula identifikatu eta baimenik eskatu gabe atera zituen argazkiak. Gainera, ez zen inoiz gerturatu koadrilarengana gertaeraren inguruko galderak egitera. Bere prozedura oso bestelakoa izan zen: izenburu bat aurrefabrikatu zuen eta, ondoren, argazki bat lapurtu zuen buruan zuen istorioa irudiz hornitzeko; inolaz ere ez gertatutakoa islatzeko. Izan ere, errealitateak titular on bat izorra ez diezaion lan egiten duten kazetariak ere badira…

Bidean, alde batera utzi zuen gertatutakoaren aurrean atsekabetuta zeuden adiskideek bi orduko hizketaldi luzearen ostean erabaki zutela karta-jokoari ekitea, zendutako lagun minari zuzendutako omenaldi xume gisa. Beraz, nori egotzi behar zaio eskrupulu falta, jokoko mahaikideei edota profesionalaren praxi kaxkarrari?

2. Bezperako muntaia fotografikoak harri eta zur utzi bagintuen, gure txundidura areagotu egin zen Carlos Iturgaitz europarlamentariak abenduaren 5ean egunkari berean argitaratutako iritzi artikulua irakurri ondoren.

Las cuarenta en bastos izenburupean, egileak barrua hustu zuen ondorengo adjektibo kalifikatzaileak eskainiaz: miserableak, koldarrak, ezmoralak, lotsagarriak, bihotz-gabeak etab. Gainera, idatzia biribiltzeko, ondorengo harribitxia jaurti zuen amaieran: “(…) gutxienez espero dut Inazio Uriak haratago aurkitzen duen koadrilak karta-jokoko adiskide zaharrak baino duintasun, gizatasun, eskrupulu eta moral gehiago izatea (…)”.

Iturgaitz jauna, a zer-nolako mokadu goxoa prestatu zizuna bezperan El Mundo egunkariak gure argazkia argitaratuta… Hori poza zurea, barnean daramazun sumindura gaixoa deskalifikazio bidez hustu ondoren argazki bidez baino ezagutzen ez dituzun pertsonengan. Zure komunikabideak ziztatzeko apropos jarritako amuari hozka egin zenion. Ez zinen sineskortasunez erori amarruan, ez horixe, gogo onez baizik.

Zuk eta zu bezalako jendeak sentsazionalismoa erabiltzen duzue, euskal gizartearen inguruko irudi desitxuratua ematen jarraitzeko. Izan ere, terrorismoa eta egunotan bizitakoa bezalako zorigaitzak beharrezkoak dituzue herri baten sentimendu zintzoekin jolasteko.

Eurodiputatu jauna, karta-jokoko adiskideok uste dugu zuk bezain beste, edota gehiago agian, duintasun eta gizatasun ditugula. Dena dela, ziur gaudena zera da, Inazio Uriak, dagoen lekuan dagoela, tutean aritzeko aukeratuko ez lukeen bikotea zerorri izango zinatekeela, ‘errenuntzioan’ harrapatu zaitugulako. Gu karta-jokoan aritu ginen, beilatokira joan ginen familia kontsolatzera, hildakoaren alde errezatu genuen, hileta-elizkizunetan izan ginen eta ondorengo agerraldian ere parte hartu genuen… Iturgaitz jauna, ez al dituzu beste argazki horiek? Horretaz ari garela, non zeunden zu?".

Inazio Uriaren karta-jokoko kuadrila (Azpeitia)