Epaitegia Inazio Uria omenduz inauguratuko dute

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 7a, 20:12

Hilaren 15ean irekiko dute Euskal Herria kalean dagoen epaitegia

Altuna y Uria enpresak jardun du eraberritzeko lanetan

Azpeitiko epaitegia eraberritu egin dute eta lanak bukatuta daude dagoeneko. Eusko Jaurlaritzako Justizia sailak adierazi duenez, epaitegiaren inaugurazio ekitaldian Inazio Uria zena omenduko dute. Izan ere, Altuna y Uria enpresak epaitegia eraberritzeko lanetan jardun du, Korostel enpresarekin aldi baterako enpresa-elkartea osatuta. Hilaren 15ean izango da inaugurazio ekitaldia.

Euskal Herria kalean dagoen epaitegiaren eraikina eraberritzeko lanak iazko otsailean hasi zituzten; orduan jarri zuten lehen harria. Ekitaldi hartan Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte sailburuak parte hartu zuen.

Euskal Herria kaleko eraikinean berrikuntzekin ari diren bitartean, epaitegia Izarraitz pilotaleku azpiko lokaletan dago; 2006ko urriaren 6tik, hain zuzen ere.