Pedro Luengo: "Inbidia ematen zidan Arte Ederretako ikasleei zer egiten zuten entzuteak"

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 7a, 18:12
Pedro Luengo.

Azpeitiarrak lehen aldiz erakutsiko ditu bere lanak

Bi urtez landu dituen margolanen bilduma ikusgai dago Azkoitian, datorren asteburua arte

Pedro Luengo (Azpeitia, 1969) duela zortzi urte inguru hasi zen margo eskolak hartzen, baina, txiki-txikitatik datorkio zaletasuna: irakaslea hizketan ari zen bitartean orri ertzetan zirriborroak egiten ibiltzen zela aitortu du. Dena den, zaletu soila dela argi utzi du. Asteburu honetan eta hurrengoan Azkoitiko Torrezurin aretoan ikusgai egongo da bere lehekin osatutako erakusketa.

Nola hasi zinen margotzen?

Duela zortzi urte inguru hasi nintzen Diarten eskolak hartzen. Pastelarekin hasi nintzen han, baina ez nintzen oso ondo moldatzen. Akuarela ere egin nuen, eta etxean ere dezente jardun nuen, baina utzi egin nuen. Eta orain olioekin margotzen dut, hori gustatzen zait gehienbat. Larunbat goizetan joaten naiz Diegorenera; oso giro ona dugu han. Gainera, emaitzak ikusten joaten zara. Hasieran, Diegok berak ukituak ematen zizkidan, neuk ezin nuen, nahita ere, margolan bat osorik egin. Orain dela gutxi hasi nintzen koadroak amaitzen.

Ez al zenuen inoiz pentsatu Arte Ederrak ikastea?

Bai, baina, etorkizunean-eta pentsatzen duzu. Zuzenbidea ala ekonomia... eta ekonomia ikasi nuen azkenean. Baina, inbidia ematen zidaten Arte Ederretakoek egiten zituztenak esaten zituztenean. Damu puntu bat badut, beti gustatu izan baitzait hori guztia, diseinua eta artea orokorrean. Gertatzen da, beti segurura jotzen dugula.

Zure lehen erakusketa da Azkoitian zabaldu duzun hau.

Bai, lehena da, eta Azkoitian egingo dut Azpeitian ez zegoelako lokal egokirik. Nahiago nuen Azpeitian egin jendearentzako ere erosoagoa delako, lagunetatik hasita. Baina aurrerago egingo ditugu gehiago.

Zer margotzea gustatzen zaizu gehien?

Batez ere pertsonak, hegoamerikarrak eta beltzak. Estetika pobrea gustatzen zait, triste samarra. Hiri paisajeak eta zonalde industrialak ere asko gustatzen zaizkit.

Zein kolore erabiltzen dituzu?

Hiru kolore erabili ditut erakusketa honetako koadroetan: marroia, zuria eta beltza, eta hori da guztiak lotzen dituen ezaugarria. Gai aldetik beltzak, haurrak, indiarrak, hegoamerikarrak, Beirut hiria, emakumeak eta abar marraztu ditut, baina koloreak batzen ditu denak.

Zaila al da hain kolore gutxikiren errealismoa lortzea?

Zaila eta erraza, azkenean oso erosoa da ez baitaukazu kolore asko nahastu beharrik. Baina, noski, hiru kolorerekin grazia eman behar diezu. Erronka moduko bat da.

Nola sortu zen erakusketa hau jartzeko ideia?

Koadro batzuk egin eta jendeari erakusten hasi nintzen eta politak zirela esaten zidaten. Eta aurrera egitera animatu nintzen. Banuen margotzeko motibo edo gai bat eta horrek laguntzen dit. Baina nahi gabe ateratzen joan da. Lagunek esaten zidaten beti esaten nuela noizbait erakutsiko nituela. Asmo hori banuen, beraz, baina inkontzienteki atera da. Koadroak pilatzen joan dira eta erakusteko aukera ikusi nuen. Bi urteko lana izan da guztira.

Aurrerago beste erakusketarik egiteko asmorik ba al duzu?

Asmoa badaukat, bai, nire margolanak jendeari gustatzen zaizkiola ikusten baitut. Oso gustura sentitzen naiz margotzen.

Irakasleak zer esaten dizu?

Berari galdetu izan diot: "Ondo ez daudela ikusiko bazenu esango zenidake ezta?". Nire ustez margolanak erakusteko maila bat eman behar da, teknika eta abar. Neuk nahiko garbi izan dut, ordea, zer nahi nuen eta nahi izan dudana egin dut. Azken finean , jendeari gustatu ala ez gustatu, neuretzako margotzen dut.

Zein margolari gustatzen zaizkizu?

Dali asko gustatzen zait, baita Picasso ere, baina kubismoaren aurretik egin zuena. Eta gai aldetik asko gustatzen zait Antonio Lopez, komun eta sukalde zaharrak margotzen ditu.

Ez al dizu penarik ematen margolanak saltzeak?

Batzuek bai, ematen didate, baina, azken finean erakusketarako egin ditut. Bakarren bati puntu gorri jarriko diot, ordea.

Erakusketa

Lekua. Torrezurin, Azkoitiko Enparantzan.
Ordutegia. Igandea eta astelehena 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Datorren asteburuan ostiralean 18:00etatik 20:30era eta larunbatean eta igandean goiz eta arratsalde.